Hollywoodeko Oscar Sarietarako aukeratua izan daiteke Loreak filma, ingelesezkoak ez diren pelikulen atalean parte hartzeko. Irailaren 29an jakingo da Oscarretan izango den ala ez; Loreak, Felices 140 edo Magical Girl pelikulen artean dago lehia.
Jon Garaño astigartarrak zuzendu du Loreak filma, Jose Mari Goenagarekin batera, eta ilusioz jaso du berria, baina hankak lurrean.
Nola jakin zenuten Loreak izan zela aukeratuetako bat?
Kuriosoa izan zen. Produktorak esan zidan Periscope aplikazioaren bidez ikusi ahal izango genuela iragarpena, eta aplikazioa jaitsi bezala, horixe izan zen entzun nuen lehenengo gauza! Eta hortik minutu batera, kazetariak deika ari ziren. Elkarrizketa pila bat ematen hasi ginen; eromena izan da, oihartzun haundia izan du.
Zer sentitu duzue?
Poza eta harridura. Sorpresa izan zen. Kiniela batzuetan agertzen zen aukera, baina ez genion kasurik egin. Itziar Aizpuru ere kiniela guztietan agertzen zen, bigarren mailako aktoreen artean hautatua izateko, eta azkenean ez zen gertatu. Neurtu egin behar izaten da. Beraz, hasieran lasai ginen, ardurarik gabe, eta gero, izugarrizko poza hartu genuen!
Iritsiz gero, Oscarretan egongo den aurreneko euskerazko pelikula izango da. Ardurarik sentitzen duzue?
Ardurarik, bat ere ez! Gertatuko balitz, oso polita izango litzateke guretzat, pelikularentzat eta euskal zinema eta kulturarentzat. Baina oso urruti ikusten dugu. Ez dut uste gertatuko denik. Baina garrantzitsua izango litzateke.
Zinemaldiko Sail Ofizialeko aurreneko euskerazko pelikula izan zen Loreak. Goya Sarietarako bi nominazio lortu zituen. Beste sari batzuk... Espero zenuten?
Lanean hastean ez duzu pentsatzen gerokoetan. Pelikulan bertan kontzentratzen zara. Nahi bai, nahi genuen gustatzea eta zabaltzea. Baina ez genuen espektatibarik. Gero, Zinemaldikoei aurkeztu genien, eta esan ziguten asko gustatu zitzailea. Orduan ilusionatzen hasi ginen. Eta harrera ona izan zuen publikoaren aldetik ere. Amesten hasi ginen. Oso ondo funtzionatu du, bai Euskal Herrian eta baita kanpoan ere; dezente, euskerazko pelikula bat izateko. Berrogeitik gora zinemalditan egon gara, 19 sari jaso ditu...
Izan al da ilusio berezirik egin dizun saririk?
Sarien artean, agian lehenengoetarikoa izan zelako edo, ilusio berezia egin zidan Tokioko Latin Beat jaialdiko aktore onenaren sariak; hiru neskek jaso zuten, Nagore Aranburuk, Itziar Aizpuruk eta Itziar Ituñok, eta oso polita izan zen. Bestalde, AEBtako Palm Springs Jaialdiko Latino Saria ere garrantzitsua izan zen. Baina denen artean ilusiorik haundiena, agian Donostiako Sail Ofizialean egoteak, edo Oscarretan egoteko aukerak egin dit. Maila desberdinekoak izan dira; hasieran ez dakizulako pelikularekin zer izango den, eta orain, pastelari ginda jartzea izango litzatekeelako.
Oscarretara iritsiz gero, zer?
Ez dugu pentsatu nahi. Oso zaila ikusten dugu, eta nahiko kontzentratuta gaude oraingo gauzetan. Aurre aukeraketa hau jasotzea oso polita izan da, eta horrekin pozik gaude.
Beste proeiktu batzuk dituzue eskuartean, orduan...
Pelikulari buelta batzuk emango dizkiogu oraindik. Joxe Mari Edinburgora joango da, eta ni Okzitaniako Tolosara (Toulouse). Oraindik bere bidea egiten ari da, baina ari gara pixkanaka alde batera uzten. Laster telebistan ere botako dute. Baina beste bi proiektu haundirekin bagabiltza. Batetik, Kate Begiak filma aurkeztuko dugu 2016ko zinemaldian, Moriartik eta 2016 Kultur Hiriburuak ekoitzia. Bestetik, ni Altzoko Handiari buruzko filmarekin ari naiz, buru-belarri. Ezin gara kejatu. Loreak filmak lagundu egin digu; atentzioa eman du eta finantzazioa lortzen laguntzen digu orain! Ez da gutxi!