Erreportajeak

«Debutatzea ere ez nuen espero!»

Kronika - Erredakzioa 2015ko uzt. 22a, 02:00

Denbora gutxian marka politak egin ditu Imanol An­sak. 19 urterekin, erre­mon­tista profesionalen artean de­bu­tatu zuen apirilean, eta da­goeneko, bi txapela lortu di­tu: Promozio Txapel­keta­ko­a eta Azpeitiako Torneo­ko­a. Kronikak ere lanean harrapatu du, Galarretan, estelarra jokatu berritan.
Ostiralean, berriz, beste marka berezi bat utziko du ara­noarren bihotzetan, 18:00e­tan itxaferoa botatzean.

Urnietakoa zara, baina badaukazu Aranorekin loturarik, ezta?
Atta zen Aranokoa; Agustin Ansa. 

Badaukazu bertara joateko ohiturarik? 
Gutxi. Ehiza garaian, osa­barekin. Gainontzean, familia ere, amona eta osaba, Urnie­tara etorri dira.

Eta festak, ezagutzen dituzu?
Txikitan joaten nintzen. Ber­tan egon, soziedadean afaldu, eta gutxi gehiago. Ume-jolasetan ibili...

Aranoarrak, berriz, zurekin gogoratu dira itxaferoa botatzeko. Zer sentitzen da?
Kuriosoa izan zen! Deitu egin zidaten, ea itxaferoa botako nuen galdetzeko. Ilusioa egin zidan eta baietz esan nuen, eta haiek, berriz, ezetz esanen nuela uste zutela! Poza hartu nuen.

Gainera, ez zara bakarrik egonen...
Antton Ansa, eta Jon Ander Elorza ere nerekin izanen dira. Hirurak ibili gara erremon­tean; Jon Ander afiziona­tu­etan, eta Antton Ansa, Ansa I da. Aitaren lehengusua ere bada, eta orain, nere bo­tilleroa izanen da mano manoan!

«Erremonterako afizioa aitak sartu zidan; afizionatuetan ibili zen bera»

Apirilean debutatu zenuen profesionaletan, baina nola hasi zinen?
Beti etorri izan naiz Ga­la­rretako frontoira, ikustera. Gero, Ander Goikoetxea ur­nietarra hasi zen, eta nik ere probatu egin nahi izan nuen. Gustatu egin zitzaidan! Baina afizioa, aitak sartu zidan. Bera afizionatuetan ibili zen. Behin hasita, fitxa Urnietan neukan; federatiba Urnietatik egiten zen, baina entrenatzea libreagoa zen, eta Galarretan jokatu izan dut beti. 14-15 urterekin hasi nintzen entrenatzen, eta txapel­ketetan 17 bat urterekin sartu nintzen. Maila pixka bat hartu arte itxoin nuen.

Lehenago esku pilotan ere aritu zara, ezta?
12 urte arte, bai. Baina gu txikiak izan gara beti, eta egurra ematen ziguten! Eskuan indarrik ez badau­kazu, horixe gertatzen da! Baina eskuz ibili izanak bentaja egin dit erremontean.

Hori ote sekretua? Debutatu, eta bi txapela lortu! Espero zenuen? Zein izan da zailena?
Espero... Debutatzea ere ez nuen espero! Bikoteak ere onak eduki ditut; Zubiri eta Agirrezabala. Beraien­gatik izan ez balitz, ezinezkoa izanen zen. Nik uste, Pro­mo­zio Txapelketa zailagoa izan zela. Lehenengo partidua tanto bakarrarengatik irabazi genuen, eta finala ere bai, erremontatuta. Azpeitian izan nuen bikotea, Agirre­za­bala, primerakoa, aurreneko mailakoa da, eta diferentzia markatu zuen.

Zein helburu dituzu orain?
Helburua beti da hobetzea. Goikoak oso urruti daude. Pazientziarekin hartu eta partiduz partidu joan behar dut. Ez ditut jarriko ez dakit nolako helburuak. Estelarra jokatuta, ikusi dut zer dagoen goian! A ze egurra!

Zein da Ansa IIren indargunea?
Daukadan indar gutxia ondo aprobetxatzen dudala. Esaten didate txikia naizela, baina eman egiten diotela. Eta tantoa aurrean bukatzean asmatzen jakitea. Pelota ondo dagoenean aprobe­txa­tzen badakit. Erasoa hobea daukat defentsa baino.

«Aranon pala txapelketan ibilia naiz, baina orain utzia daukat. Anaia ibili da aurten»  

Erremontista faboritorik ba al daukazu?
Txikitatik Zeberio gustatu izan zait. Nere ezaugarriak, maila txikiagoan, baina be­re­ak bezalakoak direla uste dut.

Eta aitaren ezaugarririk ba al daukazu? 
Hasi nintzenean, aitarekin entrenatzen nuen. Dakitena berak erakutsi zidan. Hona, Galarretara etortzean, esan zidaten txikia nintzela eta ne­re kabuz hasteko. Urni­e­ta­ko fron­toian hasi nintzen aitare­kin. Berak erakutsi zidan.

«Afizioa badago. Debutatu nuenean jende bastante etorri zen Aranotik»

Aranon pilotarekiko afiziorik ba al dago? Pala txapelketa oraintxe jokatu da...
Ni ere ibilia naiz! Baina orain utzia daukat, palak erre­mon­te­rako kalte egiten duelako. Aurten anaia ibili da, eta finalerdietan gelditu da! Afizioa badago. Debutatu nuenean jende bastante etorri zen Aranotik. Ansa I ere etortzen da, eta orain botillero jarriko da.

Zer esango zenieke pilotaren inguruan ibiltzen diren gazteei?
Gehienak pilotan hasten dira. Baina esango nieke pro­ba­tze­ko erremontea. Eskola gutxi dago, eta serio hartuz gero, aukera izanen dute. Gainera, behar da! Probatu dezatela. Askok, hasi eta 3 astera utzi egiten dute. Pazientzia behar da emaitzak jasotzeko eta disfrutatzen hasteko.

Zu hasi zara?
Ni, aspaldi! Eta orain gehiago disfrutatzen dut!

Festekin ere gozatuko duzu?
Behin joanda, zerbait hartu eta, egingo dugu. Polita izanen da. Izebak eta, ere han egonen dira. Gazteak falta direla, baina! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!