Luis Llopis Hernanin hasi zen atezain entrenatzaile lanetan, eta ordutik, goi mailako talde askotan aritua da: Real Madril, Athletic... Mallorkan da orain, beste denboraldi baterako. Atezainen entrenatzaileaz gain, adituek diote entrenatzaileen entrenatzailea ere badela... Hernanin izan da udan, eta nola dijoakion kontatu dio Kronikari.
Mallorka entrenatuko duzue beste urbetetez. Gustora taldean?
Oso gustora. Harrera oso ona izan genuen iritsi ginenean, eta liga bukaeran sortu zen ilusioa dezentekoa izan zen. Instalazio oso onak dituzte, lan egiteko baldintza onak, eta inportanteena: guk nahi dugun moduan entrenatzen utzi digute. Mallorkak oso harrobi ona du, eta Caparrosi bereziki gustatzen zaio. Lan egiten dugu, hiriko klima oso ona, isla polita... esan bezala, oso gustora gaude.
Ez zinaten momenturik onenean iritsi. Bukatu ordea... Gutxigatik ez zineten UEFA jokatzeko sailkatu
Lehenik eta behin, aurreko entrenatzaileek egindako lana goraipatu behar da. 7garren jardunaldian hartu genuen taldea, eta hasiera batean, taldea ezagutzea zen helburua. Eta pixkanaka, jokalariek ahal zuten guztia ematea. Aurkariak aztertu... talde lan intentsoa egitea zen beste helburuetako bat. Ondo defenditzen hasi ginen, erasoko jokoa hobetu ahal izateko. Eta bukatu, ondo erasotzen eta oso ondo defenditzen.
Datuak ere ez dira nolanahikoak.
Gol gutxien jaso duten taldeen artean esaterako, laugarren geratu ginen; eta hori ez da atezainaren lana bakarrik, talde lan haundia dago atzean.
Barça eta R. Madrilek beste maila batean jokatzen duten liga honetan, zein da Mallorka bezalako taldeen helburua?
Bi talde horiek harrapatzea ezinezkoa da. Horiez gain, beti daude beste hainbat talde, aurrekontuagatik, goian egongo direnak: Sevilla, Valentzia, Atletico de Madrid.... Besteek helburuak jarri, eta horiek betetzen saiatu behar dugu. Mallorkarena aurten, mailari eustea zen, eta 8garren postuan bukatu dugu liga.
Mallorkak dituen arazo ekonomikoak, Konkurtso Legea tarteko, eraginik ba al dute taldean?
EREan zegoen talde batean sartu ginen, Konkurtso Legean zegoen talde batean. Hala ere, ez dugu inoiz inolako arazorik izan; alderantziz: ondo kobratu dugu, garaiz; ez dugu kexarik. Aipagarria da, jokalariak burua ez dutela gai honetan izan... egunean kobratuz gero... zure lana futbola da, besterik ez.
Nola daramakizue Mallorkako akzionista nagusia entrenatzailea izatea? Ona al da? Edo gehiago sartzen da zuen lanean?
Lorenzo Serra Ferrer da klubeko akzionista nagusia, eta berak egin zuen gure aldeko apostua, Joaquin Caparrosen aldekoa. Asko baloratu du egin dugun lana eta ez dugu inongo kexarik. Gainera, hobe da akzionista nagusiak futbolaz jakitea. Gure lanarekin gustura badago, gehiago baloratzen du; kontuan izan behar da gure lana dela gure abala.
Aouate eta Calatayud dira Mallorkako atezainak. Biak izan dira onak Lehenengo mailan. Elkarbizitza, konpetentzia, ondo al daramakite?
Batek bakarrik jokatu dezake, eta biek izan nahi dute titular... eramaten jakin behar! Urtean zehar konpetizio bat baino gehiago jokatzen dira, eta biek lekua izatea da inportantea. Ligan, bat izaten da titular, ez da normala aldatzea; baina besteak puntu-puntuan egon behar du, edozer gertatu liteke eta: lesioak, espultsioak...
Chori Castro Realean da.
Mallorkatik fitxatu dute, eta egia esan, jokalari haundia da, eta pertsona bezala, ezin hobea. Nik erlazio oso espeziala dut berarekin, eta puntu asko emango dizkio Realari.
Urte asko eta gero, Kopako final bat jokatu zuen Athleticek zuek bertan zinetela. Aurten ere bitan iritsi, eta galdu egin zituzten.
Pena izango duzu, ezta...
Jokalariak, zaleak, San Mames... ez dago parekorik, hala sentintzen dut nik. Egin zuten esfortzua eta gero, pena haundia eman zidan... Eta beraiei pentsa, batez ere afizioari... Zaleak dira taldea sentitzen dutenak, taldea beraiena da.
Hitzaldi, kurtsillo eta klaseak ematen jarraitzen duzu...
Bai. Aurten, besteak beste, Valentzian aritu naiz taldeko jokoak duen garrantziari buruz; Tenerifen teknifikazio jardunaldi batzuetan izan ginen Caparros eta biok... Niretzako ohore haundia da nirekin kontatzea. Dakidana transmititzen dut; denon artean hazi eta gure futbola hobetzea izan behar dugu helburu.