Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Estefania Morcillo

Kronika - Erredakzioa 2012ko abu. 4a, 02:00

Hernanin, alkatetzarako PSE­ko hautagai izatetik, Miramon Parke Teknologikoko zuzendari izatera pasa zara. Aldaketa haundia izan al da?
Batera egin izan ditut beti, Hernaniko oposizioko lanak eta ohizko lanpostuko lanak, bai autonomo izan naizenean, eta baita Tolosako Indus­trialdeko Gerente izandakoan ere. Aldea ez da na­baria izan. Hala ere, Parkeko lanak denbora ge­hiago eskatzen dit, baina hernaniarrekiko dudan konpromisoa tinkoa da eta ez ditut ahazten bozeramaile sozialista gisa ditudan bete­beharrak.

Nola sortu zen eta nola egin du aurrera proiektu berriak?
Zinegotzi sozialista eta Hi­rigintza Batzordeko kide izanik, proiektuaren hasiera eta garapena gertutik jarraitu ditut. Orain gainera, Parkeko zuzendari izanda, zuzenean kudeatzen dut, eta ohore haundia da niretzat, hernaniar naizen aldetik, gure he­rria­ren garapen sozio-ekonomikoan la­gun­tzeko aukera izatea. Proiektua sortu zen, Orona eta Do­nostiako Parke Tekno­lo­gi­koaren arteko elkarlanari esker sortu zen. Parke Tek­no­logikoko bazkide haundiena Eusko Jaurlaritza da. Pro­po­samenak, Her­na­niko Udala osatzen genuen alderdi guztien aldeko iritzia jaso zuen. Hernanirentzat onuragarria izango dela iruditu zitzaigun, berrikuntza eta teknologia arloetan indarra emango baitio, eta lanpostu ugari sortuko baititu. Bai hemen eta baita nazioartean ere, berrikuntza teknologiko eta zientifikoen mapan hor azalduko da Hernani.

Zein azalera hartuko du Parkeak Galarretan? Nola banatuko da?
150.000 metro karratu inguru hartuko ditu, eta horietatik 108.000 eraiki daitezke. Azken hauen %60 Do­nos­tiako Parke Teknolo­gi­ko­a­re­nak dira, eta gainerako %40 Ikasleku Fun­dazioak hartuko ditu. Hau, Orona enpresak, Mondragon Unibertsitateak, eta Ikerketa Teknologikoe­ta­ra­ko Ikerlan-IK4 Zentroak osatzen dute. Bada beste par­tzela bat ere, eta seguruenik, hotel bat jarriko da bertan.

Zentro komertzial haundi bat ere jarriko dela esan izan da…
Orona eta Parke Teknolo­gi­koari dagokigun 10.5 Sekto­rean behintzat ez. Parkeko enpresa edo elkarte gisa onar­tuak izateko oinarri zien­­tifiko-teknologikoa izan behar dute bertan jarriko diren enpresek.

Nola finantzatu da guztia, krisi garai honetan?
Proiektua Orona eta Parke Teknologikoaren arteko elkarlan publiko/pribatutik sortu denez, biena da ardura. Bizi dugun egoera ekonomiko zaila erronka bat gehiago bihurtu da, izan ere, gure errekurtsoak mugatuak baitira. Kostua 29.000 milioikoa da, soilik Parke Teknolo­gi­koari dagokionez eta etorkizuneko eraikitze lanak kontuan hartu gabe. Hala ere, Eusko Jaur­la­ritzaren erabateko konpromisoa dugu alde, eta beste la­guntza batzuk ere baditugu.

Zure iritziz, zein izango dira Parkearen zabalkuntzaren onurak eta alde txarrak?
Hernanirentzat eragin oso onuragarria izango duela uste dut, eta seguru aski, aurrerago jabetuko gara hortaz. Parke Teknologikoa erreferentea da, eta Hernani horren partaide bihurtuko da, nazio mailan eta nazioarte mailan. Era berean, azpiegiturak hobetuko dira Galarreta inguruan... Herna­nia­rrak gonbidatu nahi ditut, urtero azaroan egiten den ate ireki jardunaldietara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!