Erreportajeak

Joxan Goikoetxea hernaniar musikari ospetsuari egindako elkarrizketa

Kronika - Erredakzioa 2005ko mar. 11a, 18:40

Joxan Goikoetxea hernaniar musikari ospetsua da azken bi urteotako preludioaren antolatzailea.

Zenek edo zerk bultzatu zintuen musika mundura ? Zaila izaten da gogoratzen musikak benetan beste gauza guztien gainetik erakarri egiten zintuen edo ez. Badakit beste askok bezala ikastolan musika eta dantza dexente ikasi nuela eta hori oso gustokoa nuela. Bai euskal musika eta folklorea eta baita musika klasikoa edo taldeak eta kantariak ere. Musikarekiko, "esponja" moduko bat nintzen eta harrigarria da oraindik memorian dudan musika pila. Gero, udal musika eskola, kontserbatorioa eta beste guztiak etorri ziren. Bokazioa ere "autoalimentatzen" den zerbait dela uste dut. Noiz hasi zinen musika munduan? 6 urterekin solfeoa eta txistua, 11 urterekin akordeoia, 17 urterekin irakasle lanean hasi nintzen.18 urterekin hanbait talderekin eta nire lan propioak egiten gaur arte. Zerk bultzatu zintuen irakasle izatera eta ze ikasketa egin zenituen orain zauden lekuan egoteko? 17 urterekin batxilerra bukatu nuen eta, era berean, kontserbatorioko goi mailako ikasketak. Hernanin musika eskola berria martxan jartzeko oposaketak konbokatu ziren orduan, eta ez nuen bi aldiz pentsatu. Une horretan lantxo bat edukitzea saritzat hartu nuen, ordurarte urte gogorrak pasa bainituen ikasketekin. Batxilerra egiteaz gain goi mailako titulazioa, ikasketa bukaerako sari bereziarekin. Horretaz gainera bidai asko egiten nituen akordeoi txapelketak eta kontzertuak zirela. 17 urterekin "ultzera" bat izan nuen guzti horiek ezin irentsi eta. Nire lehenengo lan kontratoa nire aitak sinatu zuen Hernaniko Udaletxean nik ez bainituen 18 urte kunpliturik. Orduan parre eta algarak sortu zituen nire kontratazioak. Gaur egun zera pentsatzen dut, agian, zertxobait gehiago jarraitu behar nuela ikasten eta zabaltzen. Bestetik, behin ere ez dira bukatzen bizitza honetan ikasketak eta zentzu horretan beti izan dut jakinmina eta gehiago ikasteko gogoa eta jarrera ona. Irakaskuntza gustatzen al zaizu? Zuk zeuk zerbait ikasi eta esperimentatzen duzun neurrian besteekin konpartitzea gustatzen zaizu eta irakaskuntzak horretarako aukera ematen dizu, ikasleei zure esperientziak irakasteko. Bizitzan denoi gustatzen zaigu baliagarriak izatea zerbaitetan eta irakaskuntzak onura hori ematen digu. Musikaren alorrean askotan zaila izaten da irakastea, oso gutxik edukitzen baitu benetan musikara dedikatzeko asmoa eta horretarako behar den denbora. Gaurko bizimoduak ez du errazten umeek musikara sakonki dedikatzea. Oso azaletik bizi ditugu gaur egun gauzak eta alde horretatik musika irakaskuntza ez da batere satisfaktorioa. Zenbat taldetan hartu duzu parte ? Askotan. Uste dut benetan hori izan dela nire eskola eta oraindik ere lan berri bat suertatzen zaidanean faktore hori kontuan hartzen dut, talde edo kolaborazio horrek zein aportazio eta esperimentazio berri dakarkidan. Zerrendan ez dut inor aurretik edo gainetik bereizten. Espe-rientzia bakoitza guztiz diferentea izan da: Txomin Artola, Amaia Zubiria, Oskorri, Kepa Junkera, Joseba Tapia, Xabier Lete, Imanol, Paco Ibañez, Anje Duhalde, Antton Valverde, Xabier Euzkitze, Andoni Egaña, Mikel Laboa Javier Alvarez, Suso Saiz, Jorge Drexler,Diego Vasallo, L.E.Aute, Alberto Iglesias, Dulce Pontes, Noa, Alasdair Fraser & Skyedance, Bingen Mendizabal, Joan Valent, Pasion Vega... Noiz hasi zinen ALBOKA taldean jotzen ? Ze musika mota jotzen duzue ? 1994an sortu genuen ALBOKA taldea. Orduan Txomin Artola ere gure artean zegoen. Gaur egun ia 10 urte geroago Alan Griffin irlandarrak eta biok zuzentzen dugu taldea. Zuzenean zazpi musikari izaten gara taula gainean eta gonbidatu bereziren bat ere bai noizean behin. Hiru diska ditugu kalean eta beti euskal musika tradizionala nahiz guk sortutako musika jotzen dugu. Hainbat bira egin ditugu, besteak beste, EEBB, Grezia, Eskozia, Italia edo Hungarian joaz. Noiztik antolatzen duzu preludioa? San Joan Iragarpen kontzertuak aurten bere hamargarren edizioa beteko du. Nik aurten bigarrengo aldiz zuzenduko eta koordinatuko dut. Herriko musika eta ohiturak ezagutu eta ezagutaraztea oso gogokoa dut. Azkenean horrela historian nolakoak izan garen ikasten da eta gauza asko zergatik gertatzen diren edo egiten ditugun hobeki ulertzen da. Hernani alde horretatik oso herri aberatsa da, oso aktiboa, hobeto esanda hiperaktiboa, eta bertan izan ditugun musikari, talde, ohitura eta gertakizunak oso kuriosoak eta ilustratiboak dira. Preludioak berak Hernaniko mugak gainditu eta interes orokorrago bat sortu dezake beste herriko jendeengan. Hala eta guztiz ere "Txaubinista" xamar jartzen garela onartu beharrean nago eta "Hernaniarrismoaren" kulto txiki ere bihurtu dela gure preludio hau.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!