Erreportajeak

«Italiako idazle batzuk oso ongi islatu zuten Italiako gizartea nolakoa zen»

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 29a, 01:00

Italiako neorrealismoari buruz hitz egingo du Jon Alonsok. Iruñean jaioa, idazle gisa Espainiako Literatura Sarian finalista izana da. Bere azken lana, ‘Zintzoen saldoan’, Hernaniko Liburutegiko liburu kuttunen bilduman dago. Jose Saramagoren obra itzuli zuen, eta hura pertsonalki ezagutzeko aukera izan zuen.

Duela 10 urte Hernanin zenbait ikastaro eman zituen  Jon Alonsok, idazketari buruz. Orduko hango ikasle batzuk, gaur egun kazetariak dira. Eta, Herna­niko Kronikak ere hark emandako zenbat gomendiori ja­rrai­tzen dio. Dobera Euskara Elkartea ziur dago berriz ere zerbait berria eskainiko duela idazle nafar honek.  

Hitzaldirako, zergatik aukeratu duzu izenburu hau: Literaturaren eta gizartearen arteko harremanak?
Nik gogoeta txiki bat egin nahi dut literaturaren eta gizartearen arteko harremanari buruz, behintzat orain gutxi arte harreman hori gauzatu den moduetako bati buruz. Gogoeta hori egiteko kasu bat hartu dut, toki eta epe historiko jakin bat: Italia, 1945etik 1975erako epean.

Zergatik edo zer dauka Italiako kasuak (1945-1975)?
Zergatik aukeratu dudan kasu jakin hori? Iruditzen zaidalako Italiako literaturaren egile ka­noniko batzuek oso ongi islatu dutela Italiako gizartea nolakoa zen eta nolako garapena izaten ari zen epe horretan.

Zein antzekotasun du orduko Italiak gaurko Euskal Herriarekin?
Nahi beste konparazio egin daiteke nahi den toki eta epearekin, eta beharbada ondorio orokor gutxi batzuetara irits daiteke.

«Gogoeta txiki bat egin nahi dut literatura eta gizartearen arteko harremanari buruz, edo behintzat, orain gutxi arte harreman hori gauzatu den modu bati buruz»

Italo Calvino idazle italiarrak duela 40 urte esan zuen orduko kontsumismoak berekin ekarriko zuela krisi latza, baita gerra sortzeko arriskua ere (gaur ikusten
ari garen bezala). Zertan gehiago asmatu zuen idazle italiarrak?

Italo Calvinoren kasua oso deigarria da. Berak azaldu zuen, gutxik bezala, nondik abiatzen zen  Italiako gizartea 1945ean, eta horregatik neorrealismoa dei­tu izan zen korrontearen ordezkari inportantea da. On­do­rengo hamabost-hamazor­tzi urteetako liburuetan, Italiako gizartea zer bilakabide izaten ari zen aztertu zuen: espekulazio inmobiliarioa, porlanaren nagusitzea, ustelkeriaren lehen zantzuak... Baina une jakin batetik aurrera bide hori utzi zuen, etsi egin izan balu bezala, eta beste bide batzuetatik jo zuen, liburu oso ederrak eginez, orduan ere, baina errealismo magikoa, narratibaren konbinatoria, edo OULIPOk proposa­tzen zituen ildoak landuz.

Literatura. Zer da literatura edo zertarako balio lezake gizartean? Gaurko zineak dialogoak ditu. Alde horretatik literatura kontsideratu daiteke? Eta abestiak?
Arte-adierazpenaren egitekoetako bat (ez bakarra, noski, eta ez halabeharrez inportanteena) sortzen den gizartea uler­tzeko gakoak ematea da. Ho­rre­tan bateratsu egiten dute lan arte guztiek: literaturak, kantagintzak, zinemak... Ho­rre­ga­tik zinematik eta kantagintzatik ere adibideren bat hartuko dugu hitzaldian (teknologia lagun).

«Calvino idazleak azaldu zuen gutxik bezala, nondik abiatzen zen Italiako gizartea 1945ean, neorrealismoa deitu zioten korronte horren barruan»

Idazleak zer egin behar du, errealitatea esplikatu, ala errealitatea begibistan jarri, edo?
Idazleak, edo zinemagileak, edo kantariak zer egin behar duen, nik ez dakit, mota, ideologia, eta interes askotako idazleak, kantariak eta zinemagileak daudelako. Baina gutxienez horietako ba­tzuen lana beti izango da errealitate sozialaren gaineko klabe kritiko batzuk ematea.
Erabiltzen duen adierazpidearen balio estetikoak bistatik galdu gabe, are balio estetiko horiek ahal bezain urrun eramanez; beste batzuen lana klabe kritiko horiek ukatu eta boterearentzat gustagarriagoak diren bertsioak asmatzea izango den moduan.

Saramago idazleak nobel saria jaso zuen. Zuk izan zenuen harekin hitz egiteko aukera, haren obra bat itzuli zenuela eta. Zer kategoriko intelektuala zen Saramago?
Saramago, nire ustez, gizon zintzoa eta idazle handia zen. Bizitzea egokitu zitzaion azken urteetan, Nobel sariak ahotsa ematen ziola aprobe­txatuz hain­bat injustizia salatu eta zenbait ideia zirkulazioan jarri zituen, orain denok hi­tzetik hortzera erabiltzen ditugunak, botere ekonomikoak demokrazia bahituta daukala, kasurako.

Nafarroan gertatzen ari denari izenburu bat: «Almorrana zornatu bat ipurtzuloan»


Euskal arazoan herren egiten zuen, nik uste, baina nori buruz ez dugu hori esaten euskaldunok?

Seinale, nik uste, euskaldunok ere herren egiten dugula euskal arazoan.
Gero, bestalde, azken urteetan aski makal egon zen, eta ez dira nahasi behar Sara­mago bera eta Saramagoren inguruko hainbat jenderen postura hartzeak.

Zu beti zaude jarria literatura eta kultura kontuetan. Zer egiten duzu hain jarria egoteko? Ba al duzu metodorik?
Ni ez nago literaturan batere jarrita, literaturan jarrita egotea baldin bada Espai­niako prentsa talde nagusiek zabal­tzen duten publizitateari kasu egitea. Nik irakurri egiten dut, ez gehiegi, ahal dudana, aski modu anarkiko eta autodidaktikoan, irakurritakoa hausnartu, alderatu eta gero ondorioren bat edo beste ateratzen saiatzen naiz.

Zu zineko gidoigilea bazina, eta Nafarroan gertatzen ari denari buruz pelikula bat egin beharko bazenu, zein titulu jarriko zenioke?

‘Almorrana zornatu bat ipur­tzuloan’.

Zein izango litzateke pelikula horretako eszenarik funtsezkoena?
Almorrana daukan pertsona ospitalera joan eta ebakun­tza egiten diotenekoa.

Evole kazetariak 23F estatu kolpeaz egindako ‘fizkzioari’ zer irizten diozu?
Ez nuen ikusi, ez daukat iri­tzirik.

Euskal gizartearen azken 30 urteak laburtzeko, zein esaldi egingo zenuke?
Hi gaizki, ni okerrago, izorra gaitezen biok.

«Niretzako umorea eta ironia oso inportanteak dira, ezkutu hori gabe nekez ibiltzen da bizitzan»

Zure nobelei halako ironia eta umore puntu bat eman ohi diezu. Hitzaldiari halako puntu bat emango diozu?
Niretzako umorea eta ironia oso inportanteak dira, ezkutu edo ‘eskudo’ hori gabe ne­kez ibiltzen da bi­zi­tzan. Iro­nia, idatzian, nahiko erraz ateratzen zait, baina hitzal­diak ematen ez naiz umorista bat, txisteak konta­tzea eta barrea eragitea ofizioa duen norbait. Jendau­rrean barre eragiteko teknikarik ez dut mendera­tzen, gehiago, ba­tzuetan graziosoen zaude gu­txien espero du­zu­nean, eta alderantziz. Ni saiatzen naiz jendea ez as­pertzen, baina hortik aurrera, ez dago ezeren garantiarik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!