Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Xabier Iradi

Kronika - Erredakzioa 2013ko urt. 26a, 01:00

Xabier Iradi izendatu zuen bake epaile Hernaniko Go­bernu Taldeak, lehengo irailaren bukaeran, eta karguari eutsiko dio datozen lau urteetan. Hala ere, albaitari lanetan jarraitzen du, «biak konpajinatzea nahiko erraza baita».
Lanean daramazkien lau hilabete hauetan epaiketa bakarra egokitu zaiola dio, izan ere, «bitartekari lana eginez, normalean lortzen da puntu horretara iritsi behar ez izatea». Gainontzean, harrituta dago Erregistro Zibilean egiten den lanarekin: «ez nuen uste horrenbeste gauza egin behar izaten zirenik!».
Ezkontzak ere egin ditu; atzo bertan, hiru. «Hileko azken ostiralean egiten dira ezkontzak, eta normalean, hilean 2-3 izaten dira. Udara gerturatzearekin batera, gehiago ere izango direla pentsatzen dut. Nahiko toki txukuna eta polita da hau, ezkontzeko».

Nola iritsi da albaitari bat bake epaile izatera?
Zientziaren alorretik nator, eta nik uste nuen bake epaile izateko legegizona izan beharra zegoela. Baina deialdia egin zenean ikusi nuen beste gauza batzuk baloratzen zirela: herrikoa izatea, gertutasuna... Hori ikusita, nire aportazio txikia egin nezakeela iruditu zitzaidan. Mundu berria da hau niretzat, eta egokitu egin behar da, baina ilusioarekin hartu dut. Gero, zure burua prestatu egin behar duzu, kodigo penala ezagututa, adibidez.

Zer esan dizute zure ingurukoek? Ez al ditu harritu bake epaile izateak?
Askok ez dakite ezer oraindik, elkarrizketa hau irakurtzean enteratuko dira, ziur asko! Gainontzean, gehienak harritu egin dira; galdetzen didate, ea zer saltsero mota naizen!

Zer moduz moldatu zara lehenengo lau hilabete hauetan?
Lan bakoitzak bere zailtasun eta pozak ematen ditu. Hasi bezain pronto epaiketa bat egokitu zitzaidan, eta horrek nahikoa buruhauste sortu zi­dan. Azken batean, hasiera guz­tiak izaten dute zailtasun gehigarri bat: ezagutza falta, alegia.
Aurretik guztia ondo ez kontrolatzeak kezka eta urduritasuna sortzen ditu, ez duzu erraztasunik ikusten gauzak bideratzeko orduan. Baina pres­tatzen zoazen heinean la­saitu egiten zara. Lehenengo epaiketa horretan, azkenean, lasai eta komodo sentitu nin­tzen.

Donato Larrañagak (aurreko bake epaileak) eman al dizu gomendioren bat?
Donatorekin berarekin ez dut harremanik. Baina bake epaile izateko nire burua aurkeztea erabaki nuenetik, harremana izan dut Arantxa Eguzkitzarekin (8 urte inguru eman ditu Hernaniko bake epaile lanetan). Andoaingo bake epailearekin ere badut harremanik. Lana nola ikusten duten galdetzen diet.

Bestelako laguntzarik izaten duzu?

Noski. Erregistro Zibileko arduraduna Rosa Maria Basterretxea da. Idazkaria berriz, Ana Gutierrez. Eta epaitegiko langilea ere hemen izaten da, Kike Hernandez. Ni oraindik nahiko berde nago, eta beraien laguntzaren mende aritzen naiz lanean!
 
Zer behar da bake epaile izateko?

Hemengo lanak ez du dedikazio haundirik eskatzen, albaitari lanekin jarraitzen dut.
Batez ere, eskatzen du herriko gauzekiko gertutasuna, jendeari entzuten jakitea eta bitartekaritza lana egitea, hau da, zenbait arazo bitartekari lana eginez konpontzea, ez daitezen urrutiago joan.
Albaitari lanetan jarraitzen duzu hortaz. Zeinek ematen dute lan haundiagoa, pertsonek ala animaliek?
Askotan pertsonak zailagoak izaten gara, konplikazio gehiago bilatzen ditugu, animaliek baino!

Zer egiten da Hernaniko bake epaitegian?

Hernaniko bake epaitegiaren ahalmena mugatua da. Erregistro Zibileko kontuak eramaten dira, batez ere: heriotza eta jaiotza erregistroak, ezkontzak, famili-liburuak, izen-abizenak euskalduntzeak... Delitu aldetik, ekonomikoki eragin txikia dutenak izaten dira, bizilagunen arteko liskarrak eta horrelakoak. Bitartekari lana egitea da garrantzitsuena.

Gehienbat, zertarako erabiltzen dute hernaniarrek zerbitzu hau?

Batez ere, Erregistro Zibilera etortzen da jendea. Ez nuen uste horrenbeste gauza egin behar izaten zirenik!
Epaiketak berriz, oso gutxi izaten dira.  Hasi naizenetik epaiketa bakarra izan dut. Normalean, epaiketara iritsi beharrik gabe, bitartekaritza bidez konpon­tzen dira. Lis­kar txikiak izaten dira denak, bi­zilagunen artean, edo etxebizitzaren bueltan sortzen direnak. Baina behin epaiketara iritsiz gero, horrek eska­tzen du epaiketa lantzea lan­du behar den bezala, eta eman behar zaion epaia ematea.

Lehenengo epaia eman duzu dagoeneko, epaiketa batean. Zer sentitzen da?
Saiatzen zara, ahal bada, aurretik guztia bideratzen, epaiketara iritsi behar ez izateko. Baina behin puntu horretara iritsita, ardura sentitzen da. Legearen aldetik, ahalik eta bidezkoen izaten saiatzen naiz.
Hala ere, gerta daiteke inor ez pozik geratzea, liskar guztiak txikiak izaten baitira, eta, beraz, hartu beharreko neurriak ere bai. Baina saiatu egin behar duzu, ahalik eta justuen izaten.

Txotx garaia hasi berri da. Horrelakoetan, liskar gehiago sortu daitezke herrian?
Jende asko biltzen duten lekuetan elkarbizitzen jakin behar da. Jakin behar dugu negozioak errespetatzen, eta kanpotik datozenek jakin behar dute herria errespeta­tzen. Bestalde, guk ere saiatu behar dugu kanpokoak ondo hartzen.
Arazo gehienak egoera ekonomikoak eragindakoak izaten dira. Nahigabeak sor­tzen ditu, eta gaur egun, gehiago.  

Orain arte herritarrek eman dizuten lana kontuan hartuta, diagnosi bat egingo zenuke? Nolakoak gara hernaniarrak?
Beste edozein herritan bezala, Hernanin ere denetarik dago. Baina zer esango dut ba nik? Ni ere hernaniarra izanda eta 47 urte herri honetan bizitzen emanda, gustatu egiten zait Hernani.
Hau herri jatorra dela esango nuke, jende sanoa duena. Eta momentu honetan, jende kezkatua ere badu, bizi dugun egoera ekonomikoa dela eta. Azken batean, nortasun haundiko herri euskalduna da Hernani, nire ustez behintzat.

«Sinadurak biltzen ari gara, tasak ordaindu beharra ezartzen duen legearen kontra»
Justizia Ministerioak 10/2012 Legea (Tasen Legea) ezarri nahi du, eta horren eraginez, orain arte doanekoak izan diren zerbitzuengatik ordaindu egin behar izango da.
Besteak beste: Erregistro Zibileko paperak (jaiotza edo heriotza inskripzioak), ezkon­tzak (notaritzan ordaindu be­harko dira), edota epaiketa ba­teko emaitzarekin ados egon ezean errekurtsoa jar­tzea.
Horregatik, «denontzako kalitatezko eta luzapenik gabeko justizia zerbitzu eraginkor baten aldeko sinadura bilketa» martxan jarri dute, eta Hernaniko bake epaitegian aukera dago sinatzeko, ondorengoak eskatu eta salatzeko:
1. Tasen Legearen aurka gaude, gizartearen zati haundiena (langabetuak, langileak, pentsiodunak...) ordaintzeko ahalmenik gabe uzten dituelako, eta beraz, aukerarik gabe uzten dituelako beren interesak defendatzeko auzietara jotzeko.
2. Salatzen dugu Justizia Administrazioak bankuak babesten dituela.
3. Justizia Ministerioak Justizia Administrazioa erreformatzeko erabiltzen dituen lege-proiektuek ez dituzte errespetatzen zerbitzu publikoari eusteko lanean ari diren langileak.
4. Justizia Ministerioak proposatutako Erregistro Zibila­ren pribatizazioaren kontra gau­de, herritarrak behartuko di­­tuelako ordaintzera, orain arte doanekoak ziren zerbitzuengatik.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!