Erreportajeak

Sexualitatea, denon eskura

Kronika - Erredakzioa 2015ko abe. 26a, 01:00

Arremanitz Kooperatibako ki­deak dira Edurne Mendiza­bal Tolosa eta Axier Baglietto Gabilondo. Beraiek kontatu digute urte honetan zehar nola joan den proiektua. «Plax! zerbitzu publikoa izan arren, per­tsonen intimitateari arreta jartzen dion zerbitzua da», adierazi dute.
Bagliettok dio, sexualitateaz hitz egiten dugunean populazioaren zati handi batek hau ez da niretzat esaten duela eta beraien asmoa dela, populazio osoarentzat norberaren sexualitatea lantzeko baliabideak eskaintzea. «Sexualitatea ez da bakarrik jende gazte, eder eta bikotedunentzat, baizik eta ama izan berri direnentzat, jubilatuentzat, bikoterik ez duenaren­tzat eta izan nahi ez duenaren­tzat ere bada», gaineratu du Mendizabalek. «Gizar­tea­ren sexualitate ereduak kanpo uzten ditu aniztasun funtzionala dutenak, umeak, lodiak, ‘itsusiak’, zaharrak, pobreak... Guk guztion sexualitatea nahi dugu, anitza, aberatsa, bakarra», jarraitu du. Honi lotuta, esan dute emakumeen sexualitatea ikusgarri egitea dutela helburu, askotan gizonena goraipatu eta emakumeena ikusezinagoa bihur­tzen baita.

Mendizabal: «Sexualitatea ez da bakarrik jende gazte, eder eta bikotedunentzat, baizik eta ama izan berri direnentzat, jubilatuentzat, bikoterik izan eta nahi ez duenarentzat ere bada».

Zailtasunak, adin guztietan
Gizon eta emakumeek, adina edozein izanik, bakarka edota bikotean, sexu eta bikote zailtasunak izaten dituztela diote adituek: «gure bizitzan zehar aldaketa ugari izaten ditugu; gaixotasunak, haurdunaldia… eta horiek ere gure sexualitatean eragiten dute, horren inguruan ere zalantzak sortu daitezke eta gu horretan laguntzeko gaude».
Sexualitateaz ez dela lasai hitz egiten diote: «oso orokorrean eta gizarteak espero duenaren inguruan hitz egiten da, baina benetan bakoitzaren bizipenak, kezkak edo pasioak, horietaz ez da hainbeste hitz egiten».
Azpimarratu nahi izan dute, badirudiela zerbitzua zailtasunekin identifikatzen dela, eta ez duela zertan horrela izan: «bizitza sexuala aberasteko, jakin-mina dugulako zerbaiten inguruan, gauza berriak ikasteko… tresna ere bada Plax».

Baglietto: «publiko anitza etorri zaigu; hogeitaka urteko bikoteak, 70 urtetik gorako bikoteak, amak, ama izan berri direnak eta hainbat gizon bakarka».

Publiko anitza
Oso pozik azaldu dira Arre­ma­ni­tzeko kideak zerbitzuak jaso duen harreragatik. Urtarrilean jarri zuten abian eta adin eta ezaugarri desberdinetako jendea gerturatu dela azaldu dute: «publiko anitza etorri zaigu; hogeitaka urteko bikoteak, 70 urtetik gorako bikoteak, amak, ama izan berri direnak eta hainbat gizon bakarka». Bagliettok esan du, atentzioa eman diela zenbat jende heldu
gerturatu den: «hori oso-oso pozgarria da. Izan ere, badirudi adin batetik aurrera eskubidea
galtzen dugula gure bizitza sexuala zaintzeko. Baina horrek demostratzen du ezetz, eta 70 urterekin ere planteatu gaitezkeela nola bizi edo sentitu nahi dugun gure sexualitatea».
Mendizabal: «guk jende guztia gonbidatu nahi dugu. Badaude egoera batzuk, nahiz eta pertsona bakarrik etorri, eskatzen dutenak bikotea baldin badauka, bikotekidea ere etortzea. Izan ere, badirudi bikotean batek duela zailtasuna, baina normalean zailtasuna gauzak nola antolatzen direnaren ondorioa izaten da. Horregatik, batzuetan bikotean lan egitea eskatzen diogu. Guk baliabide ezberdinak eskain­tzen ditugu, baina gero norbera da bidea aukeratzen duena».

Mota guztietako kontsultak
Gai ezberdinen inguruko za­lan­tzak argitzen laguntzeko era­bili daiteke zerbitzua. Adibi­dez, kontaktu intimorako modu berriak ezagutzeko, menopausiak sortutako aldaketa eta gogo berriei erantzuna emateko, jakin-min erotiko ezberdinei buruz galdetzeko, lagunduriko ugalketa egoera baten aurrean oreka erotikoa aurkitzeko, edota gaixotasun larri baten ondoren edo gaixo egon bitartean bizitza erotikoa berreskuratzen laguntzeko.
Bagiettlok azaldu du, kon­tsula ohikoenak bikote barru­an komunikazio zailtasunen ingurukoak, erekzio faltaren ingurukoak direla; orientazio sexualeko kontsultaren bat ere izan dute. «Zenbait guraso ere seme-alaben sexu hezkuntzaz kezkatuta hurbildu dira», esan du Mendizabalek.
Aipatu dute, hilero Kroni­kan artikulu bat izateak eragin positiboa duela: «sumatzen dugu artikulu bat publikatzen denean, kontsultak datozela gai horren inguruan. Beraz, ari gara lortzen sexualitatea kalean egotea, eta hori da helburua».

Mendizabal: «gure apustua izan da hilean bi egun jarri eta horietan hitzorduak jartzen joatea».

Zerbitzua erabiltzeko, modu ezberdinak
Edozein kontsulta egin nahi duenak bide ezberdinak ditu beraiekin harremanetan jar­tzeko.
Batetik, hilean bitan egoten da irekita bulegoa; ostegunetan, 15:30etatik 18:30etara, eta
larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara. Bestetik, telefonoz ere deitu daiteke 656 544 606 zenbakira. Hirugarren aukera e-postaz idaztea da, www.hernani.eus/sexu helbidean sartuta.
Edurne Mendizabal: «gure apustua izan da hilean bi egun jarri eta horietan hitzorduak jartzea. Email bidez ere egin daitezke kontsultak eta telefonoa egunero daukagu mar­txan. Nolabait, ahalik eta jende gehienarengana iritsi nahi dugu. Gainera, hitzordu horiek beteta egoten dira eta itxaron zerrenda dago. Beraz, ordua hartu behar da aldez aurretik». Azpimarratu dute zerbitzu profesional eta konfidentziala dela, eta jendeak beti erantzuten duela.
Harremanetan jar­tzeko bide ezberdinak izateak gauzak errazten laguntzen du: «adibidez, emailezko zenbait kontsulta berehala kudeatu daitezke, jendeak galdera egin eta guk erantzun. Beste batzuk, aldiz, guregana etorri eta gurekin ordu erdi inguru egon eta gero, bere gauzak antolatzen dituzte. Eta beste batzuk, berriz, beste saio edo prozesu luzexeago bat behar dute. Ez dugu terapia lana egiten, baina bidelagun izaten gara prozesu horretan».

Urte berria, helburu  berriak

Arremanitzeko kideek bakoitzak bere gorputzarekin festa bat egitera gonbidatzen dute jendea, bakoitzak bere estilora eta bere modura.

Ohikoa da entzutea urte berriarekin batera dieta egiten edo kiroldegira joaten hasiko garela. Arremanitzeko kideek proposatzen dute gauza berriak probatzen hasteko. Axier Bagliettok horrela dio: «Urte zaharra ziklo aldaketa baten garaia da; hurrengo urterako erronkak plantea­tzen ditugu, desio berriak… eta sexualitatearen kasuan berdintsua da, eta garrantzi­tsua, gainera».
Beraien ustez, momentu sinboliko horiek aprobetxatu behar ditugu etenak egiteko eta geure buruari galderak egiteko. «Nolabaiteko erritual bat egin beharko genuke eta esan: erre nahi ditut nire bizitzako zenbait gauza, eta urte berrirako beste hau nahi dut», dio Bagliettok. Gure gorputza baloratu behar dugula dio Edurne Mendizabalek, eta bakoitzak, bera bakarrik edota
beste batzuekin, festa bat egitera animatzen gaitu: «bakoi­tzak bere estiloan eta bere modura; eta ohoratu dezagun gure gorputza».

«Hartu denbora, eta presarik gabe konektatu sentsazio horiekin. Ez dugu zertan kitzikapenaren bila joan behar».
«Lagungarri izan daiteke literatura erotikoa, pelikulak, edo zuk zeuk idaztea zuri gustatzen zaizuna».

Azpimarratu nahi izan dute, argi izan behar dugula, beti abiapuntua pertsona berak izan behar duela. Ideia desberdinak proposatzen dituzte: «izan daiteke, adibidez, baineran jarri musikarekin, edo beste batek nahiago izango du dantza egin edota gauza berriak probatu… Guk beti planteatzen dugu bost zentzumenen garrantzia, nolabait gure sentsazioak zentzumenetatik datoz, eta beraz pentsatu dezagun bakoitzari zer gustatzen zaigun, zer den atsegina guretzako, zer gustatzen zaigun dastatzea. Hartu denbora, eta presarik gabe konektatu sentsazio horiekin. Ez dugu zertan kitzikapenaren bila joan behar».
Askotan, pentsatzen dugu plazera kanpotik etorriko zaigula, beste norbaitek egingo digula zerbait, eta beste norbaiten esku uztea erakusten digute, batez ere emakumeen kasuan. Baina norberaren plazeraren erantzule gu geu garela azaldu du Edurne Mendizabalek.
Sexualitatearen ikuspuntutik beti esaten da organo sexual indartsuena burua dela. Pentsatzen edota imajinatzen dugun hori ilustratzea garrantzitsua dela diote: «horretarako ere lagungarri izan daiteke literatura erotikoa, pelikulak, edo zuk zeuk idaztea zuri gustatzen zaizuna».
Gauza berriak probatzera animatzen dute jendea, gauza txikiak izan daitezke. Beti gauza handien bila goazela diote: «baina edozein gauza txiki, lekua dela, egiteko modua… edozein aldaketa txikik onura handia ekar dezake, espektatiba handiak behar izan gabe».

Isabel Pozueta Fernandez

Aurten, Axier Baglietto eta Nerea Sancho izan dira zerbitzuko arduradunak eta datorren urtean, berriz, Isabel Pozuetak hartuko du ardura. Pozueta soziologoa eta sexologian aditua da. Urteetako esperientzia du, izan ere, 1994-2006 urte bitarteetan Etxarri-Aranatzeko Emakumeentzako Arreta Zentroko sexu hezitzaile bezala aritu zen. Gaur egun, Nafarroako eta Gipuzkoako hainbat ikastetxetan sexu heziketa eta hezkidetza lantzen aritzen da eta irakasleei formazioa ematen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!