Erreportajeak

«Made in Hernani egindako marka bat da»

Kronika - Erredakzioa 2014ko abu. 24a, 02:00

Badira hiru urte eta erdi Koro Barrenetxeak Pelotadenda kirol denda martxan jarri zuenetik, Atsegindegi plazan. Bertako esperientzia izan du oinarri ‘Airez’ erropa marka berria sortzeko. Kirolerako erropa da, baina ikutu urbanoarekin.

Pelotadenda martxan jarri zuenean, helburu garbi bat zuen Koro Barrenetxeak: pelo­tako materiala eskuratzeko zegoen zailtasunari aurre egin eta euskal kirol honetarako behar den guztia eskaintzea.
Hiru urte eta erdiko espe­rien­tziaren ondoren, beste hu­tsune bati aurre egiteko sortu du, orain, ‘Airez’ marka: «orain arteko marka gehienek haur eta gizonentzako erropa egiten dute gehienbat, eta guk txoko bat egin diogu ema­kumeentzako erropari».

‘Airez’ izena, zergatik?
Pelotarekin zerikusi haundia duen hitza dela iruditzen zait, eta aldi berean, aire berriak be­har direla uste dut. Nola­bait, zerbait hemengoa nahi nuen: euskal pelota. Eta pelota munduan, erropa mailan, au­kera juxtua dago, baina mer­katua badago. Horregatik, ikutu urbanoa, aire berriak.

«Enfoke globala eman diogu: pelota mundutik abiatuta, baina ikutu urbanoarekin, eta haur, gizon eta emakueentzat».

Nolakoa izan da marka berria sortzeko prozesua?
Erabat berria izan da neretzat. Urtebete pasatxo da ideia izan nuenetik. Ikusi nuen dendara etortzen zen jendeak zein joera zuen, eta konturatu nintzen bazela hutsune bat; orain arteko marka gehienek haur eta gizonei zuzendutako kirolerako erropa egiten zuten, eta galdetu izan didate: hau ez daukazu neskentzat?.
Horrela, hemengo kirola hartu nuen abiapuntu; pelota. Eta ikutu urbanoa eta ema­kumeari zuzendutakoa eman nahi izan dizkiot. Gero, disei­nua profesional hernaniar batek egin du. Logoa sortu, ideia garatu, serigrafiara eraman... Hasiera honetan, marka atera dugu, diseinu berezi bat, eta horrekin jokatu dugu. Horregatik esaten dut guztiz made in Hernani egindako marka bat dela!

Harrera ona izan al du?
Oso kontentu nago ni. Enfoke globala eman nahi izan diogu: pelota mundutik abiatuta, baina ikutu urbanoarekin, eta haur gizon eta emakumeei zuzendua. Eta ikusita gazteei bideratuta egiten saiatu ga­rela, eta erantzuna zein izan den... Eskaparatean uztailaren erdialdera jarri genuen, eta jendea etorri egin zait esanez gustatu egin zaiola. Zoriondu egin naute. Gaur egun, as­matzea ez da erraza eta iku­siko dugu, baina ondo dijoa. Kalitatea eta prezioaren arteko oreka ere ona da.

«Pixkanaka erropa gehiago eta akzesorioak aterako ditugu, eta irailean, webgunea jarriko dugu martxan, produktu guztiekin».

Erropaz gain, gauza gehiago ere sortu dituzue, ezta?
Hasieran, batik bat, erropa­re­kin hasi gara. Baina pix­kanaka erropa gehiago eta akzesorioak aterako ditugu: pelotarako materiala, palak, konplementoak, eskumutu­rrekoak, xorroak, mo­txilak... Jendeari aukera eman nahi diogu beste gauza batzuk edukitzeko. Lehenengo, jende­ak zein erreferentzia hartzen dituen ikusten ari gara, eta asmoa da aukera zabaltzea.

Dendan erosteko aukeraz gain, online ere erosi daiteke?
Asmoa zen guztia lehentxeago ateratzea, baina azkenean, atzetik lan ordu asko dago! Diseinua garatzeaz gain, marka patentatzeko ere esan zidaten eta... Eskerrak la­guntza izan dudan!
Webguneari dagokionez, orain, pelotadenda.com-en ba­da­go atal bat Airez markari zu­zendua. Baina orain aur­kez­pen txiki bat besterik ez dago. Irai­lerako martxan jarri nahi du­gu, produktu guztiak ze­rren­da­tu, eta erosteko aukera­rekin!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!