Batak 16 urte ditu, eta besteak 21; batak ile beltza du, eta bestea ilehoria da; batak fisioterapeuta izan nahi du, eta bestea ingeniaritzako laugarren mailan ari da... Lehen begiratuan, ez dirudi bi hernaniar hauek, Maider eta Naiara Altuna, ahizpak direnik. Bakoitzak bere berezitasunak ditu, baina abizenaz gain, bada elkarlotzen dituen zerbait: hockey-a. Biek 10 urterekin hartu zuten lehen aldiz stick bat eta, gaur egun, kirol horretako etorkizuneko kirolari bilakatu dira: Realean eta Euskadiko zein Espainiako selekzioetan jokatzen dute. Nork daki urte batzuk barru, joko olinpikoetan ikusiko ote ditugun?
Erika Elizari Salvador
Hockey-a ez da ohiko kirola, zerk eraman zintuzten aukeratzera?
N: 10 urte nituenean izan zen. Nire kasuan, ikastolaz aldatu nintzen, Elizatxotik Santo Tomas Lizeora, eta ezagutzen nituen lagunek hockeya egiten zutenez, nik ere hala egin nuen, ia zer zen ere jakin gabe.
M: Nik nire ahizparengatik aukeratu nuen. Probatu nuen, gustatu zitzaidan, eta gaur arte.
Zer aurkituko zenuten jakin gabe hasi eta ‘etorkizuneko kirolari’ izaten bukatu duzue. Gipuzkoako Foru Aldundiaren saria jaso duzue behintzat...
N: Bai sari hori urtero 16-20 urte bitarteko kirolariei ematen zaie. Denboraldi horretan zehar egindakoagatik saritzeko modu bat da, eta nolabait ere, bidea irekitzen dizu eta jarraitzera animatzen zaitu. Dagoeneko ez nago adin tarte horretan, baina lau bat aldiz eman didate.
M: Niri aurten eman didate eta lehenengo aldia denez, abenduan Kursaalean egiten den ospakizunean gainontzeko etorkizuneko kirolariekin elkartuko gara, saria jasotzeko.
Talde batean baino gehiagotan jokatzen duzue ezta?
M: Bai, nik Santo Tomas Lizeoan, kadete kategorian eta Realean jokatzen dut. Kontua da, Lizeoa Realaren filiala dela eta, beraz, beraiek eskatuz gero, beraiekin joka-tzeko aukera dago. Ni batzuetan konbokatzen naute, baina nire benetako taldea ikastolakoa da.
N: Ni orain Realean bakarrik nabil. Jubenilen kategoria amaitu arte, Maider bezala, batean eta bestean aritu nintzen eta orain Realean bakarrik.
Beno, eta horrez gain, Euskadiko eta Espainiako
selekzioetan.
N: Bai, Euskadiko selekzioa ‘Sub 16’ eta ‘Sub 18’ kategorietan bakarrik dago. 14 urterekin hasi eta bi horiek pasa nituen. Espainiar Selekzioari dagokionez, berdina, baina baita ‘Sub 21’ ere. Aurten bukatu dut talde horrekin, Bostonen jokatu dugun Mundialean.
M: Nik Euskadikoan bi kategorietan jokatu izan dut eta Espainiakoan aurten izan da lehenengo aldia ‘Sub 16’-en.
Zeinetan jokatzen duzue
gustoen?
N: Desberdina da niretzat. Reala da nire betiko ekipoa eta selekzioan jokatzea, sari bat da, jende gehiago ezagu-tzeko aukera ematen dizuna. Baina txapelketa jakin baterako prestatzen zara bakarrik, eta txapelketak oso puntualak direnez, ez da gauza bera. Bestean, urte osoan zehar lan egiten duzu, denboraldi osoan jokatzen ari zaren sari baterako. Beraz, guztiz desberdina da.
M: Lizeoa da nire benetako taldea, baina selekzioan adibidez, maila altuagoa da eta alde horretatik, asko gustatzen zait.
Jokalari moduan antza daukazue zelaian?
M: Oso desberdinak gara. Naiarak defentsa moduan jokatzen du eta nik aurrelari bezala.
N: Biak erdilari izaten hasi ginen eta gero Maiderrek aurrera egin du eta nik atzera, defentsa lanetara.
Orduan, bata golei oztopo
jartzaile eta bestea goleatzaile?
M: Beno nik ez ditut gol asko sartzen. Nik defentsa eta goleatzaileen erdiko bidea egiten dut.
Naiara, zu gainera, Espainiar selekzioko kapitaina ere izan zara? Nolatan? Zer suposatzen du horrek?
N: Bai, azken hiru urteetan ‘Sub 21’-eko kategoriako kapitaina izan naiz. Ustekabean izan zen. Hasieran, esan zidatenean, nire lehenengo urtea zen kategoria horretan eta ni baino jende zaharragoa eta esperientzia gehiagokoa zegoenez, ez nuen espero. Nik uste, nire izaeragatik izan zela; izan ere, ni oso zuzena eta obedientea naiz. Txapelketa batean gaudenean badakit zer egin behar den eta zer ez den egin behar. Gainera, nahiko lasaia naiz eta jendearekin ez dut arazorik izaten.
Stick-a 10 urtekin lehenbiziko aldiz hartu eta orain arteko bidea nolakoa izan da?
N: 11 urterekin kontzentraziotara joaten hasten zara, gero txapelketetan jokatzen hasten zara, eta hortik Euskadiko eta Espainiako selekzioetan jokatzeko aukera irekitzen da. Kirol honetan jende asko ez dagoenez, ondo moldatzen bazara, eta progresioa ona baldin bada, zerbaitetara iristea erraza da.
Esaldi batean laburtu beharko bazenute, bide hori...
N: Sakrifikatua, baina saritua.
Iaz jokatu zenuten lehen aldiz elkarrekin Realeko partidu bat. Berezia izan al zen?
M: Aurreko denboraldian konbokatu ninduten lehenengo aldiz eta oso aukera ona izan zen niretzat. 10-15 minutu jokatu nituen. Naiara defentsa moduan zegoen, gurasoak ikusten, eta ni aurrelari bezala. Kuriosoa izan zen.
N: Egia esan oso ondo egin zuen. Berezia izan zen, ze bazuen bere garrantzia, baina aldi berean, aurretik elkarrekin entrenatu izan genuenez, guretzat ez zen hain arraroa izan.
Ondo moldatzen zarete zelaian? Edo Naiarak errieta egiten dizu?
N: Batzuetan (parrez).
M: Bueno... Zelaian ez gara asko komunikatzen, ni goien nagoelako eta bera behean. Baina bestela, bai, batzuetan...
N: Baina esaten diodana ekipoko beste edozein jokalariri esango niokeena da. Zelaian, Maider ez da nire ahizpa, taldekide bat da.
Baina berekin ez zara gogorragoa? Badakizu, konfidantza dagoenean...
N: Elkar zirikatzen saiatzen gara.
Zenbat denbora kentzen dizue kirol honek? Zenbat ordu
pasatzen dituzue entrenatzen?
N: Liga orain dela astebete hasi zen eta ordurarte, aurredenboraldian, asteko 5 egunetan entrenatzen genuen, eta batzuetan, asteburuan ere bai. Guztira, astean 10-12 ordu. Orain, astean zehar 4 egun entrenatzen ditugu, baina gero, asteburuetan partiduak ditugu. Azkeneko partidua adibidez, Kanariar Irletan izan zen eta larunbatean, goizeko zazpietan atera ginen eta igandean, gaueko ordubatean iritsi ginen.
M: Nik ordu gutxiago sartzen ditut. Astean bitan entrenatzen dut eta guztira, lau ordu. Gero, batzuetan, Realeko entrenamenduetara ere joaten naiz.
Eta ordu guzti horiek lagunekin, familiarekin, ikasketekin... bat egitea erraza da?
N: Kontua da, nahiko progresiboa izan dela. Ez gara pasa arratsalde guztiak libre izatetik asteko egun guztietan entrenatzera. Pixkanaka ordu kopuruak gora egin du, eta ohitzen joan gara. Beste batzuek musika, dantza, hizkuntzak... egiten dituzten bezala, guk hockey-a egiten dugu. Gerora ohartzen zara sartzen dituzun orduez. Egia da, guri denbora gehiago hartzen digula, baina azkenean ohitu egiten zara. Bat-batekoa izango balitz, ezingo nuke erritmo hau jarraitu, baina pixkanaka izan denez...
Gauza askori uko egin behar izaten diozue?
N: Ni gehien izorratu ninduena ikasbidaiari uko egin behar izatea izan zen. Ezin izan nintzen lagun guztiekin Alemaniara joan, selekzioarekin txapelketa bat jokatu behar nuelako. Orduan erabaki hori hartu nuen eta ez naiz damutzen, une horretan hori sentitzen nuelako, baina pena ematen du. Pentsatzen hasita, bidaia eta plan asko galdu behar izan ditut, baina nire ustez, merezi du. Edonork ez dituen aukerak dira hauek, eta aprobetxatu egin behar dira.
M: Ikasketei dagokienez adibidez, batzuetan hockeyari ere uko egin behar izaten diot. Baina beno, egia esan, ikastolan ere asko laguntzen digute horrekin; izan ere, txapelketaren bat baldin badago edo, aldez aurretik abisatuz gero, ez dute arazorik jartzen batzuetan azterketak atzera-tzeko...
Hockeyean lesioak gogorrak dira; izan ere, beste kirol guztietako arriskuez gain, hockeyeko bolak jo zaitzake, eta bola ez da biguina...
M: Bai. Kirol honetan, lesioak muskularrak eta bolakaden ondorioz sortutakoak izaten dira. Niri adibidez, aurredenboraldi honetan, uda osoa ezer egin gabe pasa ondoren, hainbeste entrenatzeaz, iskioia kargatu zitzaidan eta haragi-eten bat izan nuen. Eta gainera, orain dela 2-3 aste txapelketa batean beste lesio bat izan nuen. Beraz, oraindik sendatzen ari naiz eta ez nago erabat ondo.
N: Nik lesio muskularrekin zorte haundia izan dut, ez baitut inoiz ezer izan. Baina bolakadak bai, eta bola oso gogorra denez, hezurrak ere hautsi daitezke. Niri adibidez, eskuko metakarpioa hautsi zitzaidan, operatu egin behar izan ninduten eta, egia esan, gogorra izan zen: hasieran ez zen ondo errekuperatzen, txapelketa bat galdu behar izan nuen, bost hilabetez ezin izan nuen ia ezer egin... Bestela, behatz bat ere hautsi nuen, aurpegian ebaki pare bat ere izan ditut...
Zein da aurtengo denboraldirako zuen helburua?
N: Laugarren urtea da oraingo entrenatzailearekin gaudena eta asko ikasten ari gara. Urtetik urtera hobetzen ari gara eta gure lehenengo helburua hemendik bi urtetara goi mailako taldeei irabazi ahal izateko moduko talde bat sortzea da. Beraz, gertuko helburua, kategoriaz ez jaistea da. Baina noski, goiko postutan sartu eta play off-a jokatu badezakegu, ba, hobeto. Eta nire helburu pertsonala, horretarako ahal dudan guztia ematea da.
M: Nire kasuan, ‘Sub 16’-an aurten bi txapelketa jokatuko dira, eta horietan sartzea gustatuko litzaidake. Horrez gain, noski, ahal dudan ondoen jokatzen saiatuko naiz eta ea Realean konbokatzen nauten!
Eta orokorrean, kirol honetan zein da zuen helburua edo ametsa? Absulutua, selekzioaren kategoria gorena? 2012ko Londreseko Joku Olinpikoak?
M: Niri, dudarik gabe, absolutuan jokatzea gustatuko litzaidake, baina oraindik asko falta zait eta jokatzen jarraitzearekin konformatzen naiz.
N: Nik oraintxe bukatu dut ‘Sub 21’ kategoriaren etapa, eta orain karrera bukatzeko daukat, Realean zentratuta nago... Baina nork daki hemendik urte batzuetara zer pasako den? Ikusiko da.