Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] MIKEL IZAGIRRE

Kronika - Erredakzioa 2009ko abe. 13a, 01:00

Zer da Kirol Egokituaren Gipuz­koa­ko Federakuntza? Noiz sortu zen?
Gipuzkoako Diputazioak bul­­­tzatuta sortu zen 2002 urte bukaeran 2003 hasieran, federakuntza normalizatu baten barruan Kirol Egokitua erregulatzeko helburuarekin. Be­re barruan daude ezinduekin lan egiten duten talde guztiak eta kirol arloko beste hainbat talde ere bai. Esaterako dau­de: As­pa­ceren bar­­nean dagoen Dordo­ka zer­bitzua, Kon­porta kirol el­kar­tea igeriketan, Atzegi... eta Bera-Bera, For­­tuna, Atletico San Sebas­tian...
Ohiko kirola egiteko aukera zuzentzen diegu ezinduei hala nola, igeriketa, saskibaloia, pelota, atletismoa, arrauna, slaloma, boccia (petankaren antzekoa)...

Kirol egokituak zer esan nahi du?
Ezintasun bakoitzari egokitutako kirol ekintza edo ekintza fisikoa da, eta ekin­tza honen bidez, lortzen da errekuperazioa, parte har­tzea, sozializazioa... Hau da, bizi kalitatea hobetzen laguntzen duten ohitura osasuntsuak.

Kirol jarduerari dagokionean, no­la baloratuko zenuke ezintasunen bat duten umeen egoera Gipuz­ko­an?
Zero eta hamar bitartean ba­lo­ratu beharko banu, 10ari ba­ta kenduko nioke. Gure haurrek ez dute ki­ro­la egiteko behar du­ten eran­­tzunik. Horri eran­tzuten saia­tzen gara Fe­dera­zio­tik. Pro­gra­mak ditugu kirol ezberdinetarako eta zerbitzu ezberdinak eskaintzen ditugu.

Kirolik egin edo ez, haur edo gaz­te horiek ba al dute inguru edo ins­talaziorik aisialdirako?
Ez, baina ez beraiek eta ez gainerakoek.

Non daude oztopo gehien integraziorako, ezintasunen bat duten pertsonetan, instituzioetan, edo gizartearen gainerakoan?
Batik bat gizartean, ondoren ins­tituzioetan eta azkenik ezinduongan. Gizarteak konturatu behar du guk aberastu egiten dugula gizartea; izan ere, ranpa bat jartzen denean, jendea ranpatik igotzen da, edo ate zabal bat jartzen bada, ate zabaletik sartzen da jendea. Ezinduok hu­manoagoa egiten dugu gizartea.
Instituzioak ari dira pix­kana­ka pausoak ematen alor ezberdinetan, baina oraindik ba­dute egiteko bat: legeak betearaztea. Legeak dio enpresen plan­­tilen %2a ezinduek osatu behar dutela eta hori ez da bete­tzen.
Eta ezinduon aldetik, kontziente izan behar gara karga bat izateaz aparte, ekarpenak egin ditzakegula. Eta lortu behar dugu ez gai­tzatela baloratu gure ezintasunagatik baizik eta gure baloreengatik.

Zuen ekimenagatik Kirol Egoki­tuko zentro bat egingo da Kon­txan.
Ezinduentzat egokitutako ki­ro­laren zentro hori sortzea ger­taera gogoangarria izango da his­torian. Zentro horretan ez gara atzeko atetik sartuko, ez dira igogailuak hondatuta egongo... Gipuzkoan egongo den instalazioarik onena izango da eta estatu mailan ere baietz esango nuke.

Zer eskatuko zenioke hirigin­tzako zinegotzi bati?
Bere herriko hirigintza arlorako kontratatzeko gurpildun aulkian ibiltzen diren bi per­tsona eta itsu bat. 6 hilabeteko kontratua egin diezaiela eta txosten bat egiteko eskatu denbora horretan. Ondoren, txostenean bildutakoa udalak bete dezala. Hori horrela izango balitz, herri edo hiri horrek asko irabaziko luke.

Eta ikastola bateko zuzendaritzari?
Kontuan hartzea beraien programa eta azpiegituretan  izan­go dituztela ume osasuntsuak, ezintasunen bat du­tenak, baztertuak izateko arriskua daukatenak, beste na­zio batzuetakoak... Eta hori horrela, ez daitezela mugatu irakasgaiak irakastera bakarrik.

Amaitzeko, asteartean mahai inguruan landuko duzuen gaiari helduz, zure ustez zer da gogorragoa, Behobian parte hartzea edo egunero kalera ateratzea?
Kalera irtetea, lasterketa bat bai­no gehiago, borrokaldi bat da. Ez zara ohitzen egunero halako oztopoak izatera: mostradore al­tuak, eskailerak eta eskaloiak, hondatutako igogailuak... Amo­rrua senti­tzen da. Behobian ate­ra­tzen den batek, berriz, badaki zer izango den. Horretarako presta­tzen aritu da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!