Herodoto izeneko historiagileak kontatutakoaren arabera, Filipidesek egun bakarrean egin zituen, korrika, Atenas eta Esparta arteko 246km-ak, K.a. 490 urtean greziarren eta persiarren arteko gerrara joateko. 1982an hori egin zitekeela frogatu zuten Britainia Haundiko indar armatuetako kide batzuek, eta hurrengo urtean, lasterketa sortu zen.
Bertan izango da Eva Esnaola atleta hernaniarra, irailaren 26tik 27ra; Espainiako estatuko lehenengo emakumea izango da parte hartzen.
Lasterketa gogorra, eta gainera denbora baten barruan egin behar da, ezta?
36 ordutan. Eta gainera, kontrolak daude, 80km-ro gutxi-gorabehera; ez bazara bertatik pasatzen jartzen duten ordua baino lehen, kanpora.
Bertan parte hartzeko zein baldintza bete behar dira?
100km-tako karrera egina eduki behar duzu. Eta uste dut 24 ordukoa ere eskatzen dutela. Nik hiruzpalau egin ditut; bi Bartzelonan eta bat, mundiala, Polonian. Hemen ibilbide edo ruta modalitatean aritu nintzen. Pistan ere ibili naiz; Espainiako errekorra daukat, 214km eginda. Edozeinek ezin du joan, ez. Ni Estatuko lehenenego emakumea izango naiz karreran parte hartzen!
Zer egingo zaizu zailena?
Mendiak eta gauak beldurra ematen didate. Ostiralean goizeko 07:00etan hasiko da lasterketa, Atenasen, eta larunbatean bukatu, 19:00etan, Espartan. Hasi eta 140km-ra mendia igo behar da, eta gainera, gauez. Eta mendia eta gaua ez dira nere espezialitatea! Ordu horietan estabilitatea galdu egiten da, ilun dago, bakarrik zoaz... Baina behin 140km eginda erretiratzea ere! Entrenatzaileak esaten dit, erori gabe jasitea lortzen badut, bukatzea lortuko dudala. Sekretua da xuabe hastea. Jende asko erretiratzen da karrera honetan!
«Errekuperazioan beti gertatzen zait lo gelditzea: behin ekipokoek afaria egin zidaten, sorpresa moduan, baina lo gelditu eta kalabazak eman nizkien!»
Jan, komonera joan... nola?
Ez naiz gelditzen! Pixa egiteko bakarrik. Menbrilloak eta jelak eramaten ditut jateko, eta gauerako, linterna, frontala. Eta postuetatik kafea hartuko dut, seguru aski, edo salda. Gauean komeni da zerbat beroa hartzea. Gose greba baten modukoa da hau, modurik gordinean!
Laguntzailerik izango duzu bidean?
Keba! Idoia, nere ahizpa, kotxean joango da ibilbidean zehar, baina ezin du nere ondoan joan! Hala ere, eskerrak! Dena antolatzen du berak: hegazkina, hotela, jatekoa...
Zein duzu helburua?
Helburua? Bukatzearekin, nahikoa! Bakarrik joango naiz, karreteran ere bai, kotxeak ondoan dijoaztela! Autopista bat besterik ez dute moztutzen ibilbidean zehar, eta zu pasatzera zoazenean bakarrik.
Nolakoa da horrelako proba bat egiteko entrenamendua?
Lehengo asteburuan, adibidez, Palentzian izan nintzen maratoi erdi bat eta maratoi bat egiten. Eta aste honetan gimnasioan aritu naiz bi egunetan, eta ondoren, korrika: egun batean, bi ordu eta erdi, hurrengoan hiru, gero lau... Lehengo batean 7 ordu egin nituen korrika. Baina egia esan, ez daukat ideia haundirik; entrenatzaileak, Regulo Martinezek esaten didana egiten dut, eta aste bakoitzean aste horri dagokion entrenamendua zein den esaten dit. Ez dakit gehiago.
Errekuperazioa ere gogorra izango da...
Ba begira; beti gauza bera gertatzen zait, eta oraingoan ere seguru horrela dela. Ostiraletik larunbatera proba egin, eta igandean buelta, etxera. Astelehenean lanera. Beraz, larunbatean pott egingo dut. Normalean, lo gelditzen naiz. Baina lo benetan. Ezin esnatu. Behin ekipokoek afaria egin zidaten sorpresa moduan, baina lo gelditu eta kalabazak eman nizkien! Ez nintzen joan!
Nolatan eman zenuen izena?
Jesus Egimendiak sartu ninduen ultrafondoan, eta lehengo urtean esan zidan: proba hau eginez gero, erretiratu zaitezke! Eta curriculuma bidali nuen.
Erretiratu egingo zarela esan nahi du horrek?
Ez dakit. Baina zahartzen ari naiz. Hezurrak nekatu egiten dira. Ni ez naiz konturatzen, baina entrenatzaileak esaten dit maratoi erdietara jaisteko. Nik, ordea, nahiago ditut maratoiak edo proba luzeak. Motzetan, hasterako bukatu egin behar! Hobeto kontrolatzen ditut luzeak; bakoitzak gure distantzia dugu.
Zer pasatzen da burutik hainbeste ordu korrika arituta?
Hasieran gauza asko: Naroa eta Sara bilobak, familia... Gero ez zara konturatzen. Ez da pentsatzen. Eta nik zortea dut; ez dut erlojua begiratzen eta ez zait luze egiten.