Bikoiztailea da Arantxa Moñux Agote. Bere ahotsaren bidez, bizia ematen die hainbat eta hainbat pertsonajeri. Gehienbat, marrazki bizidutenako pertsonajeak izan dira bikoiztu dituenak, eta, normalean, euskeraz. Baina haragi-hezurrezko filmeetan ere egin du bikoiztaile lana. Baita dokumentaletan, edo CD-Room didaktikoetan ere. «Oso lan polita» dela dio, baina «galtzen ari da».
30 urte inguru daramazki mundu horretan, eta ondotxo ezagutzen du ofizioa.
Zurea ez da oso lanbide ohikoa. Nolatan hasi zinen?
Euskal filologia ikasten ari nintzela, egunkarian iragarki bat irakurri nuen. Proba bat egingo zutela bikoiztaile lanetarako. Eta han joan nintzen. Ez dut ondo gogoratzen nolakoa zen proba. Zer edo zer irakurri eta... 20ko talde bat ginen. Ikastaro trinko bat egin genuen 3 hilabetez. Eta ondoren, urtebete egin genuen lanean, diru baten truke, baina kontratu definitiborik gabe. ETB 1ekin batera hasi ginen. 82 inguruan. Lehenengo promozioko taldea zen nirea. Xabier Lete izan zen irakurketarako irakaslea, Luis Iturri antzerkikoa... Besta hainbat ere izan genituen. Ikastaroa Prim kalean hasi genuen. Gero Eason ibili ginen, ondoren Sorabillan, eta orain Zuatzu enpresa parkean gaude. Orduko 20ko talde hartatik gaur egun bakarra da fijoa. Gainontzekoak, 35 bat edo, ebentualak dira.
«Hizkuntza bultzatu eta inguruko besteetatik babesteko ezinbestekoa da bizkoizketa».
Nolakoa da bikoiztailearen lana?
Aktoreek edo pertsonajeek jatorrian esaten dutena guk euskeraz interpretatzen dugu. Grabazio areto batean sartzen gara, mikro bat aurrean, eta pantailari begiratzen diogula, atril gainean dugun testua irakurtzen dugu ahalik eta modurik fidelenean. Testu hori denbora eta modu batean irakurri behar da, pertsonajearen ezpainen arabera. Batez ere, pertsonaje errealekin ari zarenean; animazioan ez hainbeste; marrazkia libreagoa da.
Eta nola prestatzen duzue irakurri beharreko testua?
Prestatu? Momentuan sortzen dugu pertsonajea! Aretoan zuzendaria egoten da. Berak pertsonajeen errepartoa egiteko aukera izaten du batzuetan, ez beti. Testua guregaran iristen denerako itzulia, egokitua eta zuzendua dago. Pelikula, berriz, take-eatuta dator. Take-a da lerro kopuru baten neurria, eta bakoitzak du denbora jakin bat: hasi eta bukatu. Take bakokitzean tokatzen diren pertsonajeak egoten dira. Itzultzaileak zuzendu eta egokitu egiten du testu hori, eta beste batek, ontzat eman. Zuzendariak lehenengo pelikula edo telesaila edo dena delakoa ikusten du, eta ondoren grabazioa egiten da: astelehenean take kopuru bat grabatzen da, hurrengoan beste bat... Batzuetan, take berean parte hartzen duten pertsonajeen ahotsak batera grabatzen ditugu, baina besteetan, pistak erabiltzen ditugu, ezin dugulako elkartu. Neri gehiago gustatzen zait elkarrekin grabatzea, momentuan erreplika edo erantzuna jasotzea. Take bat grabatu ondoren, zure pertsonajea berriro agertzen den arte askotan itxaron egin behar izaten dugu tarte batean, batzuetan luze eta besteetan motz. Hala ere, kasu batzuetan, zure pertsonajearen take guztiak segidan egiteko aukera izaten da.
Paper protagonista dudan kasuetan, eta serietan, badakit zer egin behar dudan: ezagutzen dut pertsonajea. Bestela, zuzendariak esaten dizu zein den zure papera eta pantailan ikusten duzu. Jabetu egin behar duzu pertsonajea nolakoa den, zein sentimendu eta izaera dituen, zein adin duen, zein istorio duen atzetik... eta ondoren, grabatu egiten duzu. Zuzendariak kokatu egiten zaitu. Jatorrizko take-a ikusten dugu behar denetan, eta hurrengoan zu hasten zara euskeraz gainetik.
Aktore lana ere egin behar duzue, ezta?
Antzeztu egiten dugu noski, kontuan hartuz ezpainen mugimendua eta esaldien luze-laburra. Inportanteena da kolorea ematea ahotsari. Sinesgarria eta fidela izatea pertsonajearekiko. Maiz energia asko eskatzen dute egiten ditudan marrazkiek! Pentsa, 20 urte daramazkit Nobitarena egiten! Energia haundiko mutikoa da bera. Adi eta erne egon behar duzu. Lanbide askotan bezala, lanean neurriz kanpo aritzen naizenean, etxera joan, eta ez dut hitz egin nahi izaten. Begiak eta belarriak itxi eta ixilik egon nahi izaten dut.
«Jabetu egin behar duzu pertsonajea nolakoa den, zein sentimendu eta izaera dituen, zein adin duen, zein istorio duen atzetik... eta ondoren, grabatu».
Nobitaz gain, zeini gehiagori jarri diozu ahotsa? Beti marrazkiekin ibiltzen zara?
Lehenengoz Dotakon marrazki bizidunetako Mixurirena egin nuen. Eta hortik aurrera, dezente! Ahaztu ere egin zaizkit! Hirukietako bat, Shin Chaneko Kazama, Lehenengo muxuak telesaileko Justin, Park Lewisek ez du sekula galtzen telesaileko protagonistaren arreba, David Copperfield pelikula, Harry Potter pelikulan, Ronen papera...
Bestalde, dokumentaletarako ere jarri izan dut ahotsa, edo haurrentzako material didaktikoetarako, CD-Roometarako eta. Baita Eusko Jaurlaritzako ahots bankurako ere. Orain gutxi esan zidan ahizpak errenta aitorpeneko telefono zerbitzuan ezagutu zuela nire ahotsa!
Marrazkia ala haragi-hezurrezkoa nahiago?
Marrazkietan gehiago ibili naiz. Baina badira batere gustatzen ez zaizkitenak. Japoniar batzuk eta. Ezta gidoia ulertu ere! Eta oso agresiboak, umeentzat. Baina Hirukiak, adibidez (ekoizepen katalanekoa bera), ETBtik pasa den marrazki onenetakoa dela esango nuke, bai ilustrazio aldetik, eta baita edukiz ere. Bestalde, haragi-hezurrezkoak ere bikoiztu ditut: Victor-Victoria musikala, edo Venus. Salón de Belleza pelikulan Audrey Tautou aktorearen ahotsa. Baina batez ere marrazkiak egin ditut, eta euskeraz. Bestalde, ez barra-barra, baina badira euskal bikoiztaileak ahotsa jartzen dutenak zine komertzialetako gaztelaniazko pelikuletan.
Ahotsa nola prestatzen duzu? Asko zaindu behar da?
Marrazkietan askotan neska-mutikoena egiten dut. Normalean, emakumeek egiten ditugu horrelakoak. Denok ez ditugu erregistro berdinak, eta gizonezkoek oso gutxitan egiten dute haurren papera. Gero, denboraren poderioz, badakizu nondik jo.; non kokatu ahotsa eta zein estilo eman. Baina nik ez dut ezer berezirik egiten ahotsa zaintzeko. Katarroa baldin badut bai, baina bestela... Ahotsa kolokatzen jakin behar da. Ikastaroak egiten ditugu, eta abesbatzetan kantari ere aritu naiz. Horrelakoetan ibiltzeak asko laguntzen duela iruditzen zait.
Nobitarena egiteko dagoeneko kolokatu ere ez! Natural aterako zaizu! Eskatzen al dizute kalean ahotsa jartzeko?
Alabak txikiak zirenean eskatzen zidaten eskolako lagunei eta, Nobitarena egiteko. Txundituta gelditzen ziren! Baina pena ematen dit hori egitea, majia galtzen baitu. Gauza txiki batzuk egin ditut bai antzerkian eta bai telebistan, eta norbaitek esaten badit Nobitarena egiteko, ezkutatu egiten naiz, ez nazaten haurrek ikusi.
«Lanean neurriz kanpo aritzen naizenean, etxera joan, eta ez dut hitz egin nahi izaten. Begiak eta belarriak itxi eta ixilik egon nahi izaten dut».
Azken urteetan bikoiztearen kontrako ahotsak entzun dira... Hobea omen da jatorrizko hizkuntzan ikustea telebista, hizkuntzak ikasteko...
Eztabaida hor dago, bai. Batzuk seguru daude jatorrizko hizkuntzaren alde egin behar dela. Eta errusiarra bada? Nire ustez, aukera izan beharko genuke jatorrizko bertsioan eta euskeraz, bietan ikusteko; botoia sakatu nahi duzun bezala entzuteko eta listo. Zinera joaten gara, eta dena gaztelaniaz entzuten dugu, baina hor ez da eztabaida piztu. Telebista etxetan sartzen hasi zenean, Espainia eta Frantzia espabilatu ziren bai! Haiek berehala ikusi zuten kanpoko pelikulak bikoiztu behar zirela! Egia esan, nik hilzorian ikusten dut euskarazko bikoizketa. Jakin dugu herrialde nordikoetan bikoizketetara itzuli direla, beren hizkuntza sustatzeko. Hizkuntza bultzatu eta inguruko besteetatik babesteko ezinbestekoa da bikoizketa. Baina!
Asko aldatu al da bikoiztaile lana hasi zinenetik hona?
Oso gauza berria zen orduan, eta ilusio haundiarekin bizi genuen. Pelikulak, telesaialak... ekartzen ziren. Helduentzako ere bai. Orain, badirudi euskera dela umeentzat eta txakurrentzat. ETB 3 haurrentzako katea sortu zen, eta etengabe marrazki bizidunak emititzen dira. Marrazki bizidunak ikusten dituzte umeek, eta haunditzean, ETB ikusteari uzten diote. Garai batean lanbidea zen, baina orain ezin da hortaz bizi. 83an, 1.800 ordutik gora bikoizten zen urtean ETBn, eta 90ean gainbeheran hasi zen kopuru hori. Azken hiru urtetan 400 ordu inguru bikoiztu dira urtean, eta 2013an, 100 ordutik behera. 30 urtetan bikoiztaile kopurua murrizten joan da, eta aurreratu den guztia atzeratzeko arriskua dago.
Euskeraz bizkoiztean hizkuntzaren erregistroarekin asmatu da?
Horretan itzultzaileak eta, ibiltzen dira. Baina egia da, agian falta zaio kaleko hizkeraren kutsua. Gure bikoizketa erreferentzia gehienak gaztelaniazkoak dira. Euskeraz tradizio eta ohitura gutxi dago. Ez dakit egia den, baina esaten da, adibidez, qué diablos pasa esamoldea ez dela herrikoia; diablos tartean sartu omen zen itzulpena egindakoan denbora soberan gelditzen zelako pertsonajearen ezpainetan!
Beltz xamar ikusten duzu, bikoizketaren etorkizuna...
Nik galdera bat botako nuke: nori inporta zaio euskerazko bikoizketa? Gaur egun nekez bizi daiteke hontaz. Hala ere, ofizioa oso polita eta atsegina da. 30 urte badaramazkit nik, behintzat!