Erreportajeak

«Podemos erabakitze eskubidea aldarrikatzen duen alderdi nazional bakarra da»

Kronika - Erredakzioa 2015ko abe. 18a, 11:19

Aldaketarako momentua dela aldarrikatzen duzue. Zuek zarete aldaketa?
Gainontzeko alderdiak errespetatuz, baina bai, aldaketarako momentua da. Itxaropentsu gaude, Estatuko alderdi batek, azkenean, hemengo aldarrikapenekin bat egiten duelako: emakumeak, gazteak, langileak... Eta erabakitze eskubidea aldarrikatzen duen alderdi nazional bakarra da Estatu mailan.

 

Inkestek goraka egiten ari zaretela diote. Zer espero duzue?
Inkestek gora egitea ondo dago, baina batzuetan animatu eta besteetan desanimatu egiten dute. Orain oso emaitza onak izaten ari gara eta gustatuko litzaidake hori horrela izatea. Euskal Herrian Podemos garrantzitsua da; ETA desagertzean jaio zen, beraz, ez dauka beste alderdi batzuen karga historikoa. Bakegintzan gure ikuspegia garrantzitsua da, gaur Madrilen eta bihar Gasteizen. Zerbait diferentea eskaini dezakegu.

 

Zergatik da garrantzitsua zuentzat Senatuan eta Kongresuan egotea?
Jokatzeko markoa da Konstituzioa, eta hor bi errealitate daude. Gaur egungo herritar batzuk ez zuten Konstituzioan parte hartu, hiru arrazoiengatik:  onartu zen garaian bozkatzeko gazteegiak zirelako, oraindik ez zirelako jaio, edo ezetz esan zutelako. Orain birplanteatu egin behar da. Adibidez, Monarkia debatitu behar da.

Bestalde, nahi dugu Senatua izatea benetan nazio guztien ordezkaritza, eta erabakitzeko eskubidea bertara eramatea. Podemos ez da independentista, baina bertako batzuk badira. Prozesua ireki behar da hitz egiteko. Bestalde, eskubide sozialak (etxebizitza, oinarrizko osasuna, hezkuntza) ere jasotzen dira Konstituzioan, baina gero ikusi behar da nola interpretatzen diren: etxe kaleratzeak... Eta partaidetza eta gardentasuna ere instituzioetara eraman nahi ditugu, ate birakariak kendu... Han bazaude, egin daiteke. Justizia independentea izatea, baita ere, Madrilen erabakitzen da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!