Umetan hasi zen bertsotan Eñaut Martikorena, 19 urteko gazte hernaniarra. Gaur egun, Energia Berriztagarrietako Ingeniaritza ikasten ari da Eibarren, eta hori horrela, astean behin Eibarko bertso eskolan eta beste behin, Hernanin aritzen da.
Entrenamendu horrek zertxobait lagunduko zion, baina beste zerbait ere izango zen. Izan ere, «parekoa zen maila» Gabirian jokatu zen Bertsolari Gazteen Osinale Sarian parte hartu zutenen artean. «Maila parekatu horretara iristeko entrenamendua dago atzean. Besteek ere bazuten entrenamendu hori, eta diferentzia beste nonbait dago», dio Martikorenak.
Saria jasota, pozik?
Oso pozik. Bigarren aldia nuen parte hartzen nuela. Behin saria irabazita, ezin da berriro ere parte hartu.
Berezitasun gehiago ere baditu Osinaldeko Sariak; mahai baten bueltan kantatzen dela, adibidez. Tablatua edo mahaingurua, zer nahiago duzu?
Afari giroan, elkarte barruan, jendea ondoan daukazula, gertuko giroan... Hor oso eroso sentitu nintzen.
Hori izan al zen irabazteko klabea?
Parte hartzaile gehienak ezagutzen nituen. Batzuekin aurreko urtean koinziditu nuen, Osinalden bertan, eta beste batzuekin, beste nonbait. Maila parekoa zegoen. Maila parekatu horretara iristeko entrenamendua dago atzean. Besteek ere bazuten entrenamendu hori, eta diferentzia beste nonbait dago. Nik uste dut suertea ere izaten dela, egun ona izatea. Ideia aldetik oso ondo ibili nintzen.
«Gipuzkoakoan helbururik ez dut markatu. Baten bat jartzekotan, aurreneko fasea pasatzea. Erdiak bakarrik pasatzen dira»
Gaien aldetik, eroso ibili zinen? Zein gai mota duzu nahiago?
Saio bixia izan zen, gehienbat umore aldetik izan zuena. Gai bat edo beste, egunaren araberakoa izaten da hori ere, norbera nola dagoen. Batzuetan umorerako zeresana izaten dut, besteetan tristerako.
Eta nondikn datorkizu afizioa? Etxean, familian, badaukazue?
Gurasoak entzuten aritzen dira. Zaleak badira. Baina ez dakit. Txikitan gogoratzen naiz aita aritzen zela, bazkariren batean edo, baina...
Orain badaukazu beste erronkarik buruan?
Gipuzkoako Txapelketa laster hasiko da. Maiatza hasieran. Orain arte, adinagatik, ezin nuen parte hartu, eta hau izango da aurreneko urtea.
Helbururik badaukazu?
Parte hartuko duten batzuk ezagutzen ditut, baina denak ezagutzea zaila da, 80tik gora baikara. Egia esan, helbururik ez dut markatu. Baten bat jartzekotan, aurreneko fasea pasatzea. Erdiak bakarrik pasatzen dira, eta hori lortzea ederra izango zen. Baina ez lortuta ere, esperientzia bat gehiago!
Bertsolarien artean, faboritorik?
Izen bakarra esateko moduan, faboritorik ez daukat. Neri bertsoak gustatzen zaizkit, ez bertsolariak!
Mikel Laboa sariketan, Osinalden, eskolarteko txapelketetan... Errodajea hartu duzu. Baina nola moldatzen zara nerbioekin?
Joan beti lasai egin izan naiz. Noizbait gertatu zait patxadan egon eta kantatzeko momentuan jartzea urduri. Ez nuke jakingo azaltzen nola, baina uste dut ikasi dudala kontrolatzen. Ez guztiz, baina...
Baina... Gipuzkoako Txapelketa urduri jartzeko modukoa da!
Gipuzkoakoan, ikusiko dugu! Hernanitik asko joango gara, eta lagunduta joate horrek ere, lagunduko du!