Gutar jatorrena zara! Zein da sentsazioa, biharamunean?
Poz haundia... Joku bezela hasi zen guztia. Eta bukaeran, irabazlea izatea sekulakoa da. Eta are gehiago, irabazle publikoak egiten zaituenean. Hori beti da pozgarria.
30.000 lagun inguruk bozkatu dute Gutar jatorrena aukeratzeko, eta horietatik 10.000 boto zuretzat izan dira. Bada zerbait!
Egia esan, uste baino partizipazio haundiagoa egon da; jende asko animatu da botoa ematera. Edizio honek ikusle asko izan ditu, eta finalean hainbeste jendek parte hartu izana seinale ona da; gauzak ondo dijoazen seinale!
Koadrila jatorrenean ere bazaude. Sei horiek osatzea espero zenuen? Norbait bota al duzu faltan?
Nire bi kuttunenak bertan daude, Beitia eta Eneko. Hiruok osatzen dugu ezpatarien taldea. Txurrurengatik ere asko poztu naiz. Izugarrizko tipoa da, eta merezi du! Irantzu ere nahi nuen bertan egotea, baina...
Jatorra jaio egiten da, edo bada 'postureoaren' parte?
Jatorra egin egiten da... Denak berdin jaiotzen gara. Eta norberaren inguruak egiten du bat jator.
Jatorraz gain, zentzuduna, lagun ona, bizia... eta beste hainbat adjektibo erabili izan dituzte zu definitzeko. Adin kontua al da?
Ez dut uste. 20 urteko neska-mutilak ere baudaude, heldutasun puntu hori dutenak. Jatorrak. Lagun onak eta pertsona onak. Baina egia da urteak pasa ahala heldutasuna hartu egiten dela.
Beitia eta Enekorekin duzun erlazioa aipatu duzu lehen. Laguntasuna pantailatik haratago iritsi dela esan daiteke?
Jendeak ezin dezake imaginatu gure arteko erlazioa... Barrera guztiak hautsi eta pasatzen ditu gure arteko harremanak! jajaja! Irabazi dudan saririk onena beraiek dira, dudarik gabe!
«Beitia eta Eneko ezagutu izana da irabazi dudan saririk onena»
Sare sozialetan ere sekulako arrakasta izan duzu. Nola daramakizu 'famoseo' hori?
Famoseo.. famoseo... Bah... auzoko ezaguna edo! Jajaja.. Ez... Serio hitz eginda, egia da jende askok geratu eta galdetzen dizula... Argazkiak... Polita da hain jende atseginarekin kalean topo egitea.
Beraz, Gu ta gutarrak programaren balorazioa egin beharko bazenu, esan daiteke saria baino zerbait gehiago irabazi duzula.
Zalantzarik gabe! Esperientzia hartu dut; EITBko talde aparta ezagutu dut; lagunak egin ditut; eta nire ezpatariak alboan ditut!
Eta zer da gutxien gustatu zaizuna?
Kamaren aurrean egon behar izana. Momentu batzuetan, hasieran batez ere, txikia bihurtzen nintzen... Eta telebistan nire ahotsa entzutea ere arraroa izan da!
Beste hernaniar bat ere izan da saioan, Amaia Puertas. Nolakoa izan da berarekin izan duzun tratua?
Oso ona. Berak ondo ezagutzen du mundu hau, eta momentu oro hor egon da, gomendioak emateko.
Reality bateko irabazlea zara. Besterik baduzu buruan?
Nakorrek esan zizkidan lehenengo hitzak hauek izan ziren: ‘Reality bat irabazi duzula esan dezakezu’... Jajaja. Beste batera aurkezteko aukera beti hor dago. Ez ditut ateak ixten.
Eta telebistan jarraitzeko asmo edo gogorik bai?
Ikusteko dago... Esan bezala, ez ditut ateak ixten.