Maite Larburu ereñotzuarrak eta Josh Cheatham seatledarrak osatzen dute Neighbor musika bikotea. 2013an kaleratu zuten aurreneko diskoa, Ura patrikan, eta bigarrena argitaratu berri dute: Hau.
Hamaika kanturekin osatu dute, ukelele, gitarra elektriko, klarinete baju, ipak edota melodikarekin lagunduta. Salgai dago, dagoeneko: dendetan edo www.neighbor.nu.
Bigarren disko honekin sendotu egin da Neighbor bikotea? Nola sortu da?
Lagunak gara, izan gara eta jarraitzen dugu izaten. Hori da sortzen dugunaren oinarria. Bigarren diskorako nahikoa kantu bildu ditudalako iritsi da bigarrena. Sorta nahikoa zela ikustean, eta dena sorta batean biltzeko ideia sortutakoan.
Zein da bigarren lan hau osatzeko ideia hori?
Ze izenburu jarri pentsatzen hasi nintzen, nola bildu dena poltsa batean. Eta badago kantu bat, Invisible threads, Hari ikusezinak; ideia horrek obsesionatu nau, hari batek kantu guztiak lotzearenak, txotxongilo bat bagina bezala bizitzea... Baina azkenean, nahiz eta ideia horrek indarra izan, hor geratu da. Beste kanta bat badago; Hau. Horren deskripzioa zabala da, eta ezin dut zehaztu zer esan nahi duen, galdetzen badidate ze musika egiten dudan. ‘Hau’ hitzak balio haundia dauka; magikoki hona etortzen naiz. Hau da hauxe, hementxe, oraintxe dagoena.
«Musikari izaten jarraitu nahi dut»
Aste honetan bertan eman dituzue 4 kontzertu. Nolako harrera izan duzue?
Oso oso pozik gaude. Diskoa atera eta segituan kontzertuak eman nahi genituen, baina zail xamar zegoen; Josh batetik bestera zebilen. Baina astelehenetik ostegunera lotu ditugu, eta Zinemaldiarekin batera tokatu da, gainera. Oso pozik gaude. Jende asko hurbildu da, asteguna izanda ere.
Bigarren lan hau Ura patrikan diskoaren jarraipena da? Ala guztiz ezberdina?
Hari ikusezinarekin obsesionatuta, lehenengotik etorri da bigarrena. Baina ezberdintasunik badago; aurrenekoa, kantutik sortu zen, eta Joshek apaintzen zituen kantuak, jotzen dituen instrumendu guztiekin. Gero, zuzenekoetan, egokia zen nik zerbait joz gero Joshek beste zerbait jotzea, eta gitarra edota ukelelea txapurreatzen hasi nintzen. Bigarren lanean instrumentu horietatik sortu dira kantuak. Aurrekoan ahotsa zen oinarri.
Berez, biolin-jolea zara. Disko hauek badaukate loturarik horrekin? Ala urrundu egin nahi duzu?
Nahi nuke bi munduak gehiago elkartu. Ni biolinista akademikoa naiz, hori dut ogibidea, eta gauza eder asko eta ez hain ederrak jaso ditut. Asko ikasi dut teknikoki, baina kontserbatorioan ikasteak mugak jartzen ditu musikari konpleto bezala. Gauza batean espezializatzen gara. XVI. mendeko musikariek, instrumentu asko jotzen zituzten, eta sortu, eta inprobisatu. Hori guztia zen musikari izatearen parte. Baina gu espezializatu egiten gara; onura dakar batetik, baina bestetik, galera. Kantuak sortzea, pentsatu gabe, ikasgai haundia izaten ari da, baina biolinetik urruntzen nau, eta ez dakit nola atera hortik.
Etorkizuneko erronka ote?
Ikasgai bat da dena, eta bi munduak uztartzea gustatuko litzaidake etorkizunean. Baina etorkizuna misterioa da neretzako. Musikari izaten jarraitu nahi dut. Ikus dezagun!