Nola oroitzen dituzu Hernanin igarotako urteak?
Herriak oroitzapenak kokatzeko tokiak izaten dira. Niretzat Hernani familia da, Urumea Ikastola da eta baita nire lagunartea ere. Horretaz gainera, egoera politikoa oroitzen dut, eta Ekintza Dantza Taldea eta Txistulari Taldea bezalako ekintza kulturalak ere. Gauza horiek datozkit burura, baita Santa Ageda eta Urte Berriko errondak ere.
Euskal filologia ikasi ostean Ardanza lehendakariaren prentsa arduradun izan zinen, horrek nola eragin zuen zure kazetari ibilbidean?
Zorte izugarria izan dudala uste dut, komunikazioa ikuspegi ezberdinetatik ezagutzeko aukera izan baitut. Lehenengo kazetari moduan lan egin nuen eta gero erakunde batean egonda, hedabideekiko sortzen den harremana bizi izan nuen. Gerora ikasi nuen hedabide baten kudeaketa zer den, EITBko zuzendari izan nintzenean. Aholkularitzaren arloan ezagutu nuen zer izan litekeen bitartekaritza gizartea erakunde eta enpresen artean; eta orain esan liteke jatorrira itzuli naizela.
Egia da zenbait lan izateak markatu egiten zaituela, jendeak zure pentsamendu politikoaz aparte etiketatu egiten zaituelako. Baina tira, azkenean esperientzia horiek guztiek balio izan didate, batez ere komunikazioaren aholkularitzan aritu naizenean.
EITBko zuzendari izatea nolakoa izan zen? Nola oroitzen duzu garai hura?
EITB bezalako komunikabide batean zuzendaritzan egoteak jendaurrera ateratzen zaitu, eta beraz, esposizio haundia duen eginkizuna da. Karguak enpresen gestioaz ikasteko aukera eman zidan.
Orduko eta oraingo oroitzapenak eta ondorioak kontuan izanda, konturatzen naiz zein garrantzitsua den EITB bezalako hedabide bat edukitzea jendeari konpainia euskaraz egin eta eduki jakin batzuk emateko. Haurren lehenengo urteetan esaterako oso garrantzitsua da, hala, marrazki bizidunen bitartez euskara entzun dezaketelako; edo zaharragoak direnean, kirol emanaldiak euskaraz ikus ditzaketelako.
Bestalde, EITBk erakutsi dit zein konplikatua den herrialde honetan euskaraz informazioaren jarraipena egitea, edo zein konplikatua den beste hizkuntza batzuetan sortutako edukiak euskarara ekarri eta horien jarraipena egitea. Hizkuntza era bizian erabilz gero, erraz kontsumitzen dugu euskaraz; hizkuntza bortxatu edo formaltzen badugu ordea, nire ustez, kontsumoa zaildu egiten da.
Azken urteetan eduki osoa euskaraz eskaintzen duten beste kate batzuk sortu diren arren, urteetan EITBk soilik eskaini izan du eduki guztia euskaraz.
Bere eskaintza kontuan izanda, kateak bere lana behar bezala betetzen zuela eta duela uste al duzu?
Guztia jomugaren araberakoa da. Gure helburua bada euskaraz dugun telebista bat telebista oso bat izatea, eduki guztiak euskaraz emango dizkiguna, ez du helburu hori bete eta helburu hori betetzea ezinezkoa dela uste dut gainera. Pragmatikoagoak izango bagina ordea, eta helburu konkretuago batzuk emango bagenizkio hizkuntzari eta komunikazioari, esango nuke EITBk horiek bete edo salbatu dituela. Gauza bera gertatzen da gaztelaniazkoekin ere.
Gaur egun ordea Deiako zuzendaria zara, eta honen eduki guztia gaztelaniaz kaleratzen da
Deian euskarazkoak ez diren beste hedabideetan bezala eztabaida dago; zenbat eduki eskaini behar diren euskaraz eta zeintzuk. Nik ez dut hedabide nahastuetan sinesten, bi hizkuntzatan kaleratzen diren hedabideetan. Uste dut Deiaren moduko egunkari batean albisteak euskaraz eta gaztelaniaz nahastuta ateratzeak ez diola inori mesede egiten. Alderantziz dela uste dut, egon litezkeela genero batzuk egunkari honen barruan toki bat izan dezaketenak euskaraz, iritzi artikuluak adibidez. Baina jakinda zein den gure irakurlegoa eta zein ezaugarri dituen, hasiko bagina informazioa bi hizkuntzatan nahasten, uste dut ez geniekela mesederik egingo, eta azkenean kalte egingo genioke gure egunkariari.
Nola ikusten duzu euskarazko komunikabideen egoera?
Ez dakit. Uste dut zorrotzak izan behar dugula, baina orain arte izan dugunarekin alderatuta asko dugu, horrek ez du esan nahi aski denik, gehiago nahiko genuke. Gure herriak inoiz inongo egoeratan ez du hedabideen arloan gaur egun duguna izan. Eztabaida bat zorroztasuna eta eskubideena litzateke, eta bestea kontsumitzaileena. Ez dakit zerbait gehiago kontsumitu nahi dugun euskaraz euskaldunok.
Deiako zuzendari zara urtearen bigarren hilabetetik, nola ekin diozu lan berri honi?
Ikasten nabil. Egoera ekonomikoaren eragina oso gertutik bizi dut. Egoera ekonomikoa zaila da enpresa guztientzat eta baita komunikazio arloko enpresentzat ere. Ezpata bat dugu gainean eta asko estutzen gaitu.
Gure negozioak gainera egoera ekonomikoaren berri ematen du, eta honen ispilu dela kontutan izanik, garrantzia haundia du. Alde horretatik uste dut euskal gizarteak oso momentu interesgarria bizi duela. Politikoki, sozialki eta baita ekonomikoki ere. Aukera izatea momentu hori hedabide batetik bizitzeko oso interesgarria da.
Egoera berria nola bizi duzue hedabidean?
Momentu honetan begirada guztiak Autonomi Erkidegoko hauteskundeei daude zuzenduta. Horrek asko markatzen du eguneroko funtzionamendua; alderdi politikoen mezuak, eta baita hedabideenak ere.
2008ko abenduaren amaieran ondorengo adierazpenak egin zenituen ‘EITB seguirá con su compromiso ético hacia la libertad y la información’. Zuk kargua utzi ostean ere horrela dela
uste duzu?
Adierazpen hori ETAk EITBn jarritako lehergailuen ondorio izan zen. EITBn geundenok ez genuen gertatutakoa ulertu. Nik ez dut behin ere ulertu indarkeriaren erabilera eta EITBn urte horietan geundenontzat, oso urte zailak izan ziren. Ahalegin handia egiten genuen gainera gai horren inguruan zegoen pluraltasuna erakusteko, irrati eta zein telebistan. Iruditu zitzaigun eraso hori denen ahotsak biltzeko egindako ahaleginaren aurkako erasoa izan zela. Harrezkero EITBn askoz ere aniztasun gutxiago egon dela uste dut, eta ez da inoiz errepikatu horrelako gauzarik.
Nola bizi izan duzue komunikabidean Athletic futbol taldeko jarraitzailea zen Iñigo Cabacasen heriotza?
Ulertezina da. Bere lagunek erabilitako esaldi batek oso ongi adierazten duela uste dut: Ez dago eskubiderik. Ulergaitza da. Uste dut zoritxarrez aurreko urteetako giro beltzaren eraginak pisu handia duela gugan. Eta pisu handia du seguruenik ere Ertzaintzaren jarreran, zenbait talderen jarreran, gauzak epaitzean eta iritzi bat ateratzean, eta uste dut hori ez dela inondik inora ona. Uste dut Ertzaintzak kasu batzuetan beste jarrera bat izan beharko lukeela, zenbait taldetan ematen diren jarrerak betiko desagertu beharko liratekeela, eta gauzak beste era batera hartu beharko genituzkeela. Pertsonari balore gehiago eman beharko genioke, honen eskubideei eta bizitzari; eta beharbada gutxiago interes edo justifikazio politikoei.
Etorkizunera begira zein
asmo duzu?
Euskal Herrian azken hilabeteetan izandako gertakizunak sendotzea espero dut eta benetan elkarbizitzari ateak zabaltzea. Urte askotan bizi izang ara elkarri min eginez eta bizkarra emanda, eta orain elkarrekin bizitzen ikasi behar dugu. Eta noski, gustatuko litzaidake horren testigu eta bozeramaile izango den hedabide batean egotea.
Egungo egoera politikoa oso modu interesgarrian ikusten dut. Uste dut beti amestu dugun egoera bat bizi dugula, eta indarkeriarik gabeko egoera da. Horrek esan nahi du jende asko lasaiago biziko dela, mehatxurik sentitu ez duelako. Horrek beste eszenario batean jarriko gaitu, iruditzen zait indarkeria bukatuta proiektu politiko guztiak defendatzeko ateak zabaltzen direla. Ez dagoelako txantajerik inongo aldetik, eta uste dut horrek beste egoera batean jarriko gaituela, herritarren nahia eta borondatea defendatuko dituena. Etorkizuna herriak nahi duena izango da.