Donostiako Zinemaldia eta gero, denen ahotan dabil Loreak filma. Zu zara idazle eta zuzendarietako bat. Espero al zenuten halako oihartzunik?
Gure aurreko filmak, El método Arrieta, 80 egunean, Lucio... jarri zituzten Zinemaldian, baina ez zuten hainbesteko oihartzunik izan. Egia da, hauek ez zirela Sail Ofizialean egon, Loreak berriz bai. Eta oso bestelakoa da Sail Ofizialean egoteagatik filmak izan dezakeen oihartzuna. Izugarria da. Zentzu batean espero genuen, A mailako kategoria duen Zinemaldia delako Donostiakoa; baina agian ez hainbesterako izango zenik.
«Ez da ohikoa euskeraz egindako film bat Sail Ofizialean egotea, eta horregatik, sortutako espektazioa ulertzeko modukoa ere bada»
Sail Ofizialean, Euskera hutsean eman den aurreneko luzemetraia izan da. Espektazioa, sekulakoa.
Euskaraz osoki filmaturiko aurreneko film luzea da; baina ez da ahaztu behar, 1989 urtean Antton Ezeizaren Ke arteko egunak filma ere eman zutela. Hura gazteleraz filmatu zen, filmeko zati batzuetan azaltzen zen protagonista mexikarra zelako; gero bikoiztu egin zuten. Zinemaldian euskeraz jarri zuten, eta beraz, gurea ez da Sail Ofizialean euskeraz jartzen den aurreneko filma izan.
Dena den, ez da ohikoa euskeraz eginiko lan bat Sail Ofizialean egotea eta horregatik, sortutako espektazioa ulertzeko modukoa ere bada. Ea laster beste euskal pelikularen bat Sail Ofizialean ikusteko aukera dugun. Ziur nago hala izango dela.
Kritikaren hitz eder asko jaso dituzue.
Egia esan oso pozik gaude filmak izan duen harrerarekin. Publikoak ondo hartu du eta kritikak oso onak izan dira. Gurea bezalako film batentzat oso garrantzitsua da. Kritika onek jendea zinera joatea lagundu baitezakete, behin filma zine aretoetan estreinatzen denean. Guk ezin dugu promozio kanpaina haundirik egin, ez dugu horretarako dirurik, eta zentzu horretan kritikoek eta jendarteak filmari buruz ondo hitz egitea oso garrantzitsua da.
«Sail Ofizialean izango zela jakin zenean, banatzaile eta salmenta agenteen interesa azaldu zen;
tratuak ixtera ere iritsi ginen».
Urrezko maskorra irabazteko hautagaietako bat zen. Espero zenuten?
Polita izan zen kinieletan egotea. Baina egia esan ez genuen horretan gehiegi pentsatu nahi izan. Urduritasunak kontrolatzeko, Jose Marik eta nik interneten filmari buruz idazten ari zena ez irakurtzeko paktua egin genuen. Eta egia esan, ondo egon da horrela egitea, burua gehiegi ez berotzeko.
Saririk jaso ez izana dezepzioa izan al da?
Hasieran pena pixka bat ematen du. Hala ere, berehala konturatzen zara sariak oso garrantzitsuak direla, baina garrantzitsuagoa dela jendeak filma ezagutzea eta filmari buruz modu positiboan idatzi eta hitz egitea. Zentzu haundi batean gure helburua lortu dugula uste dugu. Sariren bat jasotzea ginga polita izango zen, baina ez da posible izan.
Zinemaldian aurkeztu izanak hemendik aurrerako bidean ere lagunduko dizue: festibal ezberdinetako kideek ikusi izana, prentsa internazionalak zabaldu dituen notiziak…
Dudarik gabe. Baina Zinemaldian estreinatu aurretik ere lagundu zigun. Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko zuela jakin zenean, banatzaile batzuk eta salmenta agente batzuk filmagatik interesatzen hasi ziren. Hauetako batzuekin tratuak ixtera iritsi ginen Zinemaldia hasi aurretik.
Behin Zinemaldian, komunikabide askoren interesa piztu genuela argi ikusi genuen. Eta hori gutxi balitz, beste Zinemaldi batzuen gonbitea jaso dugu. Oso pozik gaude.
«Kritikoek eta jendarteak ongi hitz egin izanak lagun dezake jendea zinemara animatzen: guk ezin dugu promozio kanpainarik egin»
Pelikularen produkzio lanak bukatzerako jakin zenuten notizi hori, Zinemaldian egongo zela eta Sail Ofizialean jarriko zutela. Nola jaso eta ospatu zenuten berria?
Izugarrizko pozarekin. Guretzako Donostiako Zinemaldia ez da beste Zinemaldi bat. GURE zinemaldia da. 16 urte nituenetik harremana izan dut Zinemaldiarekin. Gazte epaimahaike bezala hasi nintzenetik. Zinezaletasuana piztu zidan eta bertan deskubritu nuen baita ere zine mota berri bat. Hein handi batean, Zinemaldiagatik naiz zinemagile. Beraz, hori dena esanda, erreza da irudikatzea nola hartu genuen berria.
Hasieratik abiatuta, nondik dator Loreak?
Batzuetan, istorio baten hazia topatzen dugu kontatu diguten anekdota batean, izandako bizipen batean edota ezagutzen dugun pertsona batean. Baina, beste batzuetan, irudi xume batetik jaiotzen dira istorioak, eta horixe izan da, hain zuzen, Loreak filmaren kasua. Errepide bazterrean utzitako lore batzuk aski izan ziren film hau burutuko zuen sormen-mekanismo oso bat martxan jartzeko. Pentsatzen genuen (eta horrela pentsatzen jarraitzen dugu) irudi gutxik mugitzen dituztela gure sentimenduak errepidean utzitako lore-sorta batek adina. Haiek ikusi orduko, tristurak hartzen gaitu, errepideetako loreek ezbehar bat iradokitzen baitute; hainbatek bizia galdu dute bat-batean eta gupidarik gabe.
Kasu honetan Jose Marirena izan zen lehenengo ideia. Eta baita gidoiaren lehen bertsioa ere.
Loreak jasotzen dituen emakume batekin hasten da filma. Nagore Aranburuk egiten du paper hori, eta askok protagonistatzat dute. Bueltaka bueltaka, protagonista bat baino gehiago daudela esan liteke. Itziar Ituño, Itziar Aizpuru eta Joxean Bengoetxearen paperek esaterako. Puzzle baten
antzera?
Horrela da. Filma bitan banatua dago. Bigarren zatia konbentzionalagoa dela esan daiteke, baina lehenengoak puzzle itxura du. Pertsonaiek istorio desberdin eta independienteak bizitzen dituzte aurreneko zati honetan. Pixkanaka, filmak aurrera egin ahala, pieza horiek elkartzen joango dira.
Urrezko maskorraren lehian, urduritasuna kontrolatzeko paktu bat egin genuen: Zinemaldiak iraun bitartean interneten idazten zena ez irakurtzea»
Itziar Aizpururekin lehendik lana egindakoa zara, 80 egunean pelikulan. Loreak filma idazten ari zinenean, bera omen zenuen buruan. Zure aktore fetitxea ote?
Gainontzeko aktoreei kastinga egin genien. Baina Itziar Aizpururi ez. Argi genuen bera izan behar zela gure Tere. Idazterakoan, batzutan, aurpegiak jartzen dizkiozu pertsonaiei eta kasu honetan Terek Itziar Aizpururen aurpegia zuen.
Oso gustora egiten dugu lan berarekin. Oso aktore ona da. Eta hori gutxi balitz erlazio ona daukagu berarekin. Gainera aktore lana asko gustatzen zaio, eta hori transmititu egiten da. Ez dakit gure aktore fetitxea ote den, baina gustatuko litzaiguke berarekin berriz lan egitea. Ea hala den.
Donostiako Zinemaldia bukatuta, Zurichen izan nberri zara pelikula aurkezten. Nolako harrera izan du?
Oso ona. Oso pozik gaude hemen izan duen harrerarekin. Jende asko gerturatu zaigu zoriontzera eta horrek ilusio handia egiten du. Lehenengo aldia da Euskal Herritik kanpo filma ikusten zela eta horrek egin du Zurichekoa esperientzia berezia izatea.
Beste hainbat festibaletan ere izango zarete Loreak filmarekin: TIFF Tokioko Festibalean eta Londreseko BFI Festibalean.
Hurrengo astean goaz Londresera eta hilabete honen amaieran da Tokiokoa. Oso Zinemaldi garrantzitsuak dira biak eta guretzat ohore bat da bertan izatea. Polita da gainera hemen egin eta pentsatu den film bat beste herrietan nola ikusi eta ulertuko duten ikustea. Pribilegiatuak sentitzen gara horrelako esperientziak bizitzeagatik.
Urriaren 31n estreinatuko da zinematan. Asko dira zain daudenak. Nolako erantzuna espero duzue?
Hori beti da inkognita bat. Baina ahalik eta jende gehienak ikustea gustatuko litzaiguke. Hori izan behar du gure lehenengo helburua: jendeak filma ikustea. Hemendik gutxira jakingo dugu gure nahiak betetzen diren ala ez. Eta jakina, eskatzen jarrita, filmak jendeartean harrera ona izatea gustatuko litzaiguke.
SINOPSIA
Aneren bizitza aldatu egingo da, etxean, astero-astero, lore-sorta bat jasotzen hastean. Beti ordu berean. Eta beti izenik gabe. Lourdesen eta Tereren bizitza ere lore misteriotsu batzuen eraginpean egongo da. Ezezagun batek, astero, lore-sorta bat uzten du haien bizitzan garrantzitsua izan zen norbaiten omenez. Hiru emakumeren inguruko istorioa da; lore-sorta soil batzuen presentziak alteratutako hiru bizitzaren ingurukoa. Loreek ahaztutzat jotzen zituzten sentimenduak ateraraziko dizkiete… baina azken finean, loreak besterik ez dira.
FITXA
Zuzendariak: Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga.
Gidoilariak: Jose Mari Goenaga, Aitor Arregi, Jon Garaño
Aktoreak: Nagore Aranburu, Itziar Ituño, Itziar Aizpuru, Josean Bengoetxea, Egoitz Lasa
Iraupena: 99min.
WEB orria: www.acontracorrientefilms.com
JON GARAÑO ETA JOSE MARI GOENAGAREN BIOGRAFIA
Jon Garañoren (Donostia, 1974) film laburrek 90 sari baino gehiago jaso dituzte eta telebistarako egin dituen dokumentalak 15 herrialde baino gehiagotan emititu dituzte. Jose Mari Goenaga (Ordizia, 1976) Supertramps animaziozko film luzearen egile eta zuzendarietako bat da (2005ean Goya sarietarako hautagaia izan zen filma), baita Lucio film luze dokumentalarena ere (Donostian estreinatu zuten eta 2007ko Goya sarietarako hautagaia izan zen). Biek batera 80 egunean zuzendu zuten (2010) eta urte hartako Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean proiektatu zen.