Irailean esan zenion agur erremonteari 18 urteren ondoren, nolakoa izan zen momentu hori? Emozionatu al zinen? Bai. Momentu nahiko tristea izan zen. Pare bat aste egon nintzen jokatu gabe esan zidatelako pixka bat atzeratu nahi zutela despedida eta itxarote horregatik nahiko izorratua egon nintzen. Partiduan nahiko arraro nengoen, erremontean egin nuena eta urte horietan pasatako guztia gogoratzen eta errepasatzen. Partidua bukatzean asko emozionatu nintzen, eta azkenean, ezin izan nion negarrari eutsi. Tristea izan zen baina beste alde batetik lasaitu ederra hartu nuen, bukatu behar bazen bukatu zedila azkar.
Nahiz eta despedidako partiduak nerbioak sortu, partidua polita izan zen eta zuk egin zenuen azken tantoa. Despeditzeko modu onena al da hori? Bai. Debutatu nuenean irabazten hasi nintzen eta bukatu ere hala egin nuen. Gainera 39na iritsi ginen partidu amaierara eta gertatzen diren gauza arraro horiengatik azken tantoa egiteko aukera izan nuen. Ezinezko pelota zirudiena ahal izan nuen moduan itzuli nuen eta aurkaria ez zen iritsi. Gutxi gora behera, bai, despeditzeko modu onena.
Sekula pentsatu zenuen nolakoa izango zen azken partidu hori? Ez, egia esan oraindik ez nuen espero erretiroa hartu beharko nuenik eta horren ondorioz ez nuen sekula horretan pentsatu. Susmoren bat banuen baino dena derrepentean gertatu zenez ez nuen horretan pentsatzeko denborarik izan.
Jarraitzeko esperantzarik edo gogorik bazenuen? Bai. Jarraitzeko esperantzak banituen baina azkenaldian ikusten zenuen erremontearen inguruan egoera ez zela onegia arlo ekonomikoan. Nik ez nuen uste niri tokatuko zitzaidanik baina azkenean, guztira, bost pelotariri ez ziguten kontratua luzatu.
Hainbeste urteren ondoren erremontista asko ezagutu dituzu. Azken partidu horretarako bikotea aukeratu behar izan bazenu nor aukeratuko zenuke? Ezin dut esan bikote gustukoenik dudanik, uste dut urte hauetan zehar denekin nahiko ondo moldatu naizela. Bat esatekotan, Altuna II-arekin geldituko nintzateke, agian berarekin konpondu naiz hobekien kantxan eta berarekin lau final jokatzeko aukera izan dut.
Eta erretiroaren ostean, zer? Faltan botatzen duzu jokatzea? Hasieran bai, hasieran faltan botatzen nuen. Baina azkenaldian hobeto daramat, ez naiz frontoira joaten eta ez dut gehiegi horretan pentsatzen pixkatxo bat deskonektatzeko eta orain tokatzen zaidan bizimodura egokitzeko. Semeek ere laguntzen dute, oraindik txikiak direnez asteburuetan haiekin lanpetuago nago, eta lehen izaten nuen asteburuetako partidutako errutina hori ahazten laguntzen dit horrek. Txip-a aldatzen noa pixkanaka.
Zenbat partidu jokatu dituzu gutxi gora behera? Orain dela gutxi kazetari bati erantzun nion gutxi gora behera 1.500 partidu jokatu nituela baina lehengoan kontuak ateratzen hasi nintzen eta 2.500 inguru jokatu ditut profesionaletan. Bai, azkenaldian gutxiago jokatzen nituen, urtean 100 bat partidu, baina urte batean 185 partidu jokatzera iritsi nintzen.
Nola definituko zinateke pelotari moduan? Nahiko erremontista erregularra nintzen, ez nuen bereziki ezertan destakatzen, ez nuen sake izugarririk edota ez nuen bereziki ondo erreboteatzen, baina guztietan nahiko ondo moldatzen nintzen. Nahiko konpletoa nintzela uste dut.
18 urtetako ibilbidean 2.500 partidu inguru jokatu dituzu eta tartean Binakakoan bi aldiz izan zara txapeldun eta beste hiruretan azpitxapeldun. Ez da nolanahiko ibilbidea, ez? Orain pentsatu ezkero egia da gauza asko lortu ditudala erremontean. Egia esan, aktiboan zauden bitartean ez zaizu iruditzen ezer berezirik egiten ari zarenik, baina hasten bazara konparatzen beste pilotari batzuekin, erremontea utzi dutenak edo oraindik aktiboan daudenak, konturatzen zara baietz, zerbait egin duzula urte guzti hauetan.
Bikoteetako txapelketako bi txapel horiek dira zure ibilbidearen oroitzapen onenak? Bai, gehien oroitzen ditudan momentuak horiek dira, baina baita ere debutaren eguna. Profesionaletara pasatzen zaren egun hori berezia da.
Zerbait lortzeko edo egiteko geratu zaizula uste duzu? Bai, nire karakteristikengatik edota jokatzeko moduarengatik zerbaitetan ez banaiz ondo ibili banakako txapelketan izan da. Pixka bat destakatzea falta izan zait. Ez txapelketa irabaztea, izan ere Ezkurra zegoen eta hark beti eramaten zuen txapela, baina bai pixkatxo bat urrutirago iristea txapelketa horretan, nire buruarekin gusturago geratzeko gutxienez.
Erremontera lotuta jarraitzeko intentziorik ba al duzu? Ez det uste, erremontearekin lotura oso mugatua da. Ez da futbolean edo beste kirol batzuetan bezala non direktiboak, ojeadoreak edo bestelakoak dauden, hemen enpresa bakarra dago eta erremontearen inguruan jende gutxi dago. Zerbaitetarako nire laguntza beharko balute aurkituko nindukete baina ez dut uste erremonteari lotuta jarraituko dudanik.
Orain dela gutxi Endika Barrenetxea hernaniarrak egin du debuta profesionaletan, ba al du harrobirik Hernanik pilota modalidate honetan? Azkenaldian badirudi harrobi hori animatzen hasia dela baina iraganean ez zen mugimendu handiegirik ikusten. Egia esan arraroa zen, erremonte eskola hortxe izatea, herriaren ondoan, erremontean ikasteko edo probatzeko pagatu behar ez zena... eta hala ere ez zen jendea animatzen… Baina afizionatuekin ere gertatzen da. Hernaniko oso jende gutxi joaten da Galarretara, adibidez Tolosatik hurbiltzen den jendearekin alderatzen badugu. Arraroa da baino ez dakit zergatik gertatzen den hori. Hernani, agian, esku pilotara hurbiltzen da gehiago. Gainera hemen inguruan Oier Mendizabal edo Olaizola anaiak izanda adibididez, gazteak errazago joaten dira eskuz jokatzera. Agian erremontea telebistan gehiago aterako balitz…
Urruti iritsi daiteke Barrenetxea? Baietz uste dut, baina ikusiko dugu. Neri gustatzen zait bere jokatzeko modua.
Gaur egunean Huarteko Euskalen eta Hernaniko Galarretan bakarrik jokatzen dira erremonte profesionaleko partiduk. Zer nolako etorkizuna du erremonteak? Nahiko etorkizun beltza du erremonteak. Betidanik jokatu izan da bi frontoi horietan eta betidanik esan da horrek asko mugatzen zuela erremontearen hedapena. Baina nahiz eta gauzak gaizki joan erremonteak beti lortu du bizirautea. Zenbat lortuko duen egoera honi eustea ez dakigu, ikusiko dugu. Azkenaldiko krisi honek ere asko eragin du erremontearen egoera txarrean. Frontoietako ikusleak gutxi gora behera mantendu egin dira baina hauek pagatzen dituzten sarrerek ez dute diru gehiegirik ematen. Erremontean dirua ematen duena apostuak dira, eta aposturik ez badago… Pilotari plantillan ere antzematen da, garai batean 50 pelotari baina gehiagok osatzen genuen plantilla eta gaur egunean debutatu berri duten lau gazte horiekin ez dakit 30 pilotarira iristen diren.
Zure aitak 26 urte egin zituen erremontean, zuk, 18. Aner eta Anaiet, zure semeek, bidea markatua al dute? Gustatuko litzaizuke erremontean aritzea? Ez dakit. Oraindik txikiak dira baina 12-13 urte dauzkatenean eramango ditut probatzera, eta gustatzen bazaie, nik ondo ikusiko nuke eta ilusioa ere egingo zidan. Probatzeko aukera gutxienez izango dute eta ez bazaie gustatzen beste zerbait egin dezatela.