‘Erraiak’ eta ‘Tractatus’ liburuek bat egiten dute ‘Erractus’ emanaldian. Nondik dator errezitaldi hau sortzeko ideia?
Ezer baino lehen, esango nuke, elkarrekiko miresmen politiko-literario batetik datorrela. Maitemindu egin ginen hasieratik: elkarren lanak ezagutu eta ondoren geu elkar ezagutu. Gero, Durangoko Azokan, bi liburuak aurkezteko aukera izan genuen. Hirurok zerbait egitea pentsatu genuen, eta bi obrek zituzten elkarrizketa gaitasuna zela-eta, segituan hartu zuen errezitaldi itxura.
Zer aldarrikatzen du ‘Erractus’ emanaldiak?
Bi lanek hainbat gai jorratzen di-tuzte, denak ikuspuntu feministatik. Familia, indarkeria, klase identitatea... jendarte honen miseriak, finean. Denak feminismotik, baina baita umoretik ere. Baina esango nuke emanaldi hau, diskurtso eta gorputzez plaza-hartze indartsu bat dela, ezer baino gehiago. Bestalde, euskal literaturan ere, arrakala bat dela esango nuke: hiru emakume, sortzaileak eta feministak, ahotsa altxa eta plaza hartuz... hor ere badu bere kritika puntua.
Hiruk osatzen duzue taldea: zuk, Kattalin Miner, Jule Goikoetxeak eta Danele Sarriugartek. Zer eskaintzen dio bakoitzak funtzioari?
Hasteko, Jule eta Danelek beraien lanak jarri dituzte plazan, eta beraz, horiek dira emanaldiaren oinarri. Neretzako sekulakoak dira bi obrak, barrenak eta burua irauli zizkidatenak; hasieratik irudikatu genituen elkarrizketan. Hiruok hala bizi dugu, eta batera egin dugu lana beti, testuak izugarri landuz. Egia da, batek agian tonuan ekarpena egiten duen bitartean, besteak eszenatokian, edo testu aldaketan egiten duela... Baina oro har, elkarrekin lan egiten dugu. Eszenatokian, diotenez, hiru pertsonalitate bereizten dira, hiruak oso indartsuak baina ezberdinak...
Performance itxura duen errezitaldia da.
Ez dakit zenbat duen performancetik, baina egia da gorputza jartzen dugula erdigunean, eta azalpenak soberan daudela. Austeroa da eszenaratzea, hala bilatu dugulako, eta indarra gure ahots eta mugimendu sotiletan dagoelako. Bilatu ere, hitzez beteriko kolpe bat bilatzen dugu akaso, baina hori hartzaileak esan behar.
'Bakea ez da existitzen, feminismoa bai' esana aipatzen duzue behin baino gehiagotan.
Hori Juleren perletako bat da. Berak agian beste zerbait esango luke, baina nik uste esaldi honek zer pentsatua ematen duela beti, eta hor indarra. Guk galdetzen dugu, zer da bakea? Norentzako bakea da? Nork definitzen du? Bakea gezur bat da, edo fikzio politiko edo semantiko bat, ez da iritsi eta bukatzen den gauza bat, batzuen bakea beti da besteon -emakumeon, sarri- miseria edo gerra, eta guk diogu bake faltsu horren aurrean, feminismoa dugula.
Hernani feminismoa bizirik dagoen herria da. Plaza berezia izango al da?
Ba egiari zor bai, baina onartu behar dut pertsonalki, plaza bereziagoa dela nere herria delako, feminista delako baino...! Karkar. Izan ere, halako zerbait etxean egiteak urduritasun puntu bat dauka. Baina bai, gure ikuslegoa orokorrean feminista izanda, Hernani etxe-giroa da zentzu horretan. Guk onena emango dugu, eta ea ikuslegoa asetzen dugun!