Erreportajeak

«Dudarik gabe, kirol urterik onena izan da aurtengoa»

Kronika - Erredakzioa 2016ko abe. 1a, 01:00

Castellonen, Culla herrian jokatu da distantzia luzeko duatloien Espainiko Kopako azken proba, eta Ibai Alba Vilchez hernaniarrak bigarren egin du sailkapen nagusian, 19.701 punturekin; irabazlea­ren­gandik bi puntura.
Urteko helburua beteta, deskantsatzeko tartea iritsi da, baina ezin, entrenatu gabe geratu!

Espainiako Kopan bigarren egin duzu. Espero zenuen?
Urte hasieran nere helburua zen aurreneko 10en artean geratzea lortzea. Beraz, oso pozik nago. Maiatzean Sorian bigarren nijoan, baina, hala ere, ez nekien gainontzekoak nola iritsiko ziren bukaerara, eta 4 edo 5garren eginda ere, pozik egongo nintzen!

Proba oso gogorra izan da Cullakoa. Bizikleta egin gabe geratu zineten...
Ikaragarrizko euri jasa, hiru gradu, haizea... Elurrik ez, Castellon zelako! Oso politak ziren herria eta ibilbidea bera, dena gora eta behera, baina oso gogorra. Bizikleta ez egitea pena izan da, bai neretzat eta baita gainontzekoentzat ere.

Urteko balentria bakarra ez da hau izan. Beste hainbat probatan aurreneko postuetan ibili zara. Helburuak bete dituzu?
Baita gainditu ere! Oso oso oso ondo joan da. 16 bat karrera irabazi ditut, eta ez dakit zen­ba­tetan iritsi naizen podium­e­ra. Mendikoak, asfal­to­koak, dua­tloiak.. Denetik egin dut.

Denen artean, izan al da bat bat bereziagoa?
Azken hauxe. Hau ez da herri lasterketa, eta hau lanbide du­tenak ateratzen dira hemen, edo lanaldi erdian aritzen di­renak, gero, entrenatu ahal iza­teko. Neretzako ikaragarria izan da. Oso zaila da. Zortzi orduz lorezain aritu eta den­bora ate­ra­tzea... Ez dut esan nahi emai­tzak bikoitza balio due­nik... Baina neretzako bai! Dudarik gabe, kirol urterik onena izan da. Ez naiz pro­fe­sionala, eta horrelakoei ira­baz­tea ikaragarria da.
 
Erronkarik geratzen zaizu?
Orain ez. Abendua lasai har­tu­ko dut. Hurrengo helburua be­rri­ro ere Espainiako Kopa izan­go da, eta martxoan ha­siko da. Orain, egunero en­tre­natu, bai, baina lasai!

Korrika eta bizikletan ibiltzen zara. Triatloirik ez?
Hiru gauzetarako denbora ateratzea oso zaila da. Korrika egi­tea eta bizikleta asko gustatzen zaizkit, eta ho­riekin, lasterketa herrikoiak edo duatloiak egin ditzaket. Gehiago ez. Jakin behar da non daukazun muga.

Lasterketa herrikoiak ere gustuko dituzu: Behobia, Txantxilla, Sagar Lasterra... Eta San Silbestre?
Noski, aterako naiz! Aurten, gainera, berriro ere Hernaniko Atletismo Klubean nabil. Neretzako entrenamenduak dira lasterketa hauek. Behobia bezperan ere, hiru orduz bizikletan ibili nintzen.

Iazko San Silbestren Yohanes Merino gazteak irabazi zizun. Badago afizioa Hernanin!
Yohanes Merinok irabazi, eta Anartz Artolak, hi­ru­garren. Nik goizean bizi­kle­ta egin nuen; gero, An­doaingo San Silbestre irabazi; eta azkenik, Hernanin atera. Afizio haundia dago atletismorako, bizikletarako... Dua­tloi eta triatloietarako den­bora gehiago behar da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!