Herrien garaia al da?
Deskolonizazio prozesuak hasi zirenean hasi zen herrien garaia; baita ere, zapaltzen zituzten diktaduretatik libratu zirenean.
Europan, mugimendu independentisten eszenatokia sortzea eragin dute Estatu nazional batzuen krisiak eta eskubide kolektiboen alde bertako estaturik gabeko nazio batzuen etengabeko borrokak. Hauek irmoki defendatu eta bultzatzen dute beren herrien autodeterminaziorako eskubidea, eta horrek zalantzan jarri ditu zapaltzen dituen estatu nazionalaren konfigurazioa eta zilegitasun demokratikoa, eta, baita ere, egungo Europar Batasunaren oinarri batzuk, ez baitituzte onartzen eta bermatzen estaturik gabeko nazioen eskubide kolektiboak. Begitaru gatazka politikoen mapa globala: asko lotuta daude herrien eskubide kolektiboak ez onartzearekin, eskubide horiek jazartzearekin eta errepresioarekin.
Etnia gutxituak eta horien nazioak defendatzen dituzu. Estatuen aurrean defendatu daitezke?
Estatu nazionalek beren nazionalitate aniztasuna onartzea oso zaila da; are zailagoa, onartzea herrien autodeterminazio eta independentzia eskubideak, horrek zalantzan jartzen baitu beren sorrera eta izana. Salbuespen gutxi batzuk kenduta, gehienetan ahal duten guztia egiten dute, baita politika antidemokratiko eta errepresiboak erabilita ere, beren konfigurazioa mantentzeko. Beraien aurrean bide bakarra dago: etenik gabeko borroka; indar eta arrazoi demokratikoen metaketa; eskubide internazionala eskatzea; gatazka, mobilizazio soziala eta antolakuntza propioa.
«Ertamerika erreferente ona da zentzu askotan».
Sektore batzuek kritikatu egiten dituzte mugimendu horiek, Ertamerikakoekin antza dutela esanez. Badute antzik? Hori txarra al da?
Ertamerika erreferente ona da zentzu askotan: kolonialismo espainoletik liberatzea; iraultza herritarrak, sozialistak eta antiinperialistak; erresistentziak eta diktadura izugarrien kontrako borrokak; aldaketa demokratikoak, sistema eta eredu justuago eta demokratikoagoetara. Eta gaur egun, nazio, kultura eta hizkuntza anitzeko estatuak eraikitzen ari dira, jatorrizko herrien onarpenarekin eta herri horiei dagokien boterea emanez. Gure bereizgarriekin, baina gehiago da batzen gaituena, desberdintzen gaituena baino.
Katalunia bere bidea egiten ari da. Euskal Herriari gomendiorik?
Bakarra eman dezaket: Euskal Herriak bere bidean jarrai dezala, aprobetxatuz bere borrokaren historian zehar pilatutako indar eta legitimitatea; gizartea mobilizatzeko, antolakuntza propiorako eta botere eta hegemonia ezarrien kontrakoak sortzeko gaitasuna; duen esperientzia alternatiba sozial, kultural, politiko, sindikal eta ekonomikoak sortzeko bere borrokaren testuinguruan. Eta Nazioaren defentsa, pluralitatea eta aniztasuna kontuan hartuta, eta uko egin gabe Euskal Herri osoarentzako liberalizazio nazionalerako proiektuari.
«Azken fasea gara Espainiako Estatuak okupatutako herrien deskolonizazio proezsuan eta bere inperioaren deuseztean».
Zein dira Galizia, Katalunia eta Euskal Herriak bizirauteko giltzak?
Lehenik eta behin, lurraldetasunari uko ez egitea, Espainiako Estatuko mapa autonomikoaren kontra eginez. Bigarren, hizkuntza eta kulturaren defentsa, eta alternatiba sozial, politiko eta ekonomikoena. Hauek gai izan behar dute gehiengoari balio izateko; izan behar dute demokratikoenak, justuenak eta baliozkoenak, koherentzia haundiarekin herri klaseak eta eskubide kolektiboak defendatuko dituztenak, iraultza sozial eta demokratikoa irmoki sustatuko dutenak, munduko eta Europako gero eta herri eta pertsonak gehiagok eskatzen baitute. Hirugarren, autodeterminaziorako eta independentziarako duten eskubidea erabiltzea, Estatuarekin akordioa eduki ala ez, herri bezala biziraun eta garatzeko bide bakar gisa. Eta laugarren, gure borroken arteko solidaritatea, gure herriek hartzen duten bide bakoitza errespetatuz, Espainiako Estatuak okupatutako herrien deskolonizazio prozesuko eta bere inperioaren deuseztearen azken fasea baikara.