Karbonerak 9 urte egin ditu okupatuta. Nola izan da ibilbidea?
2006ko apirilean okupatu zen Karbonera lehenengo aldiz. Denbora askoan hutsa egon ostean, erabilpenik eman gabe egon ostean, okupatzea erabaki zen. Okupatzerakoan, etxebizitza moduan jarri zen goiko partea eta beheko partean gune bat jarri zen, etxebizitza beharrari ez ezik, beste behar batzuei ere erantzuteko. Hala antolatu ziren hitzaldiak, tailerrak, forumak…
Okupazioaren aurrean, Karboneraren jabe den enpresak salaketa penala jarri zuen urte hartan bertan. Ondorioz, lau herritar epaitu zituzten 2009ko irailean. Absolbitu egin zituzten, froga nahikorik ez zegoela eta.
Zazpi urtez, ez zen inongo berririk izan eta Karbonerak aurrera jarraitu zuen etxebizitza eskubidea bermatuz eta bere proiektua aurrera eramanez.
«Azpimarratzekoa da, bigarren okupazioa, emakumeek bakarrik egina izan dela; proiektu feminista bat izan da»
Eta 2011n, Ikatza Liburugunea sortu zen.
Hori da. Hainbat liburu jaso genituen, herriko taldeek eta norbanakoek emanak, eta kolektibizatu egin genituen. Liburuak dohainik uzten ziren. Preso bat, liburu bat ekimena ere sortu genuen. Eta hitzaldiak, festak, kontzertuak, proiekzioak, solasaldiak… antolatu genituen. Aipatzearren, honako liburuak aurkeztu zituzten beraien idazleek: Itziar Zigak Sexual Herria, Diana J. Torresek Pornoterrorismo… Kartzelaren inguruko zikloa ere antolatu genuen eta kartzela eta emakumeak gaia aztertu genuen, besteak beste.
Salaketa zibila iritsi zen arte.
2012ko abenduan, prozesu zibila ireki zutela jakin genuen. 2013ko martxoaren 4rako zehaztu zuten epaiketa eguna. Hala ere, azkenean, auzia hitzarmen bidez erabakitzea adostu zen. Urtebeteko erabilpen lagapena sinatu behar izan genuen. Hitzarmen horren arabera, 2014ko apirilaren 30ean utzi behar genuen eraikina. Dena dela, luzatzeko aukera bazegoela esan ziguten, baina gero, proiektu bat zutela esan ziguten eta eraikina uzteko. Gezurra zen.
Uztailean, berriz, bigarren okupazioa izan zen.
Hitzarmena errespetatuz, dena jaso eta Karboneratik atera ginen, baina uztailean berriz okupatzea erabaki genuen, hilabete guzti horietan hutsa egon zelako eta ez zegoelako inolako proiekturik.
Azpimarratzekoa da, bigarren okupazio ekintza hori, emakumeek bakarrik egindakoa izan zela. Hau da, proiektu feminista bat izan da azkeneko hau. Okupazioa eta ekintza politikoa maskulinizatuta egon dira eta horregatik garrantzitsua iruditzen zaigu azpimarratzea.
Etxea barrutik nahiko txikitua zegoen, baina goiko partea bizitzeko moduan jarri genuen behintzat. Bigarren okupazio honek urtebete ere ez du iraun. Planteatu diegu negoziatzeko aukera, baina ez dute nahi izan. Bigarren aldi honetan ere, proiektu faltsuekin etorri dira.
Eta orain zer?
Ostiralean izan zen epaiketa (maiatzak 15) eta 2-4 asteko tartean iritsiko dela agindua kalkulatzen dugu. Desalojo honek beste etxe huts bat gehiago ekarriko dio Hernaniri. Argi eta garbi. Ez dute proiekturik eta ez dute oraingoz ezer egingo.
Eta nahiz eta proiektu bat izan, proiektu horrek enpresa haundi bati erantzuten badio eta bere helburua bada orain arteko logikari jarraituz dirua egitea, ez dugu onartzen. Bestelako beharrek egon beharko lukete diruaren aurretik. Beraz, bi arrazoi horiengatik salatu nahi dugu Karboneraren desalojoa.
Zuen ustez, zer ekarri dio Karboneraren okupazioak Hernaniri?
Etxebizitza eta beste behar batzuk asetu dituzte Karbonerak eta Ikatza Liburuguneak. Gainera, herriko Alde Zaharrean, Kaxkoan egonda, beste balio sinboliko bat ere izan du.
Karbonerak, bere okupazioak, zalantzan jarri du logika patriarkal eta kapitalista hau, jabego pribatuaren kontzeptua, eta gainera, herriko erdigunean egin du hori. Etekina lortzearen aurretik jarri behar da herritarren beharrak asetzea; etxebizitza eta beste hainbat behar. Hori zalantzan jartzea, eta herritarren erantzukizuna dela, hau da, erantzukizun soziala dela agerian jartzea, hori oso garrantzitsua da.
Eta enpoderatzeko edo ahalduntzeko bide bat ere badela ikusten dugu. Ideien aldetik eta baliabideen aldetik. Botere harremanak aldatzeko espazio bat da.
Herritarren artetik nolako erantzuna izan du?
Salaketa zibila lehenengo aldiz jarri zenean, sinadura bilketa egin genuen, besteak beste. Oso harrera ona izan genuen. Babes asko jaso genuen, modu batera edo bestera. Eta eskerrak eman nahi ditugu urte hauetan zehar jasotako babesagatik.
Bizilagunen aldetik ere harrera ona izan dugu. Aurrekoan, bagindoazenean, bizilagun batek esan zigun pena zela bertatik alde egitea: «Zuek ez dakizue zer den parean etxe huts bat izatea. Bizia eta kolorea eman diozue».
Okupazioaren gaia nola ikusten duzue gaur egun gizartean?
Lehen baino gutxiago, baina okupazioa estigmatizatua dago oraindik. Eta argi utzi nahi dugu, etxe hutsei buruz hitz egitean, benetako etxe hutsei buruz ari garela. Inolako erabilpenik eman gabe dauden etxeak dira, guztiz abandonatuta daudenak. Etxe horiek konpondu eta bertan bizitzea da. Negoziaketa bidez egin liteke, baina nahiago izaten dute ruinan deklaratu, eta negozioa egin. Etxe pila daude hutsik, eta etxe gehiago egin nahi dira.
Etxebizitza arazoari erantzuteko, babes ofizialeko etxeak ez direla erremedioa diozue, eskubideak ez direla zozketatzen. Okupazioa da bidea?
Okupazioak alde oso onak eta politak ditu, baina txarrak ere bai. Alde ona du, askatasuna duzulako hainbat proiektu egiteko. Eguneko bizitza, gure bizitza orokorrean oso neurtua eta arautua dago eta horren aurrean, bestelako askatasun praktika batzuk aurrera eramateko aukera ematen dizu.
Baina bestetik, ezegonkortasuna ematen dizu. Etorkizuna ez dago zure esku eta egindako lana egun batetik bestera hor geratzen dela ikusten duzu.
Hala ere, animatu nahi dugu jendea eraikin hutsak okupatzera. Edozein pertsonak egin dezake. Eta Karbonerari dagokionez, nahi duenak berrokupatu dezala!
Zer galduko du Hernanik, Karbonera desalojatuta?
Kaxkoan dagoen perla bat, eta espazio autogestionatu feminista bat.