Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Anjel Olaran eta Xabier Salillas

Kronika - Erredakzioa 2012ko abe. 30a, 01:00

Urtarrilaren 21etik 27ra proba berezi bat egingo da Hernanin. Xabier Salillas korrikalari hernaniarrak ultrafondo proba solidarioa egingo du. 7 egunetan, guztira, 700km egitea da bere asmoa, atletismo pistan bueltaka. Hernani Wukrorekin Go­be­r­nuz Kanpoko Era­kun­dea­rekin ha­rre­manetan jarri da, eta herritar guztiak Sa­lillasekin parte har­tzera gonbidatu di­tuz­te. Bilduta­ko di­rua Wukrora bi­dal­tzea da asmoa. An­jel Olara­nek eskertu egin dio Salillasi ekin­tza, eta «asko hun­ki­tu» duela azaldu dio.

Anjel Olaran Aita Zuria Wukron (Etiopia) bizi da. Baina tarteka Euskal Herrira etortzen da, hango berri eman eta laguntza gehiago lortzeko. Azken hiru hilabete hauek hemen pasa ditu, eta berriro ere Wukrora itzuli aurretik, Xabier Salillas ezagutzeko aukera izan du. «Asko hunkitu nau Wu­krorako dirua biltzeko proposatu duen ekintzak», onartu dio Olaranek. «Kirolariak ote dira, gaur egungo gizarteko mistikoak? Kirolak duen balio fisikoa gainditu eta beste balio bat eman dio; korrika ari den bitartean, bakarka pentsatzeko denbora du, eta medalla irabaztean pentsatu beharrean ekintza solidario baten ideia sortzen zaio. Egia esan, krisi garai honetan eta azken hiru hilabete hauetan entzun dudan proposamenik humanoena da hau», azaldu du.

Hala ere, hau ez da Hernanik Wukro laguntzeko egiten duen lehenengo gauza. Jende asko joan da bertara, Gobernuz Kan­poko Erakundea sortu da...
Egia da. Jende asko joan da Wukrora Hernanitik, eta ba­bes haundia ematen digute. Gainera, behin hara joanda, beste goxotasun batekin la­gun­tzen digute; barrutik, eta ez kanpotik. Hernani Wukro­re­kin Gobernuz Kanpoko Era­kundea ere horrela sortu da.

Wukrora bueltan zoaz orain. Han ere ospatzen dituzue Gabonak?
Familiarteko giroan eta modu kuttunagoan bizitzen dira han Gabonak. Nabaritu egiten da Jesus jaio dela. Oraindik ezerk ez du hori ordezkatu. Hemen berriz, jaiotza aldatu egin da, adierazpen zibila edo laikoa nagusitu da: opariak, bazkari eta afariak... Hasieran, eguzkia adora­tzen zen, eguna luza­tzen hastean eguzkiak iluna gainditu zuela ospatzeko. Festa hau kris­tautu egin zen. Azken 10-20 urteetan zentzu primitibo eta paganoa berreskuratu du. Baina lehen eguzkia bazen Jainkoa, orain kon­tsumismoa eta dirua dira, eta Bankuetan ospatzen da. Boteredunek os­patzen dute, baita botere erlijiosoa dutenek ere, batzuetan. Atzera egin duen ospakizuna da; izpiritua galdu du. Eta Jainko-diruak boteretsuei soilik ematen die jana, behar­tsuenei kenduta.

Wukron ere nabaritu da krisia?
Han ez dago krisirik, ez baita lortu oraindik, ongizate gi­zarterik. Krisira iristeko, antikrisia behar da. Kaos egoera zegoen he­men, eta eztanda egin duenean sortu da krisia, boom ekonomikoaren ondorioz. Bazi­ru­dien hemen dena armonian zegoela; eduki eta jabe izan. Wukron ez da horrelakorik gertatu, ez da ezer galdu, ez baitzegoen ezer. Baina atzera egin dugu pixka bat lor­pen batzuetan. Janaria Bol­san kotizatzen denetik, oinarrizko elikagaien prezioak gora egin du eta familietako ekonomia ezegonkortu da.

Laguntzak gutxitu dira?
Babes ekonomiko gutxiago iristen da; ez laguntza gutxiago. Laguntza kontzeptua buru­an sartu digute. Baina zure beharrak asetzeko adina baduzu, sobratzen zaizuna ematea ez da laguntzea; besteei dagokiena itzultzea baizik. Laguntzea da, zuretzako beharrezkoa denaren zati bat ematea zu baino okerrago dagoenari. Gehiago baduzu, ez daukan horri dagokiona da daukazuna. Erakunde ofizialek mu­rriz­ketak egin dituzte; katastroferik gertatzen ez bada, ez dute dirurik ematen. 70.000 pertsona hiltzen dira urtero gosearen ondorioz, baina hau ez da katastrofea! Politikoak eta gizartea itsututa daude, eta jende hau gobernatzen aritzea delirio hutsa da. Tristeena da besteei dagokien diru apur hori murrizten dutela. Gero, ‘Gabon zoriontsuak opa’ dizkigutela esaten dute; hitz hu­tsak dira. Ez dute ezer egiten korrupzioaren kontra eta lapurtzen dutenei amnistia fiskala ematen diete!

Wukron ere nabari da korrupzioa?
Etiopian, nazioarteko politikari dagokionean, ez dago maila ho­rretako korrupziorik, gizarte zibilak kontrola­tzen baitu. Le­hen ministroari eta familia osoari auditoria egiten diete, zein ondasun dituzten jakiteko. Gas­tu haundiegia eginez gero, edonor konturatuko litzake, zein soldata duten datu jakina baita, eta ezin dute asko eduki. Afrikan badago korrupzioa, baina ez da harritzekoa. Politiko afrikarrak Europa­ko­en ereduari jarraituta sortu ziren, eta independetzia lortuta ere, hemengoen eragin haun­dia jasotzen dute. Gaine­ra, ejertzitoak eta poliziak ere, hemengo eraginaren menpe daude. Bada ez bada, Afrikan ez ziren utzi unibertsitarioak edo tekniko akademikoak. Hemen gertatu dena okerragoa da! Eruopako Bankuek maileguak eman dituzte, Go­bernuen bermearekin. Ondo­ren, gestio txarra egin dute, eta azkenean, jende xumea da ordaindu behar duena. Hiru­garren munduko maila da, hemengoa ere! Arazoaren er­dian egonda ere, ‘aterako ga­rela’ diotenei esango nieke ezetz. Duela 2 urte mileurista izatea txarra zen, eta orain, etorkizuna ziurtatuta eduki­tzea da. Bi urteren buruan lortu da ideia aldaketa!

Krisiak krisi, zein da Wukron dituzun proeiektuen egungo egoera?
Proiektu guztiak bideratuta daude elikagai nahikoa ziurtatzera. Krisirik ez dago, ez delako nahikoa elikagai ziurtatu oraindik. Janaria izateko bitartekoak lantzen ari gara; batetik, ura. Uztailean eta abuztuan egiten du euria, eta teknika xume batzuekin saiatzen gara ur hori gure baratzetan gera da­din, 10 hilabetetan zehar ureztatu ahal izateko, eta horrela, urtean 2 edo 3 uzta lortzeko. Oinarrizko eskubideak bermatzen saiatzen ari gara. Bestalde, egiten duguna da agureak eta umezurtzak zaindu; 6 hilabete eta 5 urte arteko haurrak elikatu; babesik ez duten emakumeei mikrokredituak eman; natura berreskuratu... Zer ez genuke egingo, AHTaren edo autopista baten kilometro bat eraikitzeko au­rre­kontua bagenu! Orduan, mileuristak izango ginateke!


Ultrafondo proba solidarioa - Xabier Salillas:

«Elkartzeko eta Wukro nahiz ultrafondo probak gehiago ezagutzeko balioko du»

UltrafonDo probak egiten ibiltzen da Xabier Salillas hernaniarra. Egin duen azkena, Monakoko ultrafondo proba izan da; azaroan egin zu­en. Ordurako buruan zu­en Wukro lagun­tzeko ideia, eta 8 egun korrika pasa on­doren, ideiari forma eman dio. Urtarrilaren 21etik 27ra, eguneko 100km egiten saiatuko da Hernaniko atletismo pistan; 700km, guztira. Herriko elkarte, talde eta norbanakoak berarekin korri egitera eta parte hartzera animatu nahi ditu, Wukrora bidaltzeko dirua biltzeko.

Bi helburu dituen proba
«Ultrafondoan aritzen den jendea ezagutzen dut, antzeko gauzak egin dituena. La­guntza eskatzen dute horrelakoetan, eta joan egiten zara. Nik Hernani Wukrore­kin Gobernuz Kanpoko Erakundea ezagutzen nuen, eta zerbait egin nezakeela pentsatu nuen», azaldu dio Salillasek Kronikari. «Korri­ka egiteak zoriontsu egiten nau. Zergatik ez saiatu beste batzuk zoriontsu egiten ni zoriontsu egiten nauen horrekin?». Monakoko proba egiten ari zela ideiari forma eman ziola azaltzen du Salillasek, «ordu asko pasatzen baitira korrika, eta pentsatzeko denbora izaten da». Horrela, Hernanin egingo duen proba honekin bi helburu lortu nahi ditu: «jendea elkartzeko eta Wukro nahiz ultrafondo probak gehiago ezagutzeko balioko du. Izan ere, astebete bertan pasata, jendea etorri egiten da; elkartu eta gaiari buruz hitz egiten du».

Monakoko printzesaren babesa
Monakoko proba egiten ari zela ideiari forma eman ziola azaltzen du Salillasek. «Hara iritsi nintzenean, batekin eta bestearekin hizketan aritu nintzen, nuen ideiaren inguruan, eta nonbait, Monakoko printzesaren belarrietara ere iritsi zen kontua». Printzesak berak eman zizkien sariak podiumera igotakoei, tartean, Salillasi. «Monarkiako parte den norbait gerturatu eta ideia babesten duela adierazteak harritu egin ninduen; animoa eta proiektuari indarrez ekiteko behar nuen txispa eman zizkidan horrek».

Parte hartzeko deia
Astebetez atletismo pistan korrika ariko da Salillas. Hernani Wukrorekin-en asmoa da jendea Salillasekin batera korrika egitera animatzea: herriko elkarte eta taldeak, ikastetxeetako ikasleak, kirol taldeak, bakarka animatzen den guztia... Kutxa bat jarriko da bertan, nahi duenak dirua emateko. Bestalde, asteburuan eta azkeneko egunean festa berezia antolatuko dute. «Bildutako diru guztia ha­urrentzako proiektuetarako izango da, Gobernuz Kan­poko Erakundearen bi­dez beste proiektuetarako laguntzak lortzen baitira». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!