Rioko Joko Olinpikoetan izango zara Estatuko Selekzioarekin. Barneratu al duzu notizia?
Egia esan oraindik ez. Aurreko batean, COEko presidentearekin izan genuen txarla batean berak esaten zizkigun gauzetan pentsatzen aritu nintzen, eta ezin sinestu nengoen. Munduko hamar mila kirolari onenen artean egotea, Villa Olinpikoa, irekierako zeremonian parte hartzea... Bertan egon eta momentua iritsi arte ez naiz kontziente izango. Presidenteak esan zigun moduan, agian urte batzuk pasa arte ere, ez gara konturatuko honek guregan edukiko duen erreperkusioa.
Ametsik onenean ere, imajinatu al duzu halakorik?
Ez, argi dago ezetz. Ni beti izan naiz oso zoriontsu Hernanin jokatzen; hala ere, bizitza den bezelakoa da eta pixkanaka aukerak izan ditut. Kirol hau oso berezia da eta esfortzu asko eskatzen du, bai fisikoki eta baita psikologikoki ere. Hala ere, gogoz eginez gero, azkenean emaitzak jasotzen dira, eta hau da nire kasua. Gure entrenatzailea den Polidorik esaten duen moduan, errugbiak bakoitza bere tokian jartzen du, zuk asko ematen badiozu berak bueltatu egiten dizu, eta nik nire bizitza erdia oparitu diot.
Sekulako lorpena izan da Estatuko Seven taldearentzat Riorako pasea lortzea. Sailkapen fasean aurkari indartsuak zenituzten. Denbora bat pasa da ordutik, zein izan da garaipen horien klabea?
Klabea... urte osoko lana, eguneroko esfortzua... baina gehien bat sinestea: guk geure burua txapeldun bezala ikusi behar genuen. Monakoko txapelketa baino bi aste lehenago, Imanol Ibarrondo coacharekin egun osoko saio berezi bat izan genuen. Bertan gure arteko arazoak konpondu genituen, momentu horretan talde giroa ez baitzen ona: malkoak, irribarreak, besarkadak... aurpegira esatea oso zaila diren hitzak atera ziren. Ordutik jarrera guztiz aldatu zen eta gogotsu hartu genuen erronka hau.
Nola bizitu zenituen partidu haiek?
Ba egia esan oso lasai, horrelako txapelketa batera ez bazara faborito bezala joaten, ez duzu galtzekorik. Imanol Ibarrondok erakutsi zidan bezala, zure burua lasai badago gorputza ere bai. Buruak agintzen dio gorputzari gauzak nola egin, burua lasai baduzu jokoa pentsatu gabe ateratzen da.
Finalerdietan zuk egindako entsaio batek eman zizuen finalerako pasea. Zer sentitzen da halako momentu batean?
Nik uste, momentuan, nire taldekideak askoz euforikoago zeudela. Jokaldian, zuloa ikusi nuen momentuan, banekien barruraino nijoala. Taldekideak txoratzen zeuden eta ni ere oso pozik nengoen, egunero ez baitira horrelakoak egiten.
Rion munduko talderik onenak izango dituzue aurkari. Zein dira selekzioaren helburuak?
Errealistak izateko, ez dugu medaila irabazteko aukera haundirik, baina gure helburua partidu guztiak ondo jokatzea da, nor baino nor. Zazpiko txapelketa hauetan edozer gauza pasa liteke, Monakon bezala.
Zein dira faborito?
Fiji da momentu honetan talderik onena, azken bi urtetan Rugby World Seven Seriesetan (zirkuitu mundiala) txapeldunak izan dira.
Zein izan daitezke aurrera egiteko klabeak?
Partidu bakoitza azkena izango dela sinetsita jokatzea, eta edozeini irabazi diezaiokegula sinestea.
Eta Igor Genuaren helburuak zein izango dira Rion?
Momentua bizi, horrelakoak gutxi izaten baitira bizitzan. Kirolari gisa ahal dudan guztia hazi nahi dut, ondo jokatu eta aitak eta amak esten didaten moduan, osorik bueltatu jajaja.
Etxera itzulita, harrera hunkigarria jaso zenuen Monakotik bueltan. Klubak eta ingurukoek emandako babesa klabea izan al da?
Noski, etxekoen babesa ezinbestekoa da; nire kasuan, Landaren beti lagundu izan didate edozer gauzetan. Familia aldetik, beraiek lagunduta iritsi naiz orain naizena izatera: edukazioa, gauzak lortzea zenbat kostatzen den erakustea, nirekin edukitako pazientzia. Oso garrantzitsua izan da niretzat, baita ere, txikitan partidua jokatuta etxera itzultzean, zer moduz pasa nuen galdetzea, ez zitzaien axola irabazi edo galdu egin nuen.
Selekzioak eman dizkizun hainbat onuren artean profesionalizatu ahal izatea da bat. ‘Basque Team’en sartzeko aukera ere izan duzu. Zer suposatu dizu horrek?
Buru belarri entrenatu ahal izatea, eta horrekin batera kirolari bezala haztea. Izan ere, ni bezela, Hernaniko jokalari bat baino gehiago egon zitekeen nire tokian, baina ezin da egunean zortzi ordu lana egin, eta gero nik orain egiten dudan bezela, bost ordu entrenatu.
Riotik bueltan, zein izango dira Genuaren helburuak? Hernaniko jokalari izango al zara 2016-2017 denboraldian ere?
Nire helburua, niregatik hainbeste eman dutenei mesedea bueltatzea da. Datorren denboraldian ez dakit zer gertatuko den, baina Landaren bizitzen diren emozioak ez dira beste inon bizitzen.
Bukatzeko, kuriositate bat. Adarragatarrek ekarri zituzten aro olinpikoak CD Hernaniko eskudora. Orain, zuk, Igor Genuak, emango dizkiozu aro horiek errugbi elkarteari?
Ez badizkiot ekartzen herritik botako naute, beraz eman beharko bai, jajaja! Oso harro nago Hernani Club Rugbi Elkarteaz, azken urteetan egindako lanaz, zuzendaritzatik hasi eta jokalari, ume, guraso eta laguntzaileez, ez baita erraza izan. Eta niretzako ohore bat da Joko Olinpikoetan famili hau ordezkatzea.