Erreportajeak

«IQU, hasieran, familiako enpresa bat bezalakoa zen»

Kronika - Erredakzioa 2014ko api. 20a, 02:00

Industrias Químicas del Urumea, IQU enpresa izan zena, 2008an itxi zuten, eta 2014ko martxoan hasi dira botatzen. Angel Royok eta Lurdes Urangak enpresa jaiotzen ikusi zuten, 1966an. Mariasun Ezponda 1968an sartu zen eta Urangarekin batera aritu zen, 40 urtez, 2008an itxi zuten arte.

Nola hasi zen IQU?
Angel Royo: Eduardo Igle­sias Hernandezen ideia bat izan zen. Bera ki­mikoa zen. Espe­rientzia zeu­kan; fundizioan ibilia eta abar… eta ikusi zuen aukera zegoela fa­brikatzeko produktu bat, zaila zena mer­katuan bi­la­tzen: erretxin feno­likoa. Hori lortzen zen fenola eta for­mola nahastuta, batez ere.
Erretxin hori hondarrari na­hastuta lortzen zen produktu bat, fun­dizioe­tan oso estimatua ze­na. Beroari ondo eusten zion eta fundizioetako moldeak egi­teko balio zuen.

«Inaugurazioan, 1966an, apaiza bulegoetara igo zen, eta Eduardo Iglesiasek esan zion: ‘«Ez, ez. Honek (ofizinak seinalatuta) ez digu jaten emango, eta goazen be­he­ra, fabrikara, hura da-eta jaten emango diguna’»

Iglesiasek ideia izan zuen, baina akzionista gehiago ere baziren...  
A.R.: Iglesias bera, eta beste sei akzionista izan ziren.

Non hasi zineten?
A.R.: Karabelen, Gibelbex-en, bakailao gibelaren olioa egiten zuen enpresan. IQUko edifizioa egin aurretik. Ni eta Javier Ge­rrikagoitia hasi ginen.

«Eduardo Iglesiasek ikusi zuen aukera zegoela produktu bat fabrikatzeko,  merkatuan gutxi zegoena: erretxin fenolikoa»

Baina IQU dagoen tokira berehala pasa zineten, ezta?
A.R.: enpresa 1965ean sortu zen, eta IQUko planta 1966an inau­guratu zen. Instalazio txi­ki ba­tzue­kin hasi ginen.
lurdes Uranga: inaugu­ra­zio­ko egu­nean, 1966ko azaroan, 12 lagun geunden. Bedeinkazioa ema­te­ko garaian, apaiza bule­goetara igo zen, eta Iglesiasek esan zion: «Ez, ez. Honek (ofi­zinak seinalatuta) ez digu ja­ten emango, eta goazen be­he­ra, fabrikara, hura da-eta jaten emango diguna».  

Hasiera hartan zenbat langile zineten?
L.U.: Ni hasi nintzenean, be­­­hean sei ari ziren. Juan Gas­cue (orain­txe hil berri dena) enkargatu be­zala, eta beste bost langile. Bi per­tsona laborato­rioan, komer­tzial bat, eta gu biok (Lurdes eta Angel) ofizinan.
Zer da erretxinez bildutako hondar hori? (arena prerevestida de resina)
A.R.: Erretxinez bildutako hon­­darra, hondar fin-fina zen, tenperatura oso altuak aguan­tatzen zituena. Fun­­dizioetarako balio zuen, moldeak egiteko.  

«Erretxin hori hondarrari nahastuta lortzen zen produktu bat, fundizioetan oso estimatua zena»

Zein da hondarraren lana fundizio batean?
A.R.: Hondarrak bero haun­dia­ri eusten dio. Erretxinak forma ematen dio, eta moldean salda botatzen denean, ez da le­her­­tzen, eta pieza osoa ateratzen da. Gero hondarra ken­du, eta eskonbroetara. Eta pie­za egina.

Beti materia prima fundizioetarako?
A.R.: Bai bai.
MARIASUN EZPONDA: Hori da. Gero beran­dua­go, fun­diziorako bakarrik ez, beste lekuetarako ere bai.
A.R.: Nik beti pentsatu izan dut, Eduardo Iglesias beti izan dela pertsona bat bista haundikoa. Hasieran fundi­zioe­tako behar hori ikusi zue­lako. Baina ez zen hor geratu. Gero dibertsifikatzen joan zen, ikuspegia zabaldu eta gauza berriak bilatzen. Ho­rre­la, sek­tore bat gaizki zihoa­nean, bes­teek ateratzen zuten fabri­ka aurrera.

«Gero dibertsifikatzen joan zen, ikuspegia zabaldu eta gauza berriak bilatzen. Ho­rre­la, sek­tore bat gaizki zihoa­nean, bes­teek ateratzen zuten fabri­ka aurrera.»

Eta hondar horri nola eman erretxin kapa hori?
L.U.: hondarra harrobie­ta­tik ekar­­tzen zuten. Hondar be­rezia behar zu­en. Hondar siliciosa zen, harrobietakoa. Fintasun ezberdi­ne­ta­koak ekartzen ziren, gauza ba­terako edo besterako. Gas­teiz­tik ekar­­tzen zen.
A.R.: hondar hori, bere kan­titatean sartzen zen mezkla­do­ran, eta han eransten zitzaion erretxina, beroan. Eta hori guz­tia erortzen joaten zen, behera, letxo edo ohe esaten genion pie­za batera (3m x 1m) eta ho­rrek azpian haize hotza zeu­kan, presioan. Eta hor hon­da­rrak irakin egiten zuen, eta bertan hoztu. Eta hori zen hon­darra, erretxinez bildutako hori. Eta zakuetara.

Erretxina ere hor egiten zen ezta? Nola?
A.R.: eltze haundi batzuetan. Hor sartzen zen tek­ni­koen lana. Fenola eta formola hor sartzen ziren, eta beste pro­duktu gehiago ere bai, baina batez ere fenola eta formola. Tenpera­tura altue­ta­ra iristen zen hori, eta bere tenperatura batean eusten zitzaion, gehiago berotuz gero, erretxina gogo­rtu egiten zelako.

«1993a txarra izan zen, IQUko momenturik txarrenetakoa. Ordurako alemanen eskuetan zegoen fabrika. Langileen %30 bota zuten.»

Fenola eta formola esan duzue sartzen zirela. Likidoak ziren, eta hortik erretxin bat ateratzen zen?
L.U.: likido lodi bat atera­tzen zen, bai. Eta hori hon­da­rrarekin nahasten zen.

Arriskua eta langileen segurtasun aldetik, batzuk diote ez zirela gauzak behar bezala egin...
L.U. eta M.E.: gu ez gara ardura hori geneukanak, baina bai, ardura zeukatenek asko in­sis­titzen zutela segurtasun neu­rriak hartzearekin. Kontrolak oso maiz egiten ziren. Lehen­dik ere bai, eta alemanak sartu zirenean izugarri gogor jarri ziren gauza horiekin. Amian­toarekin lan egiteari ere bes­teek baino lehenago utzi ge­nion. Errebisioak egitea beha­rrezkoa zen, eta nor­bai­tek egin nahi ez bazuen, papera firma­razten zitzaion.

IQU, Bakelite, Hexion... nola izan zen eboluzioa?
L.U.: hasieran IQU zen, eta 1997 arte mantendu zuen izena. 1997tik Bakelite Ibérica izan zen, 2005ean Hexion, eta 2008­ko uztailaren 30ean itxi.
M.E.: hala ere, 1989an da­goe­neko Rürgers-werke AGren es­kuetan zeuden akzio ia guztiak, nahiz eta hasierako izena man­tedu. Rürgers-ek %98,8 zeu­­­kan, eta Eduardo Iglesiase­nak ziren gainerako %1,2 horiek.

«Bakelitek hartu zuenean, Europan egiten ziren hainbat material hona ekarri ziren, eta horrek guri ere aukera asko ekarri zizkigun.»

Fabrika asko aldatu al zen hasieratik?
L.U.: asko eboluzionatu zuen. Hasieran erretxin hori egiten zen, baina gerora erretxin ez­berdin asko egiten hasi ginen, ez fundizioetarako bakarrik, beste gauza askotarako: abra­si­boak, oihalgintzarako fibrak, egurgintza, aglomeratuak, au­tomobiletako salpikaderoak, hegazkinak, eta noski, ba­kelitazko kazue­letako kirte­nak eta abar.

Nora saltzen zen?
M.E.: hasieran Espainiako Es­tatura, baina gero, Portugal, Marruecos… gerora Frantzia eta Alemaniara ere bai. Eta azken-azken urteetan, dena globalizatu egin zen…

IQUk bazuen fama, langileak baldintza onetan lan egiten zutela ezta?
A.R.: hasiera hartan, arazo so­zialik ez zen izan bat bera ere. Huelgak izan ziren, huelga po­litikoak. Eta hasieran or­dain­du egiten ziren huelga poli­ti­koak… gero ez, baina hasieran bai.
M.E.: hasieran familiako en­pre­sa bat bezalakoa zen.

Zenbat lagun izan zineten gehiena?
L.U.: 104 lagun inguru. Her­na­nin 70 inguru eta gaine­ra­koak beste plantetan: Salcedon (Lantaron, Araba), Barcelonan eta Arcos de la Fronteran.  

Itxitakoan zenbat zineten?
M.E.: Hernanin 40 lagun.

1993ko errestrukturazioan ere jende asko kalera joan zen…
L.U. eta M.E.: Bai. 1993a txarra izan zen, IQUko momenturik txarrenetakoa. Ordurako ale­ma­nen eskuetan zegoen fa­bri­ka, eta 90 langile zituen; ho­rietatik 70 Herna­ni­ko plantan, eta beste 20 Sal­cedon. Oso go­gorra izan zen. Langileen %30 bota zuten.

«Ixteko arrazoi bezala anpliatzeko arazoak aipatu ziren, baina ez zen hori izan. Produkzioa interesatzen zitzaien, eta horregatik ez zuten itxi Salcedoko planta, tonelaje haundikoa zelako»

1989an, zergatik erabaki zuten akzioak saltzea IQUko akzionistek?
A.R.: erosteko eskaintza bat iritsi zelako, seguru asko.
M.E.: orduan %98,8 geratu zen Rürgers-werke AGen eskuetan. Europako Bakelite guztiak ba­te­ra osatzen zuten enpresa hori.

Hasierako sozioen esku egon izan balitz oraindik martxan egongo al zen?
M.E.: seguru asko ez. Hemengo akzionistak adin haundia zuten, eta seme-alabek ez zuten jarraitu nahi. Akzionista horiekin ba­ka­rrik segiz gero, ez zen kapitalik eta aukerarik izango gero egin ziren erretxin horiek guztiak egite­ko.
A.R.: kapital an­plia­ziorik egi­teko ez zeukaten dirurik.
L.U.: Bakelitek hartu zuenean, Europan egiten ziren hainbat material hona ekarri ziren, eta horrek guri ere aukera asko ekarri zizkigun.

Asko antzeman al zenuten Bakelite sartzean, lan egiteko moduan-eta?
M.E.: Bakeliterekin, alemane­kin, orokorrean ez hainbeste. Aldaketak izan ziren, kontrol aldetik eta: auditoria asko, kontabilitatea egiteko modu berriak ikasi... Controller figu­ra bat jarri zuten, Bakeliteko errepresen­tan­tea zena, nola­bait. Haiek hel­buru ba­tzuk jar­tzen zizkiguten, eta guk hel­bu­ru horiek bete egin behar geni­tuen. Baina guk gestio­na­tzen genuen enpresa.
Aldaketa gero etorri zen. Hexion ameri­karra sartu ze­nean, orduan bai, antzeman genuen aldaketa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!