Euskal Herritarren harreman afektibo eta sexualei buruzko ikerketaren berri eman zenuten orain aste batzuk. Aztiker Ikerguneko soziologoa zara zu, eta ikerketaren metodologiaz arduratu zara. Kaixomaitia.eus atariaren eskaria jaso zenutenean, zein izan ziren eman zenituzten aurreneko pausuak?
Kaixomaitiako kideen eskaria harriduraz eta gogotsu jaso genuen. Harriduraz, proiektua eta webgunea ez genuelako ezagutzen eta gogotsu, gaiak interesa piztu zigulako. Beraiek galderak pentsatuta zituztenez, gure lehen pausoa izan zen hauen formulazioa egokitzea, esate baterako, galderak ahalik eta neutroenak izatea, inkestatuaren erantzuna ez bideratzeko. Edo egon zitezkeen erantzun posible guztiak kontutan hartzea, inoren erantzuna kanpoan ez uzteko. Metodologikoki lan txukun bat egiteko baliabideak jartzea izan zen gure lana.
Inkesta 73 galderek osatu dute. Banan-banan zehaztea ezinezkoa litzateke, baina zein izan dira ildo nagusiak? Zer izan da kontuan?
Ikerketaren ildo nagusiak euskal herritarren bizitza afektiboa, bizitza sexuala, internet bidezko harremanak eta leialtasuna izan dira. Inkesta luzea da, gai asko jorratu nahi direlako.
Inkestak online egin dira, modu anonimoan. Horrek errazten al du halako galderei lasai erantzutea?
Seguru baietz. Azken batean, online egiteak esan nahi du norberak betetzen duela galdetegia ordenagailu aurrean. Ez dio etxera galdezka etorri zaion bati edo telefonoz deitu dion bati erantzun behar. Uste dut gehiengo handi batek zintzoki erantzun duela.
18 eta 64 urte bitarteko 1.500 herritarrek eman zuten erantzuna. Datu ona da hori?
Gure ustez oso ona da, ez genuen hainbeste espero. Gutxienez 400 erantzun jasotzea jarri genuen muga bezala, eta hori lortuz gero, datuen azterketa egingo genuela, bestela ez. Denbora eta baliabide nahiko gutxirekin inkesta asko zabaltzea lortu zen eta sexu, adin, bizileku, joera sexual eta abar oso ezberdineko jendeak bete zuen.
Datu asko utzi ditu ikerketak, eta nahi duenak kaixomaitia.eus atarian ditu: txostena deskargatu besterik ez du. Hala ere, gogoetako ildo nagusi batzuk aipatu zenituzten aurkezpenean. Ildo horietako bat da, bikote harremanek gaur egungo gizartean duten pisua.
Hala da, inkesta erantzun dutenen gehiengoak bikotekidea du edo bere etorkizuna bikotekide batekin irudikatzen du, kasu gehienetan harreman ‘itxi’ batean.
Afektiboki eta sexualki euskaldunek duten zoriontasun maila ere, aztertu duzue inkestan. Bigarren kasuan ikusi da, adina faktore bat dela zoriontasun hori neurtzerakoan.
Afektiboki eta sexualki 0 eta 10 artean neurtu da zoriontasun maila. Atera den batez bestekoa 6,9koa izan da zoriontasun afektiboaren kasuan eta 5,8koa sexualaren kasuan. Seguru arrazoi askok izango dutela eragina bai batean eta baita bestean ere, eta azterketa sakonago bat egin beharko litzateke. Halere, atera den ondorioetako bat da biak lotuta daudela, zoriontasun sexuala eta emozionala.
Adinaren arabera, 30 urte ingurura arte zoriontasuna altuagoa da eta hortik aurrera beherakada hasten da. Eta sexuaren arabera, emakumezkoak zertxobait zoriontsuagoak dira bi eremuetan.
Internet bidezko harremanak indarra hartzen ari dira azken aldian. %90ak dio Internetek ligatzeko balio duela. Ikuskera horrek ba al du baita ere zerikusirik adin tartearekin?
Emaitzak ikusita baiezkoa esan daiteke. Ligatzen edo harremanak izaten laguntzen duelaren ustea 18-29 adin tartean ematen da gehien, baino oso gutxigatik, beste adin tarteetako inkestatuek ere berdina pentsatzen dute. Halere, hemen ez dira bakarrik kontutan hartzen ligatzeko webguneak, facebooka eta abar ere sartzen dira.
Desleialtasuna ere, saiatu zarete neurtzen. Datuak ikusita, euskaldunak desleialak direla esan daiteke?
Ez dakit, ez nitzake ausartuko hori esatera. Morbo gehien izan duen galderetako bat izan da egia esan eta askok egin digu galdera berdina. Konparatu beharko litzateke beste herrialdeetan ematen diren emaitzekin eta gero bakoitzak bere konklusioak atera.
Harreman homosexualen inguruan ere, galdetu duzue.
Inkestatuen artean %8 inguruk bere burua homosexual bezala definitzen zuen. Horrez gain, inkestatuen % 10ak noizbait sexu bereko pertsonekin harreman sexualik izan duela dio; eta beste %14 batek probatuko lukeela, nahiz eta oraindik ez duen egin.
Beste hainbat faktore ere aztertu dituzue ikerketan. Aurkezpenean, halako ikerketek izan dezaketen garrantzia azpimarratu zuen Euskal Herriko Bilgune Feministak. Aztikerretik zein balorazio egiten duzue?
Datuen interpretazioan sartu gabe, azken batean hori ez zelako guri eskatzen zitzaiguna, guk balorazio oso ona egiten dugu lan honen inguruan. Uste dut lehen aldia zela horrelako ikerketa bat egiten zena Euskal Herrian eta espero baino erantzun hobea izan du. Nahiko baliabide mugatuekin 1.500 herritarrek inkesta erantzutea lortu da eta bizileku eta ezaugarri oso ezberdineko jendea gainera. Behin emaitzak ikusita, zer hobetua badagoela iruditzen zaigu, galdera batzuk aldatuko genituzke, berriak sartu…espero dugu hurrengo batean errepikatzeko aukera izatea.