Euskeraren jatorriaz asko hitz egin da. Zer dakigu benetan?
Asko dakigu eta aldi berean deus ez. Jende asko ari da bide horiek ikertzen. Hori bai, jakin badakiguna zera da: euskeraren jatorriaz kezkatuta beharko luketeen erakunde ofizialek ezer gutxi egiten dutela ikerketa bide horren barna. Interesik ez dagoela deritzogu, ez bide hori eta ez beste zenbait ikertzeko.
Iruña-Beleiako aurkikuntzetatik, polemikaz haratago, ondorio berririk atera ahal izan da?
Gu gara lehenak polemikak alde batera utzi eta ondorio berriak ateratzeko. Hemen ere agerikoa da erakunde ofizialek ez dutela asmorik ezer argitzeko, egia nagusitzeko. Asko hitz egin da eta asko hitz egin beharko da oraindik, baina, izan, bidea, erraza eta laburra izan daiteke. Iruña-Beleiakoa aurkikuntza arkeologikoa denetik, arkeologiak erakutsi behar ditu egia argitzeko bideak eta arkeologiak badu horretarako tresnarik: datazioak. Guk ez dugu besterik eskatzen.
Euskeratik eratorritako hitzak bilatu ditzakegu latinean edo erromantzeetan? Zeintzuk?
Ugari dira, arrastoa jarraitzen hasiz gero. Honetan ere, ordea, interes gabezia handia ikusten da erakunde ofizialen eskutik. Haiek, hizkuntzalaritzaren egungo ildo nagusiei men eginez, klasikoen itzalera makurtzen dira eta gainerako iritzi guztiak frikien burutazioak baino ez direla diote.
«Ez dago interesik, polemikaz haratago, egiari argi emateko»
Hitz batzuen etimologiaren berri emango duzue. Zergatik?
Arrazoi nagusia bat baino ez da. Jendeak, orokorrean, egun, begien aurrean duen geun hori kentzen hastea. Gure elkarteak argi dauka gure hizkuntzari prestigioa itzuli behar zaiola eta horretarako ez da aski gure eskuetan dugun hizkuntza honek urte asko dituela esatea eta gurea altxor handia dela esatea. Urteak dira gure hizkuntzarengan fedea galdu dugula eta gureak, ingurukoetatik, gazteleratik eta frantsesetik, batik bat, jaso baino ez duela egiten sinesten dugula. Bektore hori aldatu egin behar dugu, jendeak gure hizkuntza bihotz ondoan gordeta duen kutxa horretatik ateratzea eta gogotsu erabiltzea nahi badugu. Zor zaion sinesgarritasuna itzuli behar zaio euskerari.
Zein dira hitz baten etimologia aztertzeko klabeak?
Hizkuntzen zirrikituak askotarikoak dira, baina badira mekanismo zenbait hitzen nondik norakoa argitzen laguntzen dutenak. Hitz batek iluna eman dezake, besterik gabe, baina, orokorrean funtzionatzen duten printzipio batzuei kasu eginez gero, plast, bapatean ilun zen hura argitu egiten da. Irudimenari ere bere tartetxoa eman behar zaio, lagundu egiten baitu.
Asko hitz egiten da euskeraren jatorriaz. Lortuko al da inoiz jatorria ezagutzea?
Euskera beti planteatu digute hizkuntza arraro moduan. Ezagutzen diren gainerako hizkuntzetatik zeharo isolatuta dagoen hizkuntza bat bailitz, saldu digute. Bide horretatik, hizkuntzalaritza ofizialak planteatu dituen bide guztiak hori bermatzera baino ez dira bideratu eta horrek, egunetik egun, planteamendu ofizial hori sendotu baino ez du egin.
Aldiz, planteamendu ofizial horietatik at dauden autore askoren bideak jarraituz gero, bestelakorik ikusi dezakegu. Suma daiteke, logikoa den bezala, geurea, euskera, ez dagoe–la horren bakarrik hizkuntzen mundu honetan eta badituela lotura ugari beste hizkuntzekin. Ingurukoekin nahiz ez horren ingurukoekin.
Etorkizunean, zer gertatuko da?
Etorkizuna beti da zalantzazkoa eta ezjakina. Guk argi daukagu gure hizkuntza hau altxor handi bat dela eta funtsezkoa hizkuntzalaritzaren oinarriak sendotzeko. Argi handia egin dezake dauden ilunguneak itzalpetik ateratzeko. Hori aldarrikatu izan dugu, aldarrikatzen dugu eta aldarrikatuko dugu. Eta jakin, badakigu hori, behar den guneetan aitortzen zaion heinean, etorkizunerako bidea asko leundu eta argituko zaiola. Hor dago gure elkartearen ahaleginik irmoena. yy