Paola Sangalli EFIBeko (Bioteknologia eta Bioekonomia Industrien Europako Foroa) lehendakaria da, eta AEIPko (Paisaia Ingeniaritzarako Espainiako Elkartea) kide.
Hidrologikak, Ibaitik Badiara proiektuaren bultzatzaileetako bat izan da, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzarekin batean, eta horren baitan, jardunaldi batzuk antolatu dira Astigarragan, datorren astean. Besteak beste, hitzaldiak, ibilaldiak eta bioingeniaritza tailerrak egingo dira; azken hauek debalde, eta horietako batean, Oianumeko ubidean hezegune bat eraikiko da, URA Agentziaren, Astigarragako Udalaren eta Donostiako Kultur Hiriburutzaren elkarlanari esker. Herritarrei parte hartzeko deia zabaldu diete.
Jardunaldi hauen barruan, errekak berreskuratzeaz, lehengora ekartzeaz hitz egiten duzue. Zergatik?
Errekek, ibaiek, haien funtzionamendu naturala galdu dute. Geologiak, morfologiak, klimak... Denak dauka eragina ibaietan. Ibaiek etengabe aldatzen dute funtzionatzeko duten era, eta urbanizatzeko garaian, hirigintza planak egitean, ez dira errekak kontuan hartu. Ur kanal soilak balira bezala tratatu izan ditugu; 30 edo 40ko hamarkadetan eraikinak egin direnean, paretak altxa dira, eta errekek aldaketak izatean, arazoak sortu dira: uholdeak, erosioa... Ikuskera integratua, guztia kontuan hartuko duena falta da; are gehiago gaur egun, aldaketa klimatikoaren eraginez eta populazio hazkundearen eraginez, arriskugarritasuna haunditu baitugu. Egun, uholdeak gertatzen direnean, bizitokiak edota poligonoak hartzen ditu urak.
Errekak dragatzea eskatzen dute askotan, herritarrek. Gomendagarria da?
Herrialde batzuetan debekatu egin da. Salbuespen kasuetan egiten da. Izan ere, dragatzean sedimentuak kentzen dira, eta errekak, oreka berreskuratu nahian, erosioa eragiten du, berriro ere sedimentuak sortuz eta lehengo tokian pilatuz. Gainera, dragatzean, bertako elementu biziak ere deuseztatu egiten dira. Ziklo bat da, dena dago lotuta eta orekan. Batzuetan beharrezkoa bihurtzen da dragatzea, baina ikusi da ez dela oso metodo eraginkorra, eta ibai-ekosistemari eragiten diola. Arazoa da ezagutza falta, urbanizazio arazoaz gain.
«Modu integratuan kudeatu behar dira errekak».
Orduan, nola konpondu daiteke Urumeak daukan arazoa?
Urumeak daukan arazoa da urbanizatze lanak ikaragarri hazi direla azken 15 urteetan, eta urak tokiren batetik atera beharra dauka. Arrisku maila haunditu dugu. Batzuek landaredia kentzea proposatzen dute, baina ez da hain sinplea. Konponbidea zein den? Kanalizazioak egiteari uztea, eta orain artekoak deuseztatzea!
Ezjakintasuna eta ikuskera integratuaren falta aipatu dituzu. Horiei aurre egitea da jardunaldi hauen helburua?
Erreka, elementu asko dauzkan ekosistema bat da, eta arro moduan kudeatu beharko litzateke, modu integratuan. URA agentzia saiatzen da horretan, baina administrazioetan banatuta daude ardurak, eta bakoitza bere zatiaz bakarrik arduratzen da. Baldintza egokietan mantendu ahal izateko, kudeaketa globala behar duen baliabidea da erreka. Ezjakintasuna haundia da erreken funtzionamenduen inguruan, uholdeen zergatien inguruan... Horregatik antolatu ditugu jardunaldiak.
Bioingenieritza tailerrak, hitzaldia eta irteerak antolatu dituzue, hain justu. Zer egin ahal izango da?
Bioingenieritza tailer teknikoan, Paolo Cornelinik azalduko ditu Urumea ibaiak Astigarragatik pasatzean sortzen dituen arazoak. Eremuaren analisia egin eta hidraulika azalduko du, eta uraren arazketa sistema tradizionalak eta naturalak ezagutzera emango ditu: landareek, bestelako hainbat materialekin, lurra eusteko ahalmen haundia dute, eta horrela, erosioak finkatu eta hainbat espezie berreskuratu ditzakegu. Errekari ezaugarri eta funtzionatzeko era naturalak bueltatzen dizkiogu. Honekin lotuta, tailer praktikoa egingo dugu: Astigarragako Oianumeko ubidean hezegune bat sortuko dugu, ura araztu eta ura pilatzeko ahalmena haunditzeko.
Hitzaldietan, berriz, Urumea ibaiaren ezaugarriak ezagutzera emango ditugu. Lehenago, Goizuetan, errekaren goi-ibilgua ezagutu genuen, eta Hernanin, erdi-ibilgua: nola sartzen den ibaia hiriarekin harremanetan, nola mugitzen den.... Astigarragan, errekaren behe-ibilguan sartuko gara: dagoeneko indar gutxiago izaten du urak, eta ez du erosionatzen, baizik eta, sedimentatu egiten du. Bertan, lurrak oso aberatsak direla ikusiko dugu, eta lautadan baratzetarako aproposak direla.
Bukatzeko, ibilaldian, Goizueta, Hernani eta Astigarraga bisitatuko ditugu, autobusean, eta errekaren zati desberdinak ezagutuko ditugu. Eta festa gastronomiko ederrarekin bukatuko dugu, Irizar eskolako sukaldariei esker!
EGITARAUA
Tailer praktikoa: irailaren 13 eta 16an, 09:30-13:30 eta irailaren 14 eta 15ean, 15:00-19:00. Hezegunea eraikitzea Oianumeko ubidean, Albert Sorolla, Paola Sangalli eta Paolo Cornelini adituekin. Izenematea, debalde: www.aeip.org.es.
Tailer teknikoa: irailaren 14 eta 15ean, 09:30-13:30 Arrobitxuloko aretoan. Izenematea, debalde: www.aeip.org.es.
Hitzaldia: Ibaia eta uholde lautada. Irailaren 14an, 19:00etan Astigarragako Herri Eskolan.
Ibilaldia: iraiaren 17an. Goizueta, Hernani eta Astigarragan barrena Urumea ibaia ezagutuz, bertako gastronomia dastatuz eta gune turistikoak bisitatuz. Izenematea, 12 €: www.aeip.org.es.