‘Errimak oinetan’. Izenburuak bi hitzetan definitzen du emanaldia. Gehiagotan azaltzerik bai?
Aiert Beobide: Batetik, bertso egitura du, horretan oinarritzen dela esan liteke. Eta bestetik, fisikoki sentitzen den hori adieraztea bilatzen da. Bost laguni eman zaie horretarako aukera, eta dantza aukeratu dute tresna gisa.
Beraz, bertsolariek sentipen eta emozioak transmititzen dituzte. Eta dantzariek, jasotako hori interpretatzen dute. Nolakoa izan da elkartruke hori?
Unai Elizasu: Prozesu luzea eta interesgarria oso. Bertso mundutik nator, eta ideia proposatzea erabaki nuen. Dantza oinari hartuta, jakin nahi nuena da noraino iritsi zitekeen bertsoaren testua eta esentzia. Guk mekanismo propioak ditugu bertsoak ulertzeko. Dantzariek ordea, interpretatzeko modu ezberdina dute. Lan haundia egin dute eta ikusi dugu dantza bertsoa interpretatzeko modu oso erakargarria dela, garbia eta ulergarria.
Prozesuaren hasieran, bertso pieza ezberdinak entregatu genizkien dantzariei. Handik aurrerako lana beraiek egin zuten; pieza horiek interpretatzeko gai ote ziren aztertu zuten. Bide interesgarria zabaldu zen: dantzariak bertsozaleak ziren, eta gustoko bertso piezak dantzatzea posible zen galdetu ziguten. Honi esker, bertsoa oso barrutik eta kanpotik ulertzeko modua izan dugu.
«Dantza emanaldi bat ikusiko du gerturatzen denak, eta bertso saio bat entzun. Gehienak berriz ikusteko gogoz ateratzen dira»
Dantza tradizionalak dituzue gogoko. Baina beste teknika batzuetara ere, zabalik dituzue ateak. Hortik diozue, emanaldi honetan dantza berriak ikusiko ditugula?
Aiert Beobide: Bai, noski. Emanaldiaren azpi izen bezala erabiltzen dugun leloa da Dantza berriak bertsoei jarriak. Hau da, dantza guztiak bereziki sortuak izan dira.
Dantzari guztiok euskal dantzetan oinarritu dugu gure formazioa. Baina beste dantza estilo batzuk ere landu ditugu, eta gauza interesgarri asko aurkitu ditugu. Denarekin bat egin, eta dauzkagun gaitasun guztiak erabiltzen ditugu emanaldi honetan. Dantza oinarri hartu, eta bertsoen esanahi eta sentimendu guztiak transmititu nahi dizkiegu ikusleei.
Zuzendari lanak bion artean egiten dituzue. 2011 urtean hasi zuen ibilbidea Haatik taldeak, eta badira bi urte ikuskizun hau martxan dela. Nondik ideia?
Unai Elizasu: Irratian entzundako elkarrizketa bati bueltaka sortutako ideia da. Dantzari bati entzun nion zaila zela ikusleengan eragitea. Orduan konturatu nintzen, bertsolarien kasua kontrakoa zela. Eta zergatik ez, biekin bat egin?
Taldekideak diren Aiert eta Onintza, ikaskideak izan ziren. Ideia buruan bueltaka nuen, eta biharamunean deitzea erabaki nuen, kafe baten bueltan azaltzeko. Dantza konpainia berri bat sortzeko lanetan ziren buru belarri. Proiektua azaldu nien, eta biek bidea batera hastea erabaki genuen, elkarrekin egitea.
«Hernaniarrei gerturatzeko deia egiten diegu. Ikusle eta dantzarien artean konplizitate berezia sortzen da»
Talde haundia dago emanaldi honen atzean: bertsolariak, musikariak, abeslariak, argia, jantzia… Nolakoa izan da prozesua?
Aiert Beobide: Bai, jende ugarik hartu du parte guzti honetan, pixkanaka joan gara emanaldia osatzen. Oinarria finkatzen hasi ginenean, gauza batek bestera eraman gintuen. Orandik gogoratzen dut Sustrai Kolinarekin elkartu ginen aurreneko aldia. Momentu horretan konturatu ginen, zailtasunik haundiena zela gaia bera aukeratzea. Erabakia hartuta hasi zen proiektua martxan: dantzak sortu, musikak, ahotsak, gidoia, jantziak, argiztapena... Ez genuen aurkezteko presarik. Partaide guztiek sinesten zuten prozesuan, eta oso atsegina izan zen.
Bertsolaria beraz argi zenuten Sustrai Kolina izango zela; emanaldia bera antolatzen ordea, zailtasun gehiago izan zenituzten.
Unai Elizasu: Hala da. Emanaldia osatze aldera, bertso kanta batzuk proposatu genituen. Aukeraketa egin ostean, Sustrai Kolina eta biok elkartu ginen, eta saioa egituratzen hasi ginen. Azken finean, emanaldiak bertso saio baten egitura izan behar zuen. Aukeratutako bertso-kantak egituran kokatu genituen, eta saioa osatzeko falta ziren ariketak ere, sortu zituen Sustraiek. Hala nola, hasierako agurrak, puntutako ariketa...
Lehen aipatu bezala, gaiak zehaztea izan zen beste lanetako bat. Emanaldiko kide guztion artean erabaki genituen. Dantzariak ere kontuan izan behar ziren, beraiek defendatu behar baitute pieza bakoitza taulagainean; gertukoak sentitu behar dituzte, barrutik sentitu behar dituzte.
«Emanaldia sortu genenuen egunetik Hernani begiz joa genuen. Euskal Herrian herri bertsozalerik bada, Hernani da. Bertsozalea dena, asebetea aterako da. Eta dantza zalea dena, baita ere»
Musikak ere izan du pisua prozesu guzti horretan.
Aiert Beobide: Berehala sentitu genuen bertsoek musika izan behar zutela. Eta horretarako, Bixente Martinezekin jarri ginen harremanetan. Proposamen eta froga ezberdinak egin genituen, bertsoz bertso, melodia, erritmo eta xehetasun guztiak zehazten joan ginen. Zorte haundia izan genuen, garai hartan Bixente Igelaren Banda musika taldea sortzen ari baitzen. Aukera hori aprobetxatu, eta abestien melodiak Azkarate estudioetan grabatu zituzten, eta hauek prest zeudenean, ahotsak ere bai.
Abeslariek ere badute tartea emanaldi honetan. Olatz Prat, Eñaut Agirre, Maddalen Arzallus eta Saroi Jauregiren laguntza izan duzue.
Unai Elizasu: Emanaldirako sortu genituen bertso piezak, testuz idatziak ziren, eta kantatu egin behar ziren. Kanta bakoitzak bazuen berezitasunen bat, eta ahots tono eta kolore propioa behar zuten. Ederra izan zen grabazio egunetan, ahots hauek egindako lana eta aportazioa; abeslariek ere, berea sentitzea nahi genuen, eta hala izan zen. Aukeratutako abeslari hauek oso onak dira bertsoak kantatzen; kontuan da, abeslari batek ez duela zertan bertso bat guk nahi dugun bezala kantatu.
Ahotsak anonimoak izateari ere eman genion garrantzia. Ez genituen bertsolari ezagunik nahi. Nork kantatzen duen da gutxinekoa, ez genuen fokoa ahotsaren izen abizenean jarri nahi. Fokoa, ahots horrek transmititzen duen horretan jarri nahi genuen; eta ezin hobeto egin dute lana.
Abestiak ezagunak izateari ere eman diozue garrantzia. Mikel Urdangarin, Katamalo, Aitor eta Jon Sarasua, Gu ta gutarrak, Maddalen Arzallus eta Miren Amurizaren kantak dira, emanaldian zehar entzungo direnak.
Aiert Beobide: Beraiek sortutakoak dira. Guztiak bertso musikatuak badira ere, oso interesgarria iruditu zitzaigun ikusleek identifikatu zitzaketen abestiak egotea emanaldiaren pasarte ezberdinetan. Musikari bakoitza arrazoi ezberdinengatik aukeratu bagenuen ere, guztiak emanaldiaren parte izatea nahi genuen.
Musika, abesti eta doinuak entzun egingo dira. Zuzenean ikusiko duguna, dantza izango da, ezta?
Unai Elizasu: Hori da. Zuzeneko emanaldian dantza izango da protagonista; gainerako guztia entzun egingo dugu megafoniatik. Azken finean, dantza emanaldi bat da eta inprobisaziorako aukera dantzariek bakarrik izango dute. Beraiek dira protagonista.
Beste zenbait herritan izandakoak zarete. Zein izan da publikoaren erantzuna?
Aiert Beobide: Berrogei emanaldi eskaini ditugu dagoeneko. Eta guztiak amaitu ditugu oso sentsazio onarekin. Ikusle asko etortzen zaigu lanagatik zoriondu eta pasa duten momentuagatik eskerrak ematera. Askok adierazi izan digute berriz ikusteko desira. Badira birritan edo gehiagotan ikusi dutenak ere.
Zer da gehien gustatu zaiena, edo harritu dituena.
Unai Elizasu: Gehien harritzen duena da, ezin imaginatzea zer den emanaldiak eskainiko duena. Denok badugu bertsoaren berri. Denok dugu dantzaren berri. Baina inork ezin du imaginatu bertsoak eta dantzak bat eginda, uztartuta, eman dezakeena. Emanaldia bukatzean, ondo ulertzen dute guztia. Eta gehienak, berriz ikusteko gogoz geratzen dira. Horrek liruratu gaitu gu ere. Esan ohi dugun bezela, dantza emanaldi bat ikusiko du jendeak, eta bertso saio bat entzungo du; hortaz, sentituko duena bi hauen uztarketa eder bat da.
Hernanin izango zarete hilaren 18an. Zer espero duzue?
Aiert Beobide: Jendea gerturatzea. Ikusle eta dantzarien artean konplizitate berezia sortzen da. Une berezia biziko dutela uste dugu. Barne sentimenduekin bidai eder bat egitea bilatzen du emanaldiak; hunkitu, haserretu, poztu eta baita barre egin ere.
Nola animatu herritarrak?
Unai Elizasu: Euskal herrian, herri bertsozale eta bertsolaririk bada, Hernani bera da. Emanaldia sortu genuen lehen egunetik, begiz joa genuen Hernani. Bertsozalea dena, asebetea irtengo da. Dantzazalea dena, asebetea irtengo da. Hortaz, imaginatu bien uztarketak zer emango duen... Emanaldi guztiek oinarri bera izan arren, ezberdinak dira. Bertso plazan bezela, entzuleak, lekuak eta une bakoitzean dantzariek duten aldarteak, emanaldia bera berezi bihurtzen du. Eta Hernanin, gauza bereziak maite dituztela badakigu...
San Joan Konpartsa:
«Ondo ateratzen bada, ate bat zabaldu daiteke»
Sarrerak salgai daude lau puntutan, 10 euroan.
Ekitaldi ugari antolatzen ditu San Joan Konpartsak urtean zehar, eta Errimak oinetan bat gehiago izango da. Ez ordea, tipikoa. Saiakera berezia egin du San Joan Konpartsak emanaldi hau antolatzen, eta herritarren erantzuna ona izatea espero dute. Ideia Dantzari Festa antolatzen ari zirela suertatu zen: «Ramon Garcia, euskal jantzien inguruko azalpenak ematera etortzen dena, talde honetan dabil. Berak eman zigun honen berri, eta interesgarria iruditu zitzaigun. San Joan Konpartsan eztabaidatu eta egitea erabaki zen, halako gutxi ikusi liteke eta herrian». Gainera, 2016an Argentinako Necocheara joateko asmoa ere badute, eta dirurik ateraz gero, horretarako erabiliko lukete. Ondo ateratzen bada, ate bat zabaldu daitekeela era azaldu dute: «halako taldeen eskaera gehiago ere, jaso ditugu. Ondo ateraz gero, etorkizunean gehiago antolatu ditzakegu».
Sarrerak, salgai
Errimak oinetan emanaldia ikusi nahi dutenek salgai dituzte sarrerak, 10 euroan, lau puntutan: Jaione Kongelatuak, Monika mertzeria, eta Ondi eta Garin tabernak. Egunean bertan ere, izango dira.