750 orrialdeko liburua idatzi duzu, eta ia 250 urteko bertso historia ageri da. Zein da ondorio nagusia?
Ondorio nagusia da, Hernanin bertsoaren haria ez dela eten. Lotura kuriosoak daude: adibidez, liburuan azaltzen den bertsolaririk zaharrena eta gazteena familia berekoak dira, Txabolategi eta Eli Pagola, 250 urteren diferentziarekin. Eta hernaniarrak dira, Euskal Herriak eman dituen bi bertsolari goi mailako: Joxe Manuel Lujanbio bere garaian, eta Maialen Lujanbio gaur egun.
Bertsoari buruz hainbeste idatzi da... baina primiziak ere baditu liburu honek?
Joxepa Zubeldia bertsolariaren biografia dakarki liburuak. Baztanga zela eta Hernanin emakumeek egindako borroka kontatu zuen Zubeldiak bertsotan. Bertsoak oso ezagunak dira, baina bertsolariaz apenas genekien ezer. Tilosetan herri bazkari batean kantatu zituen bertso hauek, mahai gainera igota. Eta anaia etxepean pasatzen zenean bertsoa kantatzen zion, eta Joxepak balkoitik erantzun. Bertso, poesia eta errezu asko idatzi zituen. Garai hartan ez zegoen ondo ikusia emakume batek kalean kantatzea, baina berak jende aurrean kantatzen zuen. Sekulako kasta zeukan emakume harek! Zubeldiarenak erakusten du, oraindik berreskuratzeko pertsona eta bertso asko daukagula ingurukoen artean.
Lan honen oinarrian 50 elkarrizketa daude, eta elkarrizketatu horiek kontatzen dute historia, lehenengo pertsonan.
Txirritari egindako elkarrizketa bat dakarki...
Larrabetzu.org webguneko kideek deskubritu zuten elkarrizketa, eta guk hona ekarri dugu. Eta aipatu nahi nuke Agustin Iturriaga ere, euskarari egindako ekarpenagatik. Aita Zavalak bere bertsoak ekarri zituen, tartean Muñagorriren bertsoak bereak zirela dio. Baina liberala zen, eta ez zuen bere bizitzari buruz ezer idatzi. Hutsune hori Mikel Zalbildek bete zuen. Guk bien lanak elkartu ditugu, eta emaitza guztiz interesgarria da: aurrerakoia izan zen euskara biziberritzeko planteamendutan, hezkuntza aldetik... Hernaniko herriak ikur hartu beharko luke Iturriaga, bere figura zabaldu.
Zortzi zatitan banatzen duzu liburua, garaika.
Bai. Garai bakoitzean aktibo zeuden bertsolariei buruz ari gara, guztira 80 inguru, eta aipamena egiten zaie beste zenbaiti ere. Horrez gain, hainbat gai landu ditugu, orokorragoak direnak, eta garai batetik bestera pasatzen direnak: gerrak, erronda, bertso eskola... Garai bakoitzari sarrera historikoa egin dio Urko Apaolazak.
Atentzioa ematen du, Estitxuk berak ez duela bere iritzirik ematen liburuan. Nolabait, besteri uzten diela ahotsa...
Lan honen oinarrian 50 elkarrizketa daude, eta elkarrizketatu horiek kontatzen dute historia, lehenengo pertsonan. Nik egin dudana da, horiek esandakoa transkribitu eta forma eman, eta informazio gehiago behar zen kasuetan, bilatu. Auspoa saileko 15 liburu ere erabili ditut, Zeruko Argiak, Bertsozale elkarteko datu basea..
Baina funtsean, ahots askok dute bakoitzak bere historia. Testuz, testigantzaz, argazkiz, bertsoz osatutako puzzle bat da, nik piezak elkarren ondoan jarri ditut, ez besterik.
Bertsoaren haria Hernanin
Egilea: Estitxu Eizagirre Kerejeta
Argitaratzailea: Hernaniko Bertso Eskola
Laguntzailea: Hernaniko Udala
Salgai, 25 euroan: Dobera euskara elkartean, argia.com-en, Leokadisti liburu-dendan eta Hernaniko Elkar Megadendan.