Erreportajeak

«Jendearekin egoteko, ikusi dut hobea dela aktore lana, baina ez diot inoiz utziko kantatzeari!»

Kronika - Erredakzioa 2016ko abe. 10a, 01:00

Musikari, eta, bereziki, kantuari lotuta egin da ezagun Ainhoa Larrañaga, 16 urteko hernaniarra. Hernanin egin zen ETB1eko Kantu Giro saioa irabazi zuen. Baina are ezagunagoa egin da, Go!azen telesailean. Antzerkia eta musika uztartu ditu horrela, eta auskalo, zer ez ote duen egingo, etorkizunean! 

Ainhoa eta Eli. Desberdinak dira? Ondo moldatu zara?
Oso desberdinak. Beti da erra­zagoa bordearena egitea, ma­jaren papera betetzea baino. Oso gustora nago, eta gainera, eboluzio oso polita izango du. 

Orain arte gehiago ibili zara musika munduan. Nola iritsi zara Go!azenera?
Kantari gehiagotan ibili naiz, bai. Txikitatik. Kantu Giron har­tu nuen parte, eta Musika Es­kolako lagun batek esan zi­dan Go!azeneko kastina zegoela. Lotsarik ez daukazu, eta animatuko zara, ezta? esan zidan. Eta horrela eman nuen izena. Nere bizitzako aurreneko kastina izan zen. Hasieran urduri nengoen. Konpetentzia haundia zegoen. Parte hartzeko, aurrena, bideo bat bidali behar genuen, kantuan eta dantzan. Etxeko terrazan grabatu nuen nik, besterik gabe, sinple-sinple. Eta kastinean topatu nuen jendeak esaten zidan bideoklipak egin zituztela, eta ni, kezkatuta, nirea kutrea zelako... Hor hasi zen lehia, nolabait. Baina gero esan zidaten bideoaren kalitatea ez zela garrantzitsua. Bi­ga­rren fasea zailagoa zen. Paper bat aukeratu behar zen. Az­ke­ne­an ondo joan zen dena.

Nolakoa izan da grabazioa barrutik ezagutzea?
Udaran egin genuen. Uztai­la­ren erdialdera hasi ginen. Or­dura arte probak egiten ibili gi­nen, jantziak probatzen... Orain­dik ez zekiten, adibidez, mutiletako paperen bat nork egingo zuen! Nik ez nekien hainbeste jendek hartzen zuenik parte. Hiru pertsona zeuden, nola jantzi esateko. Edo makillajekoek oso azkar egiten zuten lana. Neri ez, baina bixkiei ikaragarrizko orrazkerak egiten zizkieten! Teknikoek ere, bakoitzak bere lana zeukan. Bati, adibidez, el iluminati deitzen genion, fokoarekin ibiltzen zelako. Oso ondo konpondu gara elkarren artean. 

Grabazioa bukatuta, harremana mantendu duzue?
Teknikoekin ez. Ez daude gure whatsapp taldean! Baina aktoreok bai. Batzuetan elkartu egiten gara kapitulu bat ikusteko, edo kafe bat hartzeko...

Zer sentitu duzu zure burua telebistan ikusita?
Sentsazioa oso arraroa izan da. Hasieran, bagenekielako grabatzen bukatu ge­nu­ela, baina oraindik ez gintuelako inork eza­gutzen. Tele­bistan agertzera zijoanean, berriz, oso urduri ginen. Baina gero, share oso ona eduki dugu, eta oso pozik gaude. Agian beste denboraldi bat grabatu beharko dugu!

Shareari ere begiratzen diozue, orduan?
Whatsapp talde bat badaukagu, zuzendariarekin, eta berak azaldu zigun zer den hori. Azken kapituluan 4,5eko sharea izan genuen. Oso haundia da hori. Twitterren ere saltsa sortu zen. Oso ona da hori!

Oso gustora nago Hernaniko Musika Eskolan. Joxean Goikoetxea saiatzen da neri bide ematen. Ez nuke aldatuko.

Telebistan agertuta, nabaritu al duzu kalean aldaketarik?
Aldaketa haundia da. Ume asko begira gelditzen dira, nahiz eta gero ez ausartu, ezer esatera. Eta nere adinekoak ere bai! Baina Hernanin asko errespetatzen gaituzte. Agian, sekula iku­si ez zaituenak eskatzen di­zu argazkiren bat, baina bestela, nahiko lasai uzten zaituzte. 

Eta etxean, nola hartu dute?
Etxean gustora daude, harro! Has­te­ko, telesailerako aukeratu nindutelako. Eta gero, ikusi dutelako lan egin dudala. Aita, gainera, aurreneko kapituluan agertu zen; eskolara eraman ninduen motoan, eta muxu eman zidan. Poz-pozik zegoen!

Musikala da telesaila. Nola uztartzen dira kantua, dantza eta antzerkia?
Entsaioak azken momentuan egi­ten genituen! Grabatzera gin­doazen egunean, bagenekien egun horretan musikala tokatzen zela. Batzuetan 2-3 ordu pasatzen genituen musikala grabatzen. Askotan, eszena batetik besterako tarteak aprobetxatzen genituen en­tsaiatzeko. Aurretik bideoa etxera bidaltzen ziguten, ikasteko, eta horrela praktikatu behar izaten genuen.

Biak probatuta, zer nahiago duzu; kantua ala antzerkia?
Nere papera erraza egin zait, eta ez dakit beste batean nola moldatuko nintzatekeen. Mu­sika, berriz, asko gustatzen zait, betidanik, eta ez diot inoiz utziko kantatzeari! Baina jendearekin egoteko, ikusi dut aktore lana hobea dela... 

Hilaren 28an Hernanin izango da Go!azen antzerki musikala. Bertan izango zara?
Ez ninduten aukeratu. Bertan hartuko dute parte Markel Ga­jatek, Asier Burguetek, Aitana eta Paula Etxeberriak (Twin Melody) eta Aritz Men­di­o­lak. Baina ikustera joango naiz, dudarik gabe! Orain ari dira entsaiatzen, eta ez dakigu ezer!

Aurrerantzean, badaukazu asmorik antzerki edo musika mundutik jotzekoa?
Lehenago pentsatu nuen batxiler artistikoa egitea, baina ezin izan nuen. Bestalde, kontserbatoriora joatea ere pentsatu izan dut, baina ez naiz ausartu... Oso gustora nago Her­na­niko Musika Eskolan. Joxean Goikoetxea saiatzen da neri bide ematen. Oso gustora nago, eta ez nuke aldatuko.

Zer gustatu zaizu gehien, eta zer gutxien, esperientzian?
Gehien, zeinekin egon naizen. Uste nuen jende prepotentearekin egingo nuela topo. Gai­ne­ra, nesken artean ni naiz gaz­teena. Baina oso jende jatorra ezagutu dut, eta lagun onak egin gara. Gutxien, be­rriz, ordutegia! 10-12 ordu la­ne­an pasatzea... Goizean gogoa iza­ten nuen, baina gero, esker­tu­ko nuen siestaren bat!

Ematen duena baino lan haundiago dago atzean! Emaitza gustatu zaizu?
Kapitulu bat ikustean, batzuetan gogora­tzen dugu zatiren bat asko kostatu zitzaigula. Eta ni ez naiz gai Eli ikusteko. Denbora guztian analizatzen ari naiz zer egiten dudan, nola mugitzen naizen... Konben­tzi­tu egin behar zaitu! Bi aldiz ikusten dut kapitulua!

Proiektu berriren bat badaukazu esku artean?
Donosti Kulturaren barruan, Adiorik gabe obran izango naiz, abenduaren 18an, Kursa­a­len. Zuzendari bakoitzak 20 minutuko emanaldia prestatzen du, eta horietako batean kantatuko dut. Animatu! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!