Erreportajeak

«Jendea begira eta kronometroa martxan jartzera dijoanean izaten diren urduritasunak dira okerrena»

Kronika - Erredakzioa 2015ko uzt. 24a, 02:00

Denboraldi bikaina egin du Aritz Urdanpilleta txirrin­du­lari ereñotzuarrak, eta le­hen­go urtean ere bikain ibili zen. Hori horrela, Euskal Selek­zi­oak Es­painiako BTT jaitsieren Txa­pel­ketarako deitu du. Panticosako eski estazioan joka­tuko da txapelketa, igan­de honetan bertan. 
Gaur bertan abiatuko da bertara, txapelketa jokatu aurretik zirkuitua ikusi eta entrenatzeko denbora pixka bat izateko.
 
Hau ez da Euskal Selekzioarekin parte hartzeko deitu dizuten aurreneko aldia. Ondo moldatzen zaren seinale, ezta?
Ez da lehenengo aldia, ez. Lehengo urtean ere deitu zidaten. Aukeraketa proze­sua egiten dute urtean zehar lortutako emaitzak, momen­tuan nola ikusten zaituzten eta beste zenbait kriterio jarraituz. Pasa den den­boraldian Ope­neko bigarren postua lortu nuen, eta horrek ere eragina izan du aurtengo deialdian.

Espainiako Txapelketan ariko zara. Ezagutzen dituzu aurkariak? Zer izango da zailena?
Ez daukat aurkari zuzenik. Ahal dudan mailarik onena ematen saiatuko naiz, eta gero, gerokoak. Nire ustez, zailena lasterketa eguneko nerbioak kontrolatzea izan­go da. Jendea begira eta kro­nometroa martxan jar­tzera dijoanean izaten diren ur­duritasunak dira okerrena, ez baitute daukazun guztia ematen uzten.

«Oso zirkuito fisikoa da; amaierara besoetako indarrak justu ditugula iristen gara»

Panticosako eski estazioan egin beharko duzue jaitsiera. Nolako ibilbidea da?
Ibilbidea lehengo urtekoaren antzekoa izango da. Hala ere, tramo berri batzuk sartu dizkiote. Oso zirkuitu fisikoa da; amaierara besoetako indarrak justu ditugula iristen gara. Horrez gain, baditu zenbait tramo oso teknikoak direnak, eta den­bora benetan irabazten da tramo hauek azkar pasaz. Gaur ikusiko dugu zirkuitua oinez, eta ondoren larunbata entrenatzeko eguna izango da; igandean, berriz, laster­keta jokatuko da.

Nola entrenatzen da bat, horrelako probetarako?
Nire entrenamenduak as­tean zehar fisikoak izaten dira; bizikleta hartu eta pedalei emanez eta besoak landuz. Asteburuetan, edo libreago nagoenetan, aldiz, arlo teknikoa lantzen dut; zirkuitu batera joan eta bertan jaitsierak egiten ditut.

«Mundu mailan dabiltzan txirrindulari asko daude Espainian»

Zein helburu daukazu txapelketa honetan? Irabazteko aukerarik ikusten duzu?
Ez! Irabaztea ezinez­koa ikus­ten dut! Maila oso altua dago, mundu mailan kon­petitzen dabiltzan txi­rrin­dulari asko daude Espainian, eta bestalde, aurten uni­bertsitateko lan asko izan ditut, eta ez dut behar den bezala entrenatzeko astirik izan. Nere helburua sub23 mailako lehen 15en barruan sartzea izango da. Baina horretarako gauzak oso ondo atera beharko zaizkit.

Proba honen ondoren, baudakazu besterik buruan? Euskal Selekzioarekin jarraitzeko aukerarik izango duzu?
Proba honen ondoren, abuz­tua lasai antzera hartuko dut. Ondoren, irailean Bur­gos eta Euskadiko Txa­pel­ketak jokatuko nituzke. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!