Bada denbora bat ginekologia zerbitzua ematen duzula Hernanin. Nolakoa izan da harrera?
Martxotik dugu kontsulta zabalik, Urbieta kaleko Mediku Zentroan. Quironek proposatu zidan kontsulta jartzea, bere babesarekin eta aurrera egitea erabaki nuen. Ni naiz titularra eta kontsultak pasatzen ditut bertan. Herrian harrera ona izan dugu, kontuan izan behar baita, Hernanin eta inguruko herrietan ez zegoela ginekologo kontsulta pribaturik. Jendeak ondo hartu gaitu, eta pixkanaka ari dira gerturatzen... Gauza hauek bere denbora behar izaten dute: ezagutu, konfiantza hartu... Pozik gaude erantzunarekin.
Eskaintza zabala duzu: urteroko errebisioak, haurdunaldi kontrolak, erditzea...
Kontsultan zerbitzu konpletoa ematen dugu: errebisioak, haurdunaldien kontrola, ekografiak egiten ditugu... Pazienteak behar duenera egokitzen gara: errebisioak egin, galdera edo zalantzak argitu, antisorgailuen jarraipena egin, lagundutako ugalketari buruzko gomendioak eman...
Eskaintzen dituzun zerbitzuetako batzuk ezin dituzu ordea hemen eman. Nora deribatzen dituzu?
Pazientearen beharraren arabera, zentro batera edo bestera deribatzen ditut. Ebakuntzak, mamografiak, ekografia bereziak... izaten dira normalean, kasu horiek. Nik Quironekin egiten dut lana, baina seguruaren arabera, norbaitek beste nonbaitera bideratzea nahi badu, ez da arazorik izaten.
Urteko errebisioei buruz aritu gara lehen... Zeri deitzen diogu errebisio bat egitea?
Errebisioetan esplorazio bat egiten dugu: zitologia, baginako ekografia eta bularren esplorazioa. Egia da ez dela beharrezkoa urtero errebisio bat egitea, baina badira kasu batzuk, komeni dena, hauek esaterako: ugaltzeko adin aproposa dutenek, antisorgailuak hartzen dituztenek... Pazientea bere borondatez etortzen da normalean.
Beraz, zitologia urtero egin behar den edo ez zalantza dutenei, zer gomendatzen diezu zuk?
Herri mailan, gaur egun gomendatzen dena da zitologia egitea erlazio sexualak izan eta urtebetera, edo 21 urtetik aurrera. Lehenengo bi urteetan egitea gomendatzen da, eta dena ondo ateratzen bada, hiru urtetik behin. Kontuan izan behar da, zitologia dela metodoetako bat, umetoki lepoko minbiziari aurre hartzeko. Hemen ere, kasu ezberdinak daude: GIB (VIH) dutenek edo-eta aurrekariren bat dutenek, beste kontrol bat izan behar dute.
Bularreko minbiziaren kanpaina ere, bete-betean da. Kasu honetan ere, gaixotasunei aurre hartzeak duen garrantziaz hitz egiten da.
Aurre hartzeak garrantzia haundia du kasu guztietan. Bularreko minbiziari dagokionean, aurre hartzeko metodoetako bat da 40-50 urte bitarteko emakumeei mamografia egitea. Hori da gomendatzen dena, baina beste kasu batzuetan ere gomendatzen da errebisioak lehenago egitea edo ohi baino zorrotzagoak izatea. Kasu horietako bat izan daiteke bularreko minbizia ahizpak edo amak izan duenean.
Nor berak ukitu eta kontrol bat eramatea ere, gomendatzen al duzu?
Bai, beti ere, neurrian; ez baitago ezer zehaztua. Emakume bakoitzak bere gorputza ondo ezagutzea da garrantzitsua. Norberak ukitzea egunerokoan, eroso sentitzen denean, dutxatzen denean, krema ematen duenean... Ohikoa ez den zerbait topatzen duenean jo behar du kontsultara.
Sexu transmisiozko gaixotasunen inguruan ere, baduzu zer esana.
Kasu honetan aholkua ematea da egokiena. Sexu askatasun haundigoa dago gaur egun eta oso gaztetatik hartzen dira antisorgailuak; guk behin eta berriz gogorarazi nahi dugu, hauekin ez direla sexu transmisiozko gaixotasunak prebenitzen, preserbatiboa erabili behar dela.
Eta gaixotasunak alde batera utzita. Ume bat izan nahi duen emakume batek, aurrez errebisio bat egitea komeni al da?
Guk historiala egiten dugu, gaixotasunen bat dagoen ikusi... Kasu honetan ere, pazientearen arabera izaten da. Zitologia bat egitea ere, ondo egon daiteke. Umearen bila hastea erabakita badute, bi hilabete lehenago Azido Folikoa eta Iodoa hartzen hastea gomendatzen dut. Honek laguntzen du umeak malformaziorik ez izatea.
Zein da umearen bila hasten direnei ematen diezun gomendioa?
Astean bi edo hiru aldiz erlazioak izatea, egutegia kontuan izan gabe. Urtebete saiatu eta gero, haurdunaldia ez bada lortu, begiratzen hasten gara. Hilerokoa irregularra dutenen kasuan, errebisatu liteke arrazoia zein den, eta lagungarria den zerbait bilatu daiteke.
Haurdunaldien jarraipena ere egiten duzula aipatu duzu hasieran... Zein da zure ustez, jarraipen egokia?
Derrigorrezkoak hiru errebisio dira. 12garren astean egiten da bat, eta bertan Triple cribado proba egiten da, besteak beste. 20garren astean, batez ere, malformazioak begiratzen dira. Eta azkena 32-34garren astean egiten da, eta bertan aztertzen dira jaiotzean izan ditzakeen zailtasunak, umekiaren posizioa edo aurrez ikusi ez diren malformazioak. Hiru horiez gain, guk hileroko errebisioak ere egiten ditugu; eta errebisio horietan ekografia egiten dugu. Kontsulta horietan ikusten da haurdunaldia nola dijoan, umea nola ari den hazten, zalantzak argitzen dira...
Gaur egun bada jendea ginekologia errebisioei garrantzirik ematen ez diona, edo tabu bezala bizi duena. Zer gomendatuko zenieke?
Beldurra galdu behar dela esango nieke. Deserosoa da, inork ez du gustuko, baina osasunari begira, garrantzitsua da errebisioak egitea. Probak ez dira gustukoak, baino ez dute minik ematen. Beldur hori kentzeko garrantzitsua da ginekologoa beti berdina izatea, zalantzak argituko dizkiguna, konfiantza ematen diguna. Ginekologoarekin kontaktu zuzena izatea ere inportantea da, eta hori da gure fuertea. Beharra dagoenena, zalantzak dituzten momentuan, hor egotea; harreman zuzena izatea.