Estitxu Neira Martinez
Zer esan nahi du ‘Aita’ izenburuak? Zure aitari zuzendu nahi diozu filma?
Nire aitaren etxean filmatzen da, eta hortik dator izenburua. Baina, Aita ez da hori soilik, etxea, ohitura, tradizioa, etab. ere esan nahi du.
Nola bururatu zitzaizun etxean bertan filmatzea?
Nire jaioterrian filmatzeko gogo handia nuen, eta zer hobe nire herrian eta etxean bertan egitea baino. Nahi hori zinemaren munduan hasi nintzenetik nuen.
Gidoia idazten zenbat denbora eman duzu?
Ni gidoiak idazten motela naiz, baina kasu honetan prozesua oso ezberdina izan da, aurretik egindako gidoirik gabe filmatu dugulako. Egunero inprobisatzen nuen, eredu oso irekia erabilita, eta pertsonajeez zein intuizioaz baliatuta. Prestaketak bi urte inguru iraun ditu.
Noiz filmatu zenuten, eta zenbat denbora iraun zuen filmatzeak?
2009 urtean zehar filmatu dugu, hainbat fasetan. Guztira 7-8 aste inguru iraun ditu, eta estreinaldia ez dugu 2010eko udazkenera arte espero
Zer helarazi nahi izan duzu filmarekin?
Aitak sentsazioez hitz egiten du, emozioez, testuraz. Baita, beste inon aurkitu ez daitezkeen pertsonajeez ere, hizkuntzaren soinu-ezaugarriez (euskara eta gaztelaniarenak), oso bertakoa den berun-argiaz, etab. Egia esan, zinemak eskaintzen dituen adierazpen aukerak hitzez adieraztea oso zaila da, hobe pelikula ikusi azaltzen saiatu baino.
Zeri buruzkoa da filma?
Etxe baten gainbeheraz eta bizimodu batez hitz egiten du, eta etxeko zaintzailearen egunerokoaren bidez deskribatzen du hori.
Zein generotakoa da?
Filma oso pertsonala da, ez dagokio genero zehatz bati. Esango nuke, fikziozkoa dela, baina dokumental eta zinema esperimental kutsua daukana. Egiazko zatiak ditu, fantasiazko zatien bidez garatzen direnak. Istorioa elementu errealekin eraikita dago, pertsonaje guztiek etxearekin erlazioa dutelako; baina, premisa hortatik abiatuta, fikziozko filma eraiki dut.
Lehen esan duzun bezala herriko pertsonajeek hartu dute parte, zeinek?
Bai, denak herrikoak dira edota herriarekin zerikusi zuzena dute, ez dago aktore ezagunik. Pertsonaje nagusiak etxeko zaintzailea –Luis Pescador- eta herriko apaiza –Mikel Goenaga- dira. Filmaren eszena gehienak eurekin filmatu dira. Baina ez dira bakarrak izan, ikastolako andereño batek bere ikasle guztiekin, herriko abesbatzak eta hiru gaztek ere hartu dute parte bertan. Hala ere, batzuk antzeztu behar izan dute fikzioan sartu ahal izateko.
Zure iritziz zein da pelikulak duen gauzarik garrantzitsuena, gehien bereizten duena?
Ez duela zinematografia-eredu ezagunik jarraitzen. Pelikula hau ezingo zuten egin amerikarrekin Hollywooden. Izaera berezia du.
Zerbait berezia egin behar izan duzu etxean grabaketarako, modu bereziren batean egin duzu?
Nolabaiteko gainbehera bat adierazi dut, baina besterik ez.
Film osoa etxe barruan
grabatu da, edo bestelako antzezlekuak ikusi
ditzakegu?
Film guztia etxe barruan, kanpoan eta elizan egin da.
Prozesu guztian zerk eman dizu lan gehien?
Finantziazioa aurkitzeak. Ez da erraza izan inbertsoreak konbentzitzea horren proiektu arriskutsuan sartzeko.
Iturri ezberdinez baliatu zara finantziazio hori lortzeko? Eta, etxean bertan filmatzeak nolabait kostuak merketuko zuen...
Eddie Saeta izeneko produktora katalan batek ekoiztu du, eta finantziazio iturri ezberdinak izan ditu; esaterako, ICCA, TV3 eta kapital pribatua. Kokapen bakarra eta doanekoa erabiltzerakoan kostea baxuagoa izan da, eta horrek, sorkuntza askatasun handiagoa izateko aukera eman dit.
Berezia izan da film hau zuretzat, zure herrian eta haurtzaroa igaro zenuen etxean filmatzeagatik?
Guztiz. Niretzako, film baten eraikitze prozesua emaitza bezain garrantzitsua da. Haurtzaroa pasa nuen etxean grabatzea oso garrantzitsua da, ordainezina den opari bat jasotzea bezala.
Etxearen barruan filmatzen ari zinetela, zure bizitzako une bereziren bat etorri al zaizu burura?
Filma autobiografikoa ez den arren, nire bizipen pertsonalak soinu, textura, eta batez ere, argian daude.
Emaitzarekin pozik zaude? Espero zenuen bezala atera da?
Izatez, ni beti autokritikoa izan naiz; baina kasu honetan Aita pelikularekin pozik nagoela esango dizut.
Aurretik ospe handiko sariak irabazi dituzu, pelikula honekin baten-bat
lortzea espero duzu?
Ez dut ideiarik ere. Niretzako garrantzitsuena, nahi nuen lekuan filmatu izana da, eta nik sentitu dudan moduan. Beste guztiak, etorri behar badu, ongietorria izan dadila. Baina, gehien hartu behar dena kontuan, norbere buruarekin leiala izatea da, eta hori jada lortu dut.
Jose Maria de Orbe
Gidoilari eta zuzendaria. 1958 urtean jaio zen Donostian. Esperientzia zabala du laburmetraien zuzendari modura, eta baita publizitatean ere. 1982an, Carlos Perez Ferrek zuzenduriko Hector izeneko film luzea koproduzitu zuen, eta film horrek nazioarteko hainbat sari jaso zituen. Bi urte beranduago, Los Angeleseko American Film Institute (AFI)-k beka bat eman zion, eta bertara joan zen zinemaren mundua ezagutzera. 1986an Estatu Espainiarrera itzuli zen, publizitate spotak egiteari ekin zion eta nazioarteko hainbat sari irabazi zituen. Esaterako, Cannes, Donostiako zinemaldia, FIAP, etab.
Horrekin batera, gidoiak idazten hasi zen. 2000 urtean Jaime Rosales ezagutu, eta biek, Maria Jose Diez Alvarezekin batera, Fresdeval Films izeneko ekoizpen etxea sortu zuten. Honela, 2006an, Jose Maria de Orbek bere lehen film luzea idatzi zuen, La linea recta. Egun, hiru urte beranduago, Aita izeneko filma ekoitzi berri du.