Erreportajeak

«Disfrutatzen dudalako etortzen naiz urtero Osiñagara, erraz pasatzen da eguna»

Kronika - Erredakzioa 2015ko eka. 6a, 02:00

Osiñagako jaietan izango zara aurten ere. Kontua galduta izango duzu honezkero...
Bai, 25 urte izango dira ospa­tzen hasi zirela, eta bertan izan nintzen aurreneko jai haietan. Eta oraindik ere, joaten segitzen dut, behin ere hutsik egin gabe.

Ondo ezagutzen dituzu zuk. Nolako jaiak dira?
Oso jai familiarrak dira Osiña­gakoak. Gazte eta zahar, denak elkarrekin egoten dira, festaz disfrutatzen. Eta ilusioa egiten du horrek. Eguna pasatzeko, aukera ederra dira Osiñagako festak.

Nolakoak ziren hasieran, eta zertan aldatu dira?
Berdintsuak ziren aurreneko urte haietan ere. Auzotarrak festa giroan elkartu, tertulia pixka bat, bazkaria, musika... Eta ondo pasa. Horri segimena eman zaio, eta oro har, auzo­etako jaiak ez dira askorik aldatu.

Jaiak berdintsu, eta zuk ere hala jarraitzen al duzu?
Ba bai, nik ere igualtsu segi­tzen dut, festaz festa, eta egiten dudanaz disfrutatzen. Mundu honetan hasi nintze­nean beza­­laxe.

Ba al dago zure trikitiaren soinua entzun ez duen jairik?
Ba igual ez dago, ez! Azkenean, gauza bat edo besteagatik, ia herri eta auzo guztietan tokatu zait jotzea. Garai batean asko ibili nintzen, bai. Orain, ordea, gutxiagotan jotzen dut. Urte askotan joandako jaietatik deitzen naute, eta oso gustora joaten naiz, ezagutzen dudan jendearekin elkartzen naize­la­ko berriro.

Osiñaga da horietako bat...
Bai, bertakoa banintz bezala sentitzen naiz. Nire auzoa balitz bezala da Osiñaga, eta poza ematen dit berriro ber­tako jendearekin elkartzeak.

Erreleborik ba al daukazu?
Bai bai, gazteak ere ari dira honetan sartzen. Gainera, oso sentsazio ona daukat haiekin! Erreleboa oso ona dator, baina bi aldeetatik: bai trikitia jotzen, eta baita dantzan ere.

«Jende animosoa dira Osiñagako auzotarrak, horregatik segitzen dute jaiak antolatzen. Txikitatik ezagutu dituzte, 
eta txikitan egun polit bat pasa bazenuen, hori mantendu nahia sortzen zaizu».

Hainbeste urtetan, denetik tokatuko zitzaizun jaietan. Zein izan da egin duzun gauzarik bitxiena?
Arbizuko jaietan, asto gainean aritu izan naiz trikitia jotzen, eta beste zenbaitetan, baten baten bizkarrera igota ere bai. Arina naiz eta! Momentuan okurritzen zaiena eskatzen di­zu­te, eta prest egon behar duzu egiteko. Umore onez, beti.

Egunean zehar eta iluntzean joko duzu aurtengo jaietan. Nolako giroa izaten da?
Giro oneko jendea izaten da jaietan, jende animosoa dira Osiñagakoak. Horre­ga­tik segi­tzen dute jaiak anto­latzen hain­­beste urteren ondo­ren. Txiki­tatik ezagutu dituzte, eta ondo pasa dute. Eta txikitan egun polit bat pasa bazenuen, hori mantendu nahia sortzen zaizu. 
Egun osoan, giro ederra izaten da, pelota partiduekin, bazkalor­duan bertsolariekin, abereen desafioa ere bai... Eta hutsunerik bada, soinu pixka bat jartzen dut, girotzeko eta jendea entretenitzeko. Jendea gustora ikustea oso polita da.

Trikitia jo bai, baina festaz disfrutatzeko ere izango duzu aukera, ezta?
Bai, noski! Erraz pasatzen da eguna han, eta horregatik joaten naiz, asko disfrutatzen dudalako. Trikitia jotzea, horre­lako jaietan, ez dut lan bezala hartzen. Oso gustora egoten naiz Osiñagan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!