Erreportajeak

«Kirol proiektuak denon artean adostutako eredua izan behar du, hezkuntza irizpide jakin batzuekin»

Kronika - Erredakzioa 2015ko abu. 2a, 02:00

Uda aurrera dijoa, eta datorren denboraldirako prestaketa lanak hastear dira. Noiz hasiko dituzte bi talde nagusiek entrenamenduak eta aurredenboraldia?
Gizonezkoena abuztuak 3an, bihar bertan, hasiko da, As­tigarragan. Emakumeena or­dea abuztuak 17an, eta ikusiko dugu non.

«Zubipe irailerako egongo dela esan digu Udalak. Momentuz belar zaharra kendu dugu auzolanean, eta udalaren eginkizuna da obra martxan jartzea»

Zein dira mutilen taldearen helburuak, denboraldi berrirako?
Txoratu gabe eta pausoz pau­so, denboraldia ondo prestatu eta lehiakor izatea lehenengo par­tidatik. Hortik aurrera, iaz mar­txan jarri genuen talde gaz­teari jarraipena eman nahi diogu, eta erakutsi beharko dugun he­l­du­tasun handiago baten es­kutik, gu­re buruari mugarik ez jartzea.

Neskek urteak daramazkite Emakumezkoen Euskal ligan. Zein dira aurtengo erronka nagusiak?
Euskal Liga mantendu nahiko genuke, noski! Baina horren aurretik, guretzat garrantzi­tsua da momentu honetan  nesken departa­men­tu guztia sendotzea, taldeari ahal dugun seriotasun guztia ema­tea eta lehiakortasunaren kulturan hazten jarraitzea.

Azken uholdeak medio, ateak itxita agurtu zuen Zubipek denboraldia. Berritze lanak amaitzear diren honetan, zein da zelaiaren egoera?
Amaitzear? Hasten direnean hasiko nahiz sinisten… Uru­mea otsailean atera zen eta, gaur arte behintzat, Zubipen egin den lan bakarra gure auzo-lana izan da. Makinarik ez dugu oraindik ikusi.   

«Ni Hernanira laguntzera etorri
naiz. Kirol proiektua zortzi lantaldetan oinarritu nahi dut, dena denon egitasmoa izan dadin, baina modu ordenatu batean»

Zein dira egin diren lanak? Eta etorkizunera begira, egoera hau saihesteko beste modurik aurreikusten al da klubean?
Udaletxeak eskatuta, guk ken­du genuen belar zaharra. Hor­tik aurrera, udaletxearen eginkizuna zen obra martxan jartzea. Baina dirurik jarri gabe egin nahi dutela argi esan digute, seguruek ematen dutenarekin bakarrik alegia! Ikusiko dugu noizko bukatzen den eta nola geratzen den…

CD Hernaniren zuzendaritza eta lantalde berria, aipatzeko aldaketak dira. Zein dira erronka nagusiak?
Ilusio handiarekin ekin diogu aldaketari. Klubak indar berria behar zuen. Egitura aldetik ideia nagusia hiru lantalde espezifikoetan lan egitea da: Komisio Instituzi­o­nala, Komisio Ekonomikoa eta Kirol Komisioa. Bakoitzean hi­ru direktibo eta zuzendari bat gaude eta hortik aterako dira atal bakoitzeko helburu eta bide zehatzak. Irailean egi­tas­mo guztia aurkezteko ideia egon badago, baina zelaia dau­kagunean hartu ahal izango dugu benetako martxa.  

Kirol proiektu berria izango al du CD Hernanik? Labur-labur, zertzelada batzuk aurreratzerik bai?
Ni Hernanira laguntzera etorri naiz. Bertakoak pixka bat pro­bokatzera eta suspertzera. Ez dut uste nirea ezartzea ideia ona izango zenik. Bide ho­rretatik, zortzi lantaldetan oi­narritu nahi dut dena denon egitasmoa izan dadin, baina modu ordenatu batean. Alde batetik zazpi departamen­tutan banatuko dugu egitura: gizonak, jubenilak, kadeteak, infantilak, emakumeak, nes­kak eta hastapen futbola. Bes­tetik, departamentu bakoitze­ko arduradunekin Komisio Tekniko bat osatu dugu, dena ondo koordinatzeko. Nire ametsa, klubean hiru gauza ezartzea da: lantalde txikiz osatutako eta funtzionamen­du dinamikoko egitura bat; denon artean adostutako Kirol Eredu eta Hezkuntza irizpide jakin batzuk; eta egitura osorako metodologi progresibo eta zentzudun bat. Nik alde eginda hori geratzea gusta­tuko litzaidake.

Futbol eskola indartu nahi duzuela ere, esan duzue behin baino gehiagotan.
Zein dira emango diren pausuak?

Udalak Zubipe irailerako egon­go dela esan digu, beraz, Futbol Eskolarekin aurrera goaz. Dagoeneko irekita dugu izen-emate epea eta ilusio berrituekin ari gara presta­tzen. Adin bakoitzak bere arduradun espezifikoa izango du eta metodologia aldetik ere buelta txiki bat eman nahi diogu: beti ere gure heziketa irizpideen eskutik eta ariketa dibertigarrien bitartez, baina ahalik eta gehien eta egokien teknifikatu nahi ditugu hau­rrak. Dena den, guzti hau ere Zubipe prest dagoenean aur­keztu eta zabalduko dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!