Leire Goñi
150 urtetako lanaren ondoren, nola hartzen da San Joanetan omenduak izatea?
Oso ondo! Guk errekonozimendu gisa hartu dugu horrelako momentu batean herria gurekin gogoratu izana.
Zer mantendu eta aldatu da Bandan urte hauetan?
Mantendu dena da konpromisoa. Garai desberdin asko ezagutu ditugu; batzuek azken 10-20 urteak ezagutu dituzte, besteek 30, 40 edo 50, eta bada bat Bandan duela 60 urte hasitakoa. Garai desberdin asko izan badira ere, jendeak konpromisoa izaten jarraitzen du: entseguetara etorri, lan egin…
Aldatu berriz, gauza asko aldatu dira: musika, jendearen ohiturak, gustuak… Bandak lehen Tilosetan izaten zuen zita garrantzitsua ere desagertu da.
Anekdotaren bat ere izango duzu gogoan…
Zaharrenek kontatzen zuten beraiek bizitakoa edo behintzat, entzundakoa. Garai batean Bandako musikariak nahiko parranderoak eta desmadratu xamarrak izaten zirela, jai-giro handia izaten zutela. Jotzen ere porroiarekin aritzen omen ziren! Orain saiatzen gara, jotzen dugun bitartean behintzat porroirik ez izaten alboan! Gainera jendeak nabaritzen du zer den ona, zer dagoen landua, eta horretarako lana egin behar da. Porroia ondoan duzula…
Urte osoan hainbat ekitaldi antolatu dituzue urteurrena ospatzeko. Zein da bereziena?
Orokorrean, urteurrena herritarrei begira prestatzen saiatu gara. Beraz, ekitaldi batzuk herriko beste talde batzuekin prestatu ditugu. Bergarako Bandarekin ere emango dugu kontzertu bat, eta hor ere Hernaniko abesbatzak kontuan izan ditugu. Bestalde, San Joan eguneko kontzertua, normalean berezia izaten da, eta aurten Musika Eskolako taldeekin egingo dugu. Preludioan ere Gatibu ekarri dugu. Horrekin Bandari protagonismo pixka bat eman nahi izan diogu, eta gainera, keinu bat egin gazte jendeari. Adin guztietako jendea egoten da Iragarpen kontzertua entzuten, baina agian, gehiago izaten dira helduak. Gatiburekin gazte jendea ere erakarri nahi genuen.
Baina agian alardea izan da bereziena. Banda bat garenez, Banda izaerako musika taldeei garrantzia eman nahi izan diegu, eta Gipuzkoako bi Banda onenetarikoekin elkartu ginen kontzertua eskaintzeko.
Gazteak ere erakartzen dituzue, hortaz.
Nik uste dut baietz, lehen baino gehiago. Ez garai batean bezala, bailableetan eta, noski! Bikote asko sortu zen garai hartan, gerora ezkondu ere egin direnak. Baina bestela, musika aldetik Banda klasiko bezala uste dut baietz. Ez gara rock talde bat, baina saiatzen gara keinuak egiten: garai bateko errepertorio klasikotik atera eta rock doinuak, pelikuletako soinu-bandak, pieza modernoak… jotzen ditugu. Santa Zezilia kontzertua rock kontzertua izango da.
Etorkizuna bermatua du Bandak?
Hori… ez dakit ba. Larrixeago ikusten dut kontua. Orain Musika Eskoletatik ateratzen den jendeak ez du musika maila oso altua izaten. Jendeak hobbie bezala hartzen du musika, eta hala izan behar du, baina egun Banda batean jotzen dena jotzeko, lana egin behar da. Jendeak maila oneko musika entzun nahi du. Hernaniren kasuan, Musika Eskolan ez dago Bandako soinu-tresna askorik. Egia esan, orain Bandan oso momentu onean gaude, baina etorkizunerako… hobeto ikusi nahi nuke.
SAN JOANETAKO EGITARAUA:
Ekainak 23, gaur:
12:00etan, txupinazoa Akelarrearekin batera. 20:30etan, ‘San Joan Martxa’ joaz kale-buelta.
Ekainak 24, ostirala:
9:00etan, Diana ‘Mendirik Mendi’ doinuarekin. 13:15etan, kontzertua
udaletxeko arkupetan Hernasax, eta akordeoi eta txistulariekin.
Ekainak 27, astelehena:
18:30etan, San Joan Konpartsan parte hartu eta omenaldia jaso.
24:00etan, bandera jaitsiera Akelarrearekin batera.