Belodromoan karrera bat irabazi zenuen orain gutxi. ‘Motelen lasterketa’ gisa da. Hobeto azaltzerik bai?
Azken aldian pistako munduan modan jarri den lasterketa bat da, The longest lap izenekoa. Probaren helburua da lehenengo minutuetan bizikleta gainean geldirik egotea, hanka lurrean jarri edo helmugako marra zeharkatu gabe. Epaileek erabakitzen dutenean, txistua jo eta itzuli bateko esprinta hasten da, bat-batean. Proba erakargarria da ikusleentzat, izan ere bertan txirrindulariaren indarra eta abiaduraz gain, bere abilezia ere agerian gelditzen da.
«Indarreko txirrindularia naiz. Esprintean ondo moldatzen naiz. Proba motzak eta esplosiboak datozkit ondo»
Pozik izango zara lortutako emaitzarekin. Espero zenuen?
Ez nuen inolaz ere espero, baina zortea tarteko, oso pozik nago emaitzarekin. Astigarragako txirrindulari taldearen lehenengo garaipena da! Ez nago oraindik oso sasoiko, beraz lagunekin barre batzuk egiteko aitzakia ederra izan zen.
Belodromoko denboraldia bete-betean da. Beste lasterketetan parte hartzeko asmorik bai?
Pistako denboraldia azaroan hasten da, eta otsailean bukatu. Donosti-Berri txirrindulari taldeak egiten duen lanari esker egutegi polita osatzeko aukera dugu. Azken urteetan maila altua izan da, hainbat txirrindulari profesinalek hartu baitute parte. Niri dagokidanez, hauxe nuen urteko lehena eta azkena, izan ere Frantzian nabil lanean.
Pistan zein modalitatetan moldatzen zara ondoen?
Indarrezko txirrindularia naiz, beraz esprint motzetan ez naiz gaizki moldatzen. Oraintxe bertan iraupena lantzeko denbora gutxi dut, beraz, indar eta bixitasun puntu hori izanda, pasaden asteburukoa bezalako probak hobeto datozkit. Motzak eta esplosiboagoak.
Pistaz kanpo, karreteran ere aritzen zara?
Azken urtean lehiaketa gutxitan parte hartu dut, Frantzian gauez egiten diren kriterium pare batean besterik ez. Astiagarragako Txirrindulari taldearen filosofia berean, lagun taldeko irteerekin bizikletaz eta inguruaz gozatzeko aukera ona da errepidea.
Nondik datorkizu afizioa?
Txikitatik etxean beti izan dugu bizikleta. Andoni anaia zaharrak ere izan du bere eragina noski, bera hasi zen lehiaketa munduan. Nik ere gustuko nuen, eta hortxe hasi nintzen. Astigarragan txirrindulari taldea sortu izanak aukera ederra ematen du bizikleta gosea duten guztiak elkartzeko, eta berriek erreferentzia bat izateko.
Ofizioaz fisioterapeuta zara eta aipatu duzun bezala Alpeetan egiten duzu lana. Nolakoa da zure bizitza?
Aix-les-Bains izena duen herri bateko ospitalean nabil lanean. Profesionalki oso gustora eta asko ikasiz. Bestela Alpeetan bizita, mendiaz, txirrindaz eta eskiaz gozatzeko aukera ezin hobea dut. Azken urte honetan fondoko eskiarekin hasi naiz!.
Eta ondo moldatzen zara ofizioa eta afizioa uztartzeko?
Ordutegi ona daukagu eta lana bukatu bezain pronto bertako taldeekin irteten naiz. Hala ere, argi dago zaila dela lehiaketa eta lana uztartzea. Konpetizioetan aritzeko, txirrindularitzak denbora eta esfortzu asko eskatzen du.
Zerbait gehitu nahi duzu?
Tarte hau aprobetxatu nahiko nuke asteburuetan jendea belodromora gonbidatzeko. Larunbat arratsaldeetan maila haundiko txirrindularitza ikusteko aukera izaten da bertan. Sarrera debalde da. Informazio gehiagorako, www.gtxe.org.