Erreportajeak

«Hiru ardatz ditu kartelak: dantza, festa giroa eta hainbeste onura eman dizkigun frontoia»

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 23a, 02:00

EREÑOTZUKO San Antonio jaiak iragartzeko Kartel Le­hiaketa antolatu zutela jakin zutenean, Eñaut eta Ugaitzek, 6 eta 4 urteko mutikoek, argi zuten aurkeztu eta irabazi egin behar zutela. Eta nahia egi bihurtu zen. Aurtengo Dantzari Festan ateratako argazki bat da kartelaren ardatza, eta ondoan ditu, oinarrietan eskatzen ziren izenburua eta data. Izaskun amaren laguntza izan dute prozesu osoan, eta ideia nola bururatu zitzaien galdetuta, hala diote: «argazki arrunta da. Dantzari Egunean emanaldia ikustera joan ginen, eta momentu horretan atera genuen. Festa giroaz gogoratu ginen, eta kartel lehiaketan pentsatuz atera genuen. Gero, festen izena eta urtea idatzi genion gainean, eta hala entregatu genuen».

«Behin lana aurkezten duzunean, beti duzu irabazi duzunaren esperantza»

Hiru kontzeptuk egiten dute bat: frontoia, festa eta dantzak
Festa giroa erakusten dute kartelean, baina baita Ereñotzun inportantea bihurtu den leku bat: frontoia. Hala dio Izas­kunek: «dantzarien atzean fron­­toia ikusten da, eta horrek badu bere funtsa. Hiru kon­tzep­tuk egiten dute bat kartelean: festa giroak, dantzak eta Ereñotzuri hainbeste onura ekarri dizkigun frontoia. Ezin­besteko bihurtu zaigu frontoia bai festetan, edozein ekitaldi egiten dugunean, edo eguneroko arratsalde euritsuetan».

«Motibazioa Eñaut eta 
Ugaitzena izan da»

Lehendabiziko aldia da Izas­kun, Eñaut eta Ugaitz kartel lehiaketa batera aurkezten direla: «aurreneko aldia izan da. Beraz, ezin esan daiteke honetarako afiziorik dugunik. Motibazioa haurrena izan da».
Irabaztea espero zuten edo ez galdetuta, esperantza beti man­tentze dela dio Izaskunek: «behin lana aurkeztea erabakitzen duzunean, suposatzen dut beti mantentzen duzula irabazteko esperantza. Gaine­ra, lan irabazleaz aparte, Eñautek egindako marrazki bat ere aurkeztu genuen, aukerak haunditzeko. Eta lortu dugu irabaztea!». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!