Euskaldunok eguraldia iragartzeko zaletasun haundia dugu, baina zenbaitek grina besteek baino gehiago garatu dute. Horietako bat Joxe Ramon Apaolaza hernaniarra da. Baina bera ez da edonolako eguraldi gizona, epe luzerako iragarpenak egiten baititu. Berak sortutako ‘Lege errekurrentean’ oinarrituta, hamar urte barrukoa ere aurreikus dezake. Bere iragarpenak Euskadi Irratian, zein jakindamet.blogspot.com web orrialdean ezagutarazten ditu. Oraingoz, sekretuan mantentzen du bere formularen muina, baina bazterrak nahastuko dituenaz ziur dago bera. 100 urte barru fisikako liburuetan topatuko al dugu? Lehendabizi Kronikari esklusiban 2010ari buruz esandakoak asmatu beharko ditu.
ERIKA ELIZARI
Zenbateko aurrerapenarekin aurreikusi dezakezu eguraldia?
Interneten orain arte, hilabetekoa eta bi hilabetekoa jarri izan dut, baina bost urte barru egingo duen eguraldia esateko gai izango nintzateke. Isilean gordetzen dut, baina 10 urte barru egingo duena ere esan dezaket. Inori abixatu gabe, dotoretasun batekin hurrengo urteetan hotz-sarrerarik handienak noiz izango diren jarri nahiko nuke; fetxa eta guzti.
Noiz sortu zitzaizun epe luzerako eguraldia iragartzeko zaletasuna?
1980an, 17 urte nituela jendeari gauzak esaten hasi nintzen. Baina ordurako dagoeneko, nire barnerako hainbestetan asmatu ondoren, ohartuta nengoen eguraldia asmatzeko beste inork bilatu ez zuen zerbait neukala.
Zaletasun hori sakontzeko asmoz edo, fisikako ikasketak egiten hasi zinen...
Bai. Horretan hasi nintzen aurretik nuen hori sakontzeko, baina baita fisika asko gustatzen zaidalako ere. Eta orain fisikako ikasketekin jarraitzeak balioko balu... jarraituko nuke. Baina zoritxarrez, gauzak hain oker egonda, ikasketak jarraitzeak eguraldian sakontzeko ez duela merezi frogatu dut. Benetako fisikoa izatea edo fisikako ikasketak izatea, eguraldiaren benetako iragarpenarekin lotu ez ahal izatea gauza tristea da. Baina horrek ez du esan nahi besteek esandakoak gogoan hartzen ez ditudanik.
Fisikan hasi, baina gaur egun baratzan egiten duzu lan...
Dirua irabazteko modu bat da, eta zaletasuna ere bai. Gu baserritarrak eta euskaldunak gara. Nik, euskalduna izatea, baserritarra eta baratzazalea izatearekin lotzen dut. Gure familian hala izan gara eta badut jarraitzeko zaletasuna ere.
Eguraldia iragartzeko grina, zaletasuna baino gehiago, gaitasun berezi bilakatu da ezta?
Bai hala da. Eta horrelako zerbait lortzeko zure kutsua eman behar diozu. Norberaren zigilua jartzea oso zaila da; izan ere, azken finean denon aurrean eta historia osoan zehar gertatu izan den gauza bati azalpen bat ematea da. Eguraldia baino gauza objektiboagorik ez dago, baina zergatik batzuek asmatzen dute eta besteek ez? Horregatik, nik nere zigilua jarri nahi izan diot. Oso zigilu berezia eta dotorea gainera. Epe luzera iragartzea eta bete-betean asmatzea oso zaila da eta akatsak izatea normala da. Baina akatsa zeharo balioz kanpo geratzeko, akats haundia egin behar da eta oraindik ez dut uste egin dudanik. Barrenean indar haundi bat daukadalako eta gauza asko batera eramateko gaitasuna daukadalako.
Zientzilari ospetsu denek lege bat izan ohi du. Zuk eguraldia asmatzen laguntzen dizun lege sekretu horri, zure zigiluari, ´Lege errekurrentea´ deitu diozu.
Bai eta oso dotorea da. Urte guztiak estrukturatuta, klasifikatuta eta deitura desberdin batekin ditut; izan ere, urte batek ez du zerikusirik beste edozein urterekin. Eta sekula ere ez dute elkarrekin zerikusirik izango. Horregatik deitu genion ´Lege errekurrentea´. Ikusten delako urte bat pasa eta berriz ere beste urte batean gaudela... Ikusten da antzeko eguraldia egin behar duela, baina ez du egiten eta ez du egingo. Eta zergatik ez du eguraldi berdina egiten? Etengabe eta behin eta berriz aldatzen ari delako. Hori da funtsa.
Eta zer diozu aldaketa klimatikoari buruz?
Ez daukala zentzurik. Ez dago aldaketa klimatikorik edo beti izan da aldaketa klimatikoa. Nik azkeneko 300 urteetako datuak begiratu eta maneia-tzen ditut. 1800etik hasi eta 1850 bitartean sekulako urte hotzak izan ziren eta Europan abuztuan izan ezik, elurra egin zuen urte osoan zehar, itsaso mailan eta guzti. Eta hori zergatik? Hori azkenean ´lege errekurrente´ horregatik; ilargiaren eta eguzkiaren jokaera horrengatik.
Era sinplean zure formula sekretua azaltzen duzunean zera diozu: Eguzkia eguraldiaren motorra da, eta Ilargia guk ikusten dugun eguraldia moldeatzen duena.
Bai. Hori nahiko sakona da eta gauza asko esan nahi ditut horrekin. Baten batek inoiz eguraldia hilabete lehenago iragarri behar badu, mekanismo hori horrela jarri beharko du nahi eta nahi ez. Aurtengo Ilargiak eta Lurrak, azaldutako modelo horretan, ez daukate 1980koekin zerikusirik. Beraz, eguraldia zeharo desberdina izango da hasiera-hasieratik. Horretaz gain, iraganeko datuak kontuan hartu beharko dira. Eguraldia etengabe aldatzen ari da, baina bada beti mantentzen den zerbait.
Beraz, iraganari begiratzen diozu zuk etorkizuneko eguraldia iragartzeko...
Bai, hala da eta hala egin behar da. Hori da besteei egiten diedan kritiketako bat: pasatako eguraldia nola klasifikatzen dute beraiek? Etorkizuneko eguraldia zehazterako garaian iraganekoa ez dute ezertarako erabiltzen, ez die ezertarako balio. Ni harritu egiten naiz horrekin, ez baita logikoa. Nola liteke hori? Ez dute iragana aintzat hartzen eta hor dago beraien akatsetako bat eta pena ematen dit beste inor horretaz ez ohartzeak.
Eta zergatik ez duzu zure ´Lege errekurrentearen´ alde sekretua argitzen?
Ezin dut hori egin. Nik pultsua egiten diet. Nire buruari asmatzeko obligazioa jarri diodan bezala, besteei ere, obligazio hori jarri nahi diet. Ni epe luzera eguraldia iragartzeko gai izan banaiz, beraiek ere euren buruari nola egin ote daitekeen eragitea nahi dut. Eta obligazio hori norberak nahi duen bezala har dezala. Oso zaila izango da egualdiari hainbeste begiratu dion pertsona bat aurkitzea. Nik ez ditut 5 minutu pasatzen eguraldiari begiratu gabe eta ikusten dut asko eta asko oso fisiko onak izango direla, baina ez dutela esperientziarik.
Jende arruntak sinisten al dizu?
Beno, pixkanaka-pixkanaka bai. Internetek lagundu du horretan eta jendea ikusten ari da hor badagoela zerbait; izan ere, frogatu egiten da. Baina azken-azkenean ikusiko da zer gertatzen den. Adibidez, abenduko egun zehatz batzuetan penintsularen hegoaldean euria egingo zuela eta uholdeak izango zirela aurreikusi nuen eta bete-betean jo genuen. Beraz, pixkanaka frogatzen ari gara eta ikusiko dugu zer gertatzen den.
Beraz, Interneten duzuen Jakindamet blogak formula sendotzen lagundu dizu...
Interneten gure iragarpenak argitaratzen hasi ginen, ez dagoelako beste aukerarik zuk egiten duzuna frogatzeko. Bestela zer? Zure formula esango duzu? Hainbeste urtetan eguraldia asmatzen ibili eta gero, ez dago beste modu hoberik, internet bezalako leku libre eta independiente batean jartzea baino. Bi urte hauetan internetek kristoren aukerak eman dizkigu; izan ere, azkenean hor esandakoak frogatu egiten dira. Ederra da hilean ordenagailu desberdinetatik 5.000 sarrera izatea.
Zure iritziz, aurreikuspena egiteko metodorik zientifikoena erabiltzen duzu ezta?
Bai, noski. Bestela norbaitek esan dezala zein metodo zientifikok eman duen hain emaitza onik. Egun batetik bestera eguraldia iragartzea zientifikoagoa al da? Imajinatu hilabeteko epearekin eguraldia asmatu dezakeen norbaitek zein zehaztasunez iragarri dezakeen egunekoa bertakoa! Aldiz, zenbat pertsona dira gai 15 egun barru zein eguraldi egingo duen esateko?
Bakarrik aritzen al zara eguraldia iragartzeko lanean?
Bakarrik aritzen naiz, baina laguntza txiki batzuk baditut.
Horiekin, gutxienez, formula sekretua partekatuko duzu...
Ez, nik bakar-bakarrik dakit, baina beste batzuen laguntza ere izaten dut hori aurrera ateratzeko. Inork ez daki eta gainera, jendeari gauza hau bat-batean ulertzea kosta egingo litzaioke. Eguraldia ezagutu bai, baina gero beste maila bat gehitu behar zaio; barnean indar berezi bat eduki behar duzu hori ulertzeko.
Formula sekretua ez, baina erabiltzen duzu metodoa esango diguzu ezta?
Metodo estadistiko bat erabiltzen dut. Ni beste jende guztiaren aurkako alderuntz noa. Fisika ikasten ari nintzenean, maisu batek baino gehiagok barrenean zerbait berezia neukala esaten zidan. Neri esaten zidaten nik emaitza nekiela eta horregatik, abantaila nuela; gehienek ezin baitute hori egin. Nik atzetik aurrera jotzen dut. Eta eguraldiarekin berdin; gauzak ikusi, ikusi eta ikusi ondoren, kanpotik dena batera begiratzeko prespektiba sortzeko gaitasuna daukat. Eta interneti esker hori frogatu dut, baina, hala ere, gainontzekoek alderantziz egiten dute eta bide okerretik dabiltza. Bi eguneko iragarpenak egiteko ere galduta daude.
Ze tresna erabiltzen duzu metodo hori garatzeko?
Bat ere ez. Informazio ugari nire begiek ikusita ateratzen dut. Hodeiei, haizeari... begira gauzak ikusten ditut, eta gero, hori dena lotzen duen ordulari moduko bat daukat, momentuoro zer tokatzen den esaten didana. Baina hori momentua baino lehenago ere badakit. Beraz, egunero egunero lehendik dakidan zerbait ikusten joaten naiz. Olatuaren puntaren puntan joatea bezala da. Hori da nire barrenean estruktura matematiko konkretu bat sortuta daukadalako: badakizu zergatik gertatzen ari den gauza bakoitza, zertarako...
Negua epela izango zela iragarri eta asmatu duzue, baina zer aurreikusten duzu datozen hilabetetarako?
Otsaila hasieran joera lehorra izango da eta amaierarako, 19-20 bitarterako, ipar-egoera dotore eta sakona ezagutuko dugula uste dut. Iparraldeko joera hori nahiko luzea eta gogorra izango da.
Elurrik izango al da?
Itsas-mailan elurra bitan ikustea espero dut: otsailaren 20-22 inguruan eta martxoaren aurreneko zortzi egunetan. Ipar joera izugarria, trumoiak eta kristoren elur malutak izango dira. Europa guztian gainera: Frantzian, Ingalaterran, penintsula guztian, Europa erdialdean, Italian...
2010ean bestelako berezitasunik izango al da?
2010. urtea ikaragarri lehorra eta beroa izango da.
Beraz, negua ez da gehiegi
luzatuko?
Martxo guztian zehar eguraldi txarra egingo du; hotz haundiarekin eta euri-bolada luzeekin. Baina hori amaitzen denean, seguraski apiriletik hasita, oso eguraldi beroa izango da. Oraindik ez ditut data zehatzak gehiegi zehaztu nahi, baina ziurtasun osoarekin esaten dut oso urte lehorra izango dela: bai udaberria, bai uda eta baita udazkena ere.