Erreportajeak

«Krisiak ispiluaren aurrean jarri gaitu, ezin dugu orain 10 urteko praktika eta diskurtsoekin segi»

Kronika - Erredakzioa 2015ko mar. 11a, 01:00

‘Iraunkortasunerako, tran­tsizioa' izenburua duen hi­tzaldia emango duzu gaur. Bi hitz potolo horiek zabalago azaltzerik bai?
Bai, potoloak dira, ez da hitz gu­txi­tan azaldu daitekeen zerbait. Gai­nera lotuta daude, iraun­kor­ta­suna helburu eta trantsizioa hel­bide hartzen baitut. Hortaz, Iraunkortasuna modu sinple batean adierazte aldera, holaxe definituko nuke: mugak onartu beharra! Ezin dugu edozein le­ku­tan edozer egin, teknikoki eta epe motzean ekonomikoki posiblea balitz ere; denak ez du balio. Inken esaera zahar batek dioen bezala, igelek ez dute husten bizi diren potxingoa. Baina gu kapaz gara gure po­txingoa hondatzeko, are gehia­go, horretan ari gara aspal­di­an, hortik datoz krisiak. Hor­re­xe­gatik behar dugu gogoeta se­rioa, eta trantsizio-bideak ibili, al­deko baldintzak lagun. Atze­koz aurrera pentsatu, aurrekoz atzera eragiteko.

Krisi ekonomikoaren atzean beste asko daudela diozu: klimarena, ekologikoa, energiarena...
Krisirik zatarrena hipokrisia da. Krisi asko ziren planetako mun­duetan, orain ofizialean onar­tzen den krisiaren aurretik; bai­na ia denak, zuk aipatuak bes­teak beste, krisi ofizialaren baz­te­rre­an geratu ziren. Hala ere, bu­ru zabaleko go­goeta serio ba­tek agerian uzten du lehengo hai­ek indarrean se­gitzen dutela, gero eta krisiago, krisi finan­tzario-ekonomi­koa­ren azal az­pian segitu ere. Sis­tema dago krisian, edo, hobeto esanda, sistema da krisia. Gu­rean eredu sozio-eko­nomikoa eta marko juridiko-po­litikoa barne hartzen duen sis­tema. Kontuan har­tzekoa dugu hau buruja­beta­sunera dijoan bidean, ezkerretik ibiltzean.

Kalte ekonomikoez gain, zein dira krisi honek eka­rriko dituen ondorio larrienak?
Ekartzen ari da. Krisi honek au­rretik zeuden beste krisiak areagotu egin ditu. Hori bai, ez­ku­tu­an utzi ditu lehenengoa omen den munduko herritar askoren be­gie­t­ara. Horixe da gure eten­ga­beko gogoetak argira atera be­har due­na, mundu honen ahu­lez­ia es­truk­t­urala, iraun ezina egi­t­en due­­na. Klima jarri dugu kri­sian, giza-eskubideak ere, herri-esku­bideak berdin, ekono­miak aspal­dian utzi zion giza-zientzia iza­tea­ri, arrisku globa­lak dira gaur eta horietariko hain­bat tek­no­lo­giak berak sor­tuak. Aldaketok nahi-behar dit­ugunok ezin dugu 2015­ean orain ha­mar urteko dis­kurtso eta prakt­ika bera izan. Ezin. Kri­siak ispiluaren aurrean ja­­­rri gai­tu; go­g­oeta ez da hasten aberas­tasuna banatu orduko, le­hendik dator, hazkundearen pa­gotxatik. Kontua ez da krisitik No­l­a atera, Nora sartzeko atera baizik. Einsteinek esana go­go­an: ezin da arazo bat konpondu ara­zoa sortu duen pentsaera be­retik. Pen­tsae­ran du gure apus­tuak abia­­puntu, eta bidea eginez tran­tsizio.

Krisiek beraz,  tran­tsi­ziorako aukera ere ekarri dezakete. Zein da zuk krisi orokorraren aurrean plan­tea­tzen duzun bidea edo aukera?
Bidea baino bideak behar ditugu krisiaren ama denari aurre egi­teko. Tamainako erronkak ez du bide bakarra eskatzen. Gauza as­ko eta askotarikoak egin be­har dira, eskala desberdinetan, espa­zioan eta denboran. Niretzat hori funtsezkoa da, ez dadin gertatu askietsi egiten ditugula izen haundiko helburuak eta gutxietsi izan haundiko helbideak. Le­hen­en­go aldaketa, ezinbestekoa, al­daketak nahi eta behar ditu­gu­non buruan gauzatu behar dugu.

Eta hori gauzatu ahal iza­te­ko, zein dira eman beha­rrek­o pausuak?
Aurreko erantzunaren bidetik noa… era askotako ekimenak be­har ditugu, herrietan, es­kualdeetan, herrialdeetan, Eus­kal Herrian eta Euskal Herritik kanpoko munduan ere.  Ener­gia, elikagaiak, pro­duk­­zioa, ga­rraioa, kontsumoa, ura, za­bo­rra, ingurumena, kul­­­tura, go­go­eta, parte-har­t­zea, inte­gra­zioa, transbertsali­tatea… fun­tsez­ko gako-hitzak dira. Iraun­korta­su­na helmuga izanda, ematen ditu­gun urrats guztiek hurbildu egiten gaituzte hel­burura, eta erre­ferentziak sor­tzeko ezinbes­tekoak dira. Instituzio batzuk aldaketok gau­zatzeko bideak zabaltzen ari dira, Gipuzkoan nagusiki, eta besteek ere horretan beharko, behetik go­rako lekuko eki­menek goitik be­herako politika zabalen babesa behar dutelako, au­rrera egiteko.

Gizartea geroz eta kontzientziatuagoa dagoela esan daiteke. Munduan zehar mugimendu asko sortu dira, eta urrutira joan gabe, baita Hernanin ere: hondakinen kudeaketa, etorkinen integrazioa, kultura, ekologia...
Bai, eta ekimen horiei guztiei eman behar zaie babes politikoa, edo politikaren babesa nahi izanez gero. Urte asko, larregi, eman ditugu eguneroko gauza asko politikatik kanpo uzten, nonbait lehentasunezkoak ez zirelako. Baina, zorionez, politika ulertu eta egiteko moduak aldatzen ari dira, ari gara, eta konturatzen hasiak gara politika sigletatik baino askoz haratago doala, lurralde batean bizi den komunitatearen bizi-atal guztiak hartzen ditu politikak. Hortaz, benetako politika-proiektu batek atal guztiak hartu behar ditu kontuan, eta horien uztarketa bultzatu eta gauzatu. Horretantxe nabarituko da proiektu bakoitzaren sinesgarritasuna, ezkerreko izateak ez baikaitu berez eraginkorragoak egiten. Kontua ez da betiko galderei guk bestelako erantzunak ematea; guk bestelako galderak egin eta guk geuk erantzutea da kontua, Euskal Herrira begira eta hortik mundura.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!