Erreportajeak

«Instrumentuak berak garrantzia dauka, baina saxoan, arazoen %90 bokillatik atzera daude»

Kronika - Erredakzioa 2017ko mai. 20a, 02:00

Iruñan, Nafarroako Goi Mai­la­ko Musika Kontserbatorioan egin ditu Aritz Ostolaza Ba­sur­to her­naniarrak, saxofoiko jazz ikasketak. Ekainean egingo du karrera amaierako azterketa, eta lehenago, azterketarako pres­­­ta­tu­tako kontzertuarekin go­­zatzeko aukera izango da Hernanin.
Milagrosan emango du kon­tzertua, datorren ostiralean, hilak 26, 20:00etan. Bertan lagun izango ditu Alfonso de Miguel, bateria-jole murtziarra; Roman Cubelos kontrabaxu-jole aragoitarra; eta Ander Unsaga piano-jole bilbotarra. Sarrerak salgai daude dagoeneko, Zazpi euroan, Biterin.

Kurtso bukaera, karrera amaiera, kontzertua... Urduri?
Kontzertuarekin, ez gehiegi. Zaragozan eman ditut kontzertu pare bat maiatza hasieran, ikusteko nola funtzionatzen duen, eta soinua eta irudia grabatu eta irakasleari erakustsi dizkiot. Horiek ikusita, ez omen dago arduratuta.

Beste musikari batzuk
lagunduko dizute
kontzertuan. Zergatik hauek? Konfiantza garrantzitsua da?

Argi neukan hauekin jo nahi nue­la, Kontserbatorioko kideak baitira. Bateria-joleak, Alfon­­so de Miguelek, duela bi urte bukatu zituen ikasketak, eta kontrabajistak, Roman Cube­lo­sek, iaz; nere audizio guztiak tragatu ditu! Azkenean, lau urtetan jende askorekin jotzen duzu. Audizioetan, gure ka­su­an behintzat, guk bilatu behar dugu norekin jo. Gure artean moldatzen gara. Nik ere beste batzuen karrera amaieretan jo izan dut; lehengo urtean, kontrabajistarenean. Hauekin jo­tzen dut erosoen. Konfiantza ematen didate, lasaitasuna. Badakit nola jotzen duten eta zein profesionalak diren.

Kontzertua prestatzean,
gainera, kantu propioak ere sortu dituzu. Konposizioa ere ikasi duzu ala?

Zazpi kantuetako bost izango dira nireak. Hiru kurtsotan izan dut konposizio klasea, Iñaki Askunze irakaslearekin. Saxofoi-jolea ere bada. Big Bandeko zuzendaria da, eta jotzen dugun ia guztia berea da, edo berak egindako moldaketa. Saxo irakasleak, Alberto Artetak askatasun haundia ematen digu. Zorte haundia izan dut berarekin. Harentzat, karrera amaierako kontzertua da bakoitzak nahi duena egiteko; ahal dela, proiektu propioa, salgarria egiteko, etorkizunean segida izango duena. izaten dira beste irakasle batzuk, derrigortzen zaituztenak hainbat estilotako piezak jotzera.

Etorkizunera begira, orduan, diskorik grabatuko duzu?
Oraingoz ez daukat buruan. Lehengo urtean Eibarko gita­rris­ta baten azterketan jo nu­en, eta irakasleek berehala esan zioten egindakoa graba­tzeko, eta abuztuan grabatu genuen.

Jazz ikasketak bukatzeko puntuan, zein balorazio
egiten duzu lau urte hauena?

Oso positiboa. Estatu osoko jendea ezagutu dut, jazza interesatzen zaiona. Bestalde, zorte haundia izan dut irakasleekin; Mikel Andueza ere izan dut irakasle. Au­kera gutxi dago jazza ikasteko, eta filtroa oso haundia izaten da; gitarran 20 mu­si­kari aurkeztu, eta 3 bakarrik sartzen di­ra. Nere kasua, bestalde, be­re­zia izan da. Gradu profesionalera, Do­nos­tiako Francisco Escudero Kon­tser­ba­toriora, bos­garren mai­lan sartu nin­tzen, eta or­du­an, Roberto Pa­checo herna­nia­rra zegoen irakasle. Nahiz eta Klasikoa ikasten den bertan, Rober­torekin aukera izan nuen jazz proba prestatzeko, comboetan sar­tzeko... Eta ho­rri esker, Goi Mailako proba egin eta aurrenekoan sartu nintzen.

Eta ikasketak bukatuta, zer?
Argi daukat karrera amaitu eta gero gosea pasako dugula! Zor­tea daukat, musika eskola pu­bli­koetan lanean ari naizelako. La­naldia haunditzea zaila izaten da, baina denak ibiltzen ga­ra horrela. Argi daukat ira­kas­kuntzan jarraitu nahi du­da­la, gustatzen zaidalako, nik ere irakasle oso onak eduki di­tu­dalako, eta nerekin ere jendea pozik dagoelako. Hala ere, uz­tartu nahi nuke bestelakoekin. Irakaskuntzan prekarietatea dago, baina aldi berean, denbora librea uzten du. Iruñan ezagutu dudan jende asko bertan geratu da bizitzen, eta badaukagu buruan zer edo zer egitea...

«Postureo haundia dago! Donostiako Jazzaldian bai, milaka pertsona. baina Jazzaldian jo duen norbait jarri Altxerrin jotzen hiru aste beranduago; ez da inor egongo!»

Irakaskuntzan prekarietatea badago, eta jazz munduan?
Errealitatea da ez dagoela aukera haundirik. Gitarra eta bajuan orain sortu dute moderno aldeko prestakuntza, eta aitzakia da, instrumentu horietan ez dagoela besterik. Gure esperan­tza da hori aldatzea. Beharra ba­da­go. Gero eta gehiago aurkezten dira Goi Mailara. Guretzat, eta kulturarako, onena litzateke modernoa eta klasikoa aukeran egotea ahalik eta toki gehienetan, baina oraingoz, utopikoa da.

Hala ere, jazzak, modernoak, ez al du gero eta onarpen zabalagoa, gizartean?
Postureoa da! Donostiako Jazzal­dian bai, milaka pertsona. Baina Jazzaldian jo duen norbait jarri Altxerrin jotzen hiru aste beranduago; ez da inor egongo! Hala ere, badago publiko fidela. Iruñan astero izaten dira kon­tzertua eta jam session.

Eta Hernanin, zer espero duzu publikoarengandik?
Espero dut jendea etortzea! Gurasoak eta... Milagrosa ez da haundia eta etorriko dela esan didan guztia etorriz gero, beteko litzake, erraz! Oraindik ez naiz hasi promozioa egiten, baina egingo dut!

Zuk zure musika tresnarekin joko duzu. Zure kideentzat ez da hain erraza...
Egia da atzera eta aurrera ibil­tzen direla, baina horrela ere, ede­rki moldatzen dira. Elkar eza­gutzen dute, harremanak egi­ten dituzte, eta badakite non, zeini, zer eskatu. Baina bai, ni nere instrumentuarekin oso po­zik nago! Bi urte kosta zitzaidan lortzea! Bilatzen da soinu iluna, 50-60 hamarkadetako saxofoien soinuarekin aldera­tzen dena, eta egun, ez dira horrelakoak egiten. Vin­tage merkatuetan bila aritu be­har izaten da, eta izugarri ga­res­ti saltzen dira garai hartako saxoak! Nik urtebete baino gehia­go pasa nuen foroak begi­ra­tzen, interneten. Baina ez nu­en urrutira joan nahi probatzera, irakasleen oniritzia ere bilatzen bainuen. Azkenean, Anduezak saldu zidan, baina nere irakasle izateari utzi zionean.

Soinu-tresnak, orduan,
ematen duena baino
garrantzia haundiagoa dauka!

Garrantzia badauka, baina esaten da, saxoan, arazoen %90 bokillatik atzera daudela. Nere tresna beste saxofoi-jole bati utziz gero, beste soinu bat aterako du.

Zein da, Ostolazaren soinua?
Ez daukat ezer definituta. Esaten da ona izaten dela, buruan soinu bat edo joleren bat eredu edukitzea, eta horren gainean, zure bidea egitea. Baina nik ez dut eduki erreferente garbi bat. Noski, gustatuko litzaidake soinu hobea edukitzea, hobetzea.

Soinua hobetzen jarraituko duzu txarangan ere?
Gero eta gehiago dira, Goi Mailako ikasketak eginda, txarangan edo kalean jotzen dutenak. Lehen sakrilegioa zen! Soi­nua txartzen omen zuen! Ni saia­tzen naiz jarraitzen. Urtean zehar ezin izaten dut, baina uda­ran, gelditu gabe! Tolosako Iraunkorrak txarangan ikusiko nau, nahi duenak!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!