Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] MAIALEN LUJANBIO - Euskal Herriko Bertsolari Txape

Kronika - Erredakzioa 2009ko abe. 19a, 01:00

Gobara... alaba hitzarekin errima­tzen duen hitz bat baino gehiago da...
Iru­di hori etorri zitzaidan, txa­pe­la modu xelebre xamarrean jarri behar izan nuelako, zapiaren gainetik. Aipa­men­txo bat egin nahi izan nien lehengo emakumeei eta oraingoei. Lehen zapi gainean eramaten zen xestoa edo erropa, eta orain, bapatean, txapela! Zapia eta txapelaren arteko paradoja hori aipatzearren bota nuen. Dena dela, nahiko kuerda ematen ari da.

Aurtengo txapelketa, medio guztietan atera da, inoiz baino oihartzun haundiagoa izan du txapelketak.
Txapelketa Nagusiak beti izan du oihartzun haundia. Baina bai, dimentsioa gero eta haundiagoa da eta oihartzuna ere bai. ETBn izugarrizko numeroak eman ditu, pentsa ezinekoak... 400.000 ikusle pasa. Hori izugarria da. Ondo egindako lan baten emaitza da. Bertsozale Elkartea beti izan da arrakasta horiek neurtu zalea, eskuetatik aldegin ez dezaion. Hala ere, euskeraz, eta kulturgintzan egiten den ekitaldi haundiena da, eta daukagun panorama edukita, horrelakoak poztutzekoak dira, eta indarra hartzekoak.

Finalean ikusten zen emozio kolektibo bat; jendea zerbaiten gose.
Bai, baina finalero nik sentsazio hori izaten dut. Zoritxarrez, panorama sozio-politiko-linguistikoa dena delako. Eta benetan izaten da, laboratorio, gune itxi berezi bat bezalakoa. Han bizi diren emozioak bertsoen edukiaz aparte, badute konponente sozial bat, gure egoerak eragindako sentimenduak dira. Zerbait baikorra izateak, zerbait kreatiboa, eta euskerazkoa, kriston indarra ematen digu, eta horrelako komunio, emozio konpartitu bat sor­tzen da.

Emozio horietan parte haundi bat zuk izan zenuen. Jende asko identifikatu da Maialenek esan dituenekin. Ze saiakera dago horren atzean?
Beste bertsolariekin ere identifikatzen da jendea, ez nerekin bakarrik. Bakoitzak dauka bere gertukoena. Baina orokorrean hitz eginda, nire ahalegina da, nigandik hitz egitea, eta horrek bihurtu dezala nik esaten dudana sinesgarri. Hori da ahalegina. Eta hor jendea identifikatuko da edo ez. Ahots bat izan nahi nuke, bere xumean, beretik hitz egiten duena, bestelako diskurtso asmorik gabe. Eta nik uste, konexioa hortik lortzen dela. Identifikatu edo ez, sinesgarritasuna da hor klabea. Horren bila gabiltza gu. Ahots propio bat bilatzen dugu, jende aurrean kontziente izatea zer esatera goazen. Denok goaz horra, eta ez dugu guk asmatu.

Alde horretatik, gustora zaude lortu duzunarekin?
Bai; txapelketetan orokorrean, nahiko gustora. Eboluzio baten emaitza al da hori? Nik niregan sentitzen dut, go­goe­ta baten emaitza bezala. Bai­na oso gauza bitala da hori. Zu ere 20 urterekin non kokatzen zaren, edo 33rekin, ez da berdina. Eta 45ekin irudituko zait orain beste puntu batean nengoela. Eten­ga­be­ko analisi bat da, eta analisi horrek eramaten zaitu pixkanaka gauzak alda­tzera: doinukera, kantakera, esateko mo­dua, gaiei heltzeko modua... Baina, ez egun batetik bestera, hori da gogoeta prozesu baten puntu jakin bat. Ez gara heldutasunera iritsi, baina orain, 20 urte ge­nituenetik, beste puntu batean gaude. Orain propioagoa da egiten duguna.

Zuen lana, orduan, ez dago oraindik bukatua.
Ez, dudarik gabe ez. Bestela erre­tiratu egingo ginateke! Edo­zein jardun artistikok eboluzionatzen du; eta bide­txur bat bilatu, eta jarraitzen dio­zu... eta kriston emaitzak ematen dizkizu! Gero, neka­tzen hasten zara bide horretan, edo agortu egiten da... eta beste bide baten bila hasten zara. Edo zure burua ukatzen... Artistikoki ukatze hori oso tipikoa da. «Ukazioa legetzat hartuz beti aurrera joatea» hori da. Eta beste bide bat bilatzen du­zu, eta igual jatorrira bueltatzen za­ra, baina buelta oso bat emanda.

Mugimendu hori da orduan klabeetako bat
Bai, kuestionatzea eta bilatzea. Eta bilatzen duzu bide bat, ba­tzuetan emankorra, besteetan antzua... besteetan, emankorra agortu egiten da...

Gaiek zenbat baldintzatzen dute zuen ahalegina?
Gaiak baldintzatzen dute; du­darik gabe. Hala ere, gaur egun txapelketetan-eta gaiak nahiko zabalak jartzen dira, eta bakoi­tzak heldu diezaieke nahi duen lekutik. Norma­lean, ez bazaituzte oso espazio txi­kian uzten, ma­niobra­tzeko aukerarik ga­be, zuk zure ikuspuntua lan­du de­zakezu gai horri heltzeko. As­kotan zure ahots hori ez dago hitz esplizitotan, baizik ikuspuntuan. Gaiei eskatu behar zaie margen hori uztea. Gaiei eskatuko nieke espazioa uztea.

Aurtengo gaiak gustatu zaizkizu?
Bai, orokorrean bai. Ezta­bai­da­tu liteke, drama gehiegi izan den edo ez; umorea bi­de­ra­tue­gia ote dagoen... Bai­na orokorrean gaiak onak izan dira.

Amets Arzallus kontrario gogorra izan zenuen.
Bai, bai. Nik banekien Ame­tsek ze maila zeukan, eta gainera grinarekin egongo zela. Egia esan, kriston poza eman zidan berarekin buruz burukora pasatzeak. Berezia izan zen; konexioa izan dugu aurtengo txapelketan. Oso hurbil egon gara, eta kriston miresmena diogu el­ka­rri. Amets aritu zen goizean goizetik ni animatzen. Nik ba­nekien maila izugarria emango zuela, eta ez zela kokilduko. Eta saioa bukatzean, nola nirearekin konforme geratu nin­tzen, egin nezakeena eginda, pentsatu nuen: «orain Ame­tsek irabazten badu, kriston poza hartuko dut».

Jenerazio baten txapela izango dela aipatu duzue.
Gu talde bezala sartu ginen pla­zara, eta guk beti eduki dugu taldearen kontzientzia hori. Zergatik? Gu sartu ginenean, bertsolari gazte asko ez zebilen. Gure belaunaldia, gazte talde bezala sartu zen. Gazte saioak sortu ziren, eta gazte asko inguratu zi­ren... eta hor sortu zen mo­bida berezi bat: estetika diferenteko jendea hasi zen etortzen, mundu erreferentziala aldatu zen, gusto musikalak, estetikoak. Eta gure taldeak kontzientzi hori izan dugu: Unai, Igor, Jon, Irazu... Eta ia konturatu gabe pasa gara bertsogintzaren motor izatera. Eta horregatik, talde horri zegokion erreleboa har­tzea. Eta neurri batean neuri tokatu zait aurpegia ematea.

Errespontsabilitate haundia sentitzen al duzu orain?
Ez hainbesterainokoa, ze gaur egun, neurri batean, plazen pisua geure gain dago. Hasi ginenean besteen babesean hasi ginen, eta guk ahal genuena egiten genuen. Baina iritsi zen momentu bat, plazetan Egaña, Lizaso eta abar ez zeudena, eta konturatzen ginena, saioa guk atera behar ge­nuela aurrera. Ar­du­ra, be­raz, lehen ere sentitzen nuen, eta txapelagatik ardura plus bat ez dut sentitzen. Ardura da, zuregatik jendea plazara joaten denean, zurea emango duzun pentsatzea.

Ze harrera izan duzu Hernanin?
Badakit saioa jende askok ikusi zuela, bai etxean eta bai tabernetan. Giroa sumatzen zen, eta esaten zidaten poz hori bazegoela herrian. Poz­garria da jende hori guztia harreran ikustea.

MAIALEN-TXIRRITA:

Txapela jazten duen bigarren hernaniarra zara. Lehenengo hark (Txirritak) zer esango ote luke?
Kristona da zure burua haren titulo berarekin ikustea. Gus­tora adituko nuke zer esango lukeen. Ezin dut imaginatu, baino seguru sorpresa bat emango lidakeela.

Bilatu nahi izan dizkizuete
antzekotasunak, bertsokeraz, familiaz...

Familiaz, harreman zuzen-zu­zenik ez daukagu. Ber­tsotan, nahi gabe ere, Hernaniko bertso eskolakoek hortik jan dugu, eta pixka bat pegatuko zen.

ESANAK:

.
«2001eko txapelketan irudien mundu horrekin, sujerentziaren mundu horrekin nenbilen. Kontaketa irudien bidez, eta esan baino sujeritu, eta hor nenbilen. Aurten berriz ez dut nahi izan hain poetikoki esan gauzak, prosaikogo, narratibogo, eta iritzira gehiago etorrita. Edertu baino idortu egin nahi nuen bertsokera».
..
«Ametsekin bertsokeran nahiko hurbil sentitzen naiz. Egia da, saioaren bukaerako lanetan bi estilo ezberdin ikusi zirela, baina nik sentitzen dut bertsokeran berez, nahiko hurbil gaudela».
..
«Prestaketan, igual ari zara leitzen liburu bat, interesatzen zaizkizun hitzak lantzen... baina gero lanketa nagusia, jarrera da, halako esponja jarrera bat, alerta etengabeko jarrera batean. Askotan txikikeriatan dago magia, igual enkargutara dijoan pertsona baten deskripzioan dago klabea».
..

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!