Almarion, zer esan nahi du horrek?
Almarion amets batean agertu zen hitz bat da. Lehenengo orrian azaltzen da ametsa, eta hori zen amets horretan agertzen zen hitz bakarra. Esnatzerakoan honi esanahia bilatzen hasi nintzen eta ikusi nuen grekerako adjektibo bat zela Almarion. Horri bueltak eta bueltak ematen, bestelako esanahi batzuk ere atera nizkion, liburuan ere agertzen direnak, eta ondorioztatu nuen ametsak erabili zuela hitz hori niri mezu bat helarazteko.
Daniel, liburuaren protagonista, zu zeu zara?
Alde batetik ni naiz baina bestetik Argentinan 70. hamarkadan unibertsitatean ari ziren ikasleeen gora-beherak azaltzen dituen eta nire garai horretako nortasunaren islada duen pertsonaia da.
Zerk eraman zintuen
honela idaztera, hau da,
zergatik zure esperientziak
hirugarren pertsona baten
begietan jarri?
Horrela idatzi nuen helburu ezberdinak lortzeko. Helburu hurbilena, murrizketan ez erortzea zen. Horrelako gertaerak behin eta berriro kontatzean istorioaren murrizketa progresibo bat gertatzen da, gertaera bera ia oinarri-oinarrira txikituaz. Beste helburu bat izan liteke, deskripzio hutsean erortzea nahi ez nuela. Istorio bakoitza anekdota bitxi ezberdinetan oinarritzen da, eta horietako bakoitzak bere bizitza, sentipen eta oroitzapen propioak ditu bere barnean. Hirugarren pertsona honen bidez hobeto islatzen dira, koadro bateko pintzeladak bezalaxe.
Eta beste pertsonaiak errealak dira?
Bai, denak errealak dira.
Beraz, liburua
autobiografia bat bezala
definitu daiteke?
Bai, agian horrela definitu daiteke. Autobiografia bat bezala baina aldi berean, baita ere, belaunaldi oso baten autobiografia bat bezala.
Zerk eraman zintuen liburua idaztera?
Hasieran, gauza sinple bat zen, artikulu bat idatzi behar nuen euskarazko aldizkari baterako Argentinari buruzkoa. AEKko irakasle batekin hasi nintzen lantzen testua gero euskaratzeko eta berak pasadizo hauetako batzuk ezagutzen zituenez proposatu zidan El Puto Carrizoren istorioa erabiltzea artikulurako. Horrela hasi zen dena, eta gero lagunei pasa nienean askok bere ekarpenak egin zituzten hau edo bestea luzatzeko, egoera batzuk hobeto azaltzeko, etab. Horrela 4 orritako artikulua, 11 orritako istorioan bihurtu zen eta geroago 20 orrikoan. Hortxe iruditu zitzaidan pasadizo hori liburu baten kapitulu bat izan zitekeela eta orain horrela da, El Puto Carrizorena liburuko lehenengo kapitulua da.
Zerbait transmititu nahi zenuen liburu honekin?
Alde batetik nahiz eta bizitzan momentu txarrak edo konplikatuak igaro, honek ere momentu oso onak izango ditu eta beraz, ez desanimatzeko. Beste batetik nire seme alabentzat nire herentzia espiritual bat da. Bere aita nor zen edo nola bizi izan zen hobeto ulertzeko tresna bat.
Hilabete batzuk badira liburua argitaratu zenetik, zer nolako harrera izan du irakurleengan?
Bi harrera mota izan ditu irakurleengan. Batzuk esan didate liburu zaila izan daitekeela irakurtzeko, nolabaiteko maila altua eskatzen diolako irakurleari. Beste batzuek esan didate asko gustatu zaiela eta suposatzen dut egongo direla liburua gustatu ez zaien pertsonak baita ere, baina horiek oraindik ez didate ezer esan…
Kartzelako kontuak, askatasunaren berreskuratzekoak, etab. jorratzen dituzu liburuan.
Zaila al da horrelako esperientzia intimoak hitzetan isladatzea?
Niri ez zait hain zaila iruditu horrelako gauzak azaltzea. Aipatutako esperientzietatik ni nahiko osoa atera nintzen eta orain pixkatxo bat urruti bezala ikusten ditut, objektibotasun pixkatxo batekin. Gainera, liburuan, hauek salatzeko asmoa argia da, militantzia puntu bat ere badago. Gertaera horiei horrela aurre eginda ez zait hain zaila egin liburua idaztea.
Beraz, hori al zen baita ere liburu honekin bete nahi zenuen helburua, 20garren mendeko Argentinako historiako gertaera hauek ez ahaztea?
Bai, hori da. Batez ere Argentinan daude horren zain, azken hamarkadan jende asko ari da bilatzen Argentinako historiako gertaera hauen erreferentzia idatzia. Ni bertan azkenengoz egon nintzenean, udara honetan, nire lagun batzuei eraman nien liburua eta asko eskertu zidaten. Beraiek esaten zutenaren arabera garai haietako erreferentzia gehienak oso hotzak dira, polizia informeak izango balira bezala. Eta nik eramandakoa oso bestelakoa zen beraientzat.
Filosofiari buruz ere idazten duzu? Horiek zuretzat gordetzen dituzu edo hauek ere argitaratzeko asmoa duzu?
Bai filosofiaz ere idazten dut, bereziki nire ikasleentzako. Liburu hau idazteak balio izan dit pixka bat hori arintzeko, filosofiak eragiten didan ´karga` hori arintzeko. Agian filosofia testu horiek ere erabili daitezke saiakera liburu bat egiteko, baina horrek oraingoz denbora gehiegi beharko luke eta ez da nire asmoetako bat.
Gaur egunean filosofiako irakaslea zara, zer da zailagoa, liburu bat idaztea edo egunero ikasleei filosofia helaraztea?
Horrelako liburu bat idaztea da dudarik gabe zailagoa. Zorionez sekula ez dut arazorik izan giro ona sortzeko klasean eta ikasleen erantzuna oso ona izan da. Horregatik nago erabat harrapatuta klaseak ematen eta klase horien atzean lan piloa dago. Beraz, lan guzti horrekin liburu bat idaztearen ideia bitan pentsatzeko modukoa da.
Molotoff irratian ere programa bat egiten zenuen, ez?
Bai, ordu eta erdiko programa bat egiten nuen latinoamerikari buruzkoa eta gero El Utimo Cafe elkarrizketa saioa ere egin nuen. Molotoffeko beste zenbait programetan ere kolaboratzen nuen latinoamerikako berriak komentatzen.
Zer moduz dijoa liburuaren salmenta? Non erosi daiteke
liburua?
Salmenta nahiko ondo dijoa, batez ere Kitto tabernan. Izan ere, Hernanin, bertan bakarrik erosi daiteke. Salmentaren asuntoa berezia da horrelako liburu bat ondo saltzeko mirari antzeko bat behar delako. Alde batetik, argitaletxeak eramaten du salmentaren zati bat eta hortan ni ez naiz inor, beraiek behar dutena egiten dute. Bestetik, argitaletxekoei proposatu nien lehenengo edizioa nik ordaintzea baina nire esku geratzen zelarik salmentaren erdia. Orduan 400 libururekin aurkitu nintzen eta zenbait pertsonei galdetu ostean sortu zen taberna horretan liburua saltzeko aukera. Oraingoz 100 ale baina gehiago saldu dira bertan bakarrik, beraz, oso ondo.
´Argentinan belaunaldi oso bat falta da, diktadurak desagerrarazita`
Argentinak estatu kolpe asko ezagutu ditu bere historian zehar baina Damian Pedrosa atzerrira bidali zuena 1976ko Martxoaren 24koa izan zen. Videla, Massari eta Agosti izan ziren diktadura hori gidatuko zuen Junta Militarraren lehenengo agintariak. Argentinako herriarentzat ondorio lazgarriak izango zituen garai beltza hasten zen. Hainbat erakundek 30.000raino eramaten dute desagertutakoen kopurua, Damianen ustez zifrak asko gehitu lirateke beste modu batera desagertutakoak ere zenbatuko balira. Erbesteratze horrek munduaren alde batetik bestera eraman zuen, orain dela 24 urte Hernanin geratzea erabaki zuen arte.
Leku ezberdinetan bizi izan zara, Argentina, Madrid, Gasteiz, Ekuador eta azkenik Hernani. Zerk eraman zintuen azkenean hemen gelditzera?
Kasualidadea izan zen. Ni Gasteizen bizi nintzen eta Ekuadorrera joan nintzen. Ekuadorren unibertsitateko irakaslea nintzen eta handik bueltatzean nik unibertsitatean jarraitu nahi nuen klaseak ematen. Hemen Filosofiako fakultatea Donostian zegoen, beraz Donostiara joan nahi nuen bizitzera. Baina, Hernanin nire neskalagunaren ezagun bat bizi zen eta honek gela bat eskaini zigun bizitzeko Donostian zerbait aurkitzen genuen bitartean. Donostian ezer ez genuenez topatu pentsatu genuen ea zergatik ez ginen bertan geratzen eta horrelaxe izan zen, kasualitatea. Geroago izan genuen bertatik mugitzeko aukera, baina oso gustora geundenez hementxe geratu ginen eta jadanik 24 urte daramazkigu Hernanin.
Nola ikusten duzu gaur egungo Argentina? Zer aldatu da?
Gaur egunean Argentinan belaunaldi oso bat falta da. Estatu kolpeen proiektua Argentinaren independentzia haustea zen, industria propioa desagerrarazi, dena multinazionalen esku uztea, etab. Horrekin batera beharrezkoa zen erdiko klasea desagerraraztea edo asko ahultzea eta hori lortu zuten. Ahultzea zentzu guztietan: arlo kulturalean, intelektualean, eta ekonomikoan.
Hau izan daiteke gaur egungo Argentinaren arazoen arrazoietako bat?
Bai, diktaduren ondoren sorturiko gobernuek ez zuten bideratu konponbiderik. 1990eko hamarkadako gobernuak, Menem-enak, diktadurak egindakoetan sakondu egin zuten, eta noski azkenean estatuak crack egin zuen corralitoaren asuntoarekin besteak beste.
Hamarkada horretan Argentinan jende guztiak gauza bakarra zuen buruan, nola egin Argentinatik anka Europara joateko. Ez zuten ikusten beste irtenbiderik.
Gaur egunean gauzak aldatzen ari dira pixkanaka eta indarra eta itxaropena berreskuratzen ari dira argentinarrak.
Erbestetik jende asko bueltatu zen? Zu bueltatu zinen?
Bai. Beti gaude bueltzazen. Ni diktadura bukatu eta bi hilabetetara bueltatu nintzen. Oso inpaktantea izan zen. Iraganean joaten zinen lekuetara joaten zinen, tabernetara, plazatara, maiz joaten zinen lekuetara eta... dena desberdina zen! Dena ezezaguna zen, eta aurpegi ezagunik ere ez zenuen topatzen. Lehenengo bi asteetan traumatizaturik nengoen, gehiago ez bueltatzea pentsatu nuen. Ez zegoen inor nirekin lotura zuenik, beno familia bazegoen, baina lagunak, unibertsitate giroko lagunak, kaleko giroa…ez zegoen ezer. Gero denborarekin jada lortu nuen lagunen sarea pixkanaka berreskuratzea, baina hasieran lagun horien etxeko tinbreak jotzeko ere beldur nintzen. Agian berriz desagerrarazten zintuzten.
Euskal Herrian ere, gaur egunean, ´memoria historikoa`rena jende askoren ahotan dagoen gaia da. Argentinan nola tratatu zen gai hori?
Gauza bera egiten ari dira Argentinan eta kolektibo batzuk badaude lan horretan, Madres de la Plaza de Mayo edo Abuelas de la Plaza de Mayo. Eta orain ere beste talde bat agertu da Hijos de Desaparecidos memoria hori azalarazi nahiean. Bereziki azken hauen esku dago memoria berreskuratzea, beraiek direlako belaunaldi berria.