Ricardo Ramosek (Donostia, 1941) jaso zuen ostiralean Kirol Merituaren Domina, Gipuzkoako Futbol Federazioaren eskutik. Juan Luis Larrea federazioko lehendakariak eman zion saria CD Hernaniko lehendakariari, ia 50 urtez futbolaren alde egindako lanarengatik. Ramosek 45 urte daramazki CD Hernaniko zuzendaritza taldean, eta azken hogeiak lehendakari postuan. Federazioko zuzendaritzan ere badago, eta Euskadiko selekzioan delegatu lanak ere egin izan ditu. Kronikak elkarrizketa egin dio Ramosi, futbola hain gertutik ezagutzen duen gizonari.
Zer sentitu zenuen ostiralean, domina eman zizutenean?
Satisfakzioa. Erabat hunkitu nintzen. Hitz ederrak esan zizkidaten eta txalo zaparrada haundia jo. Lagun asko egin ditut futbolean, eta denek hain besarkada sentituak eman zizkidaten... haiek ere poz haundia omen zuten domina hau neri eman zidatelako. Guk gustoz egiten dugu lana, baina momentu horietan konturatzen zara egiten ari zarenak baduela balio bat.
Aspalditik ari da Ricardo CD Hernanin. Nola sartu zinen?
Seferino Ormazabalek dauka kulpa guztia (parrez). Hernanira 26 urterekin etorri eta urte eta erdira hark esan zidan klubean laguntzen hasteko. Eta geroztik, hor ari naiz.
Oroitzapen on asko izango dituzu ezta?
Bat aukeratu beharko banu, bigarren B mailara igo ginenekoa. Hernani erabat mobilizatu zen taldearekin.
Zubipe ere orduan egin zen...
Txantxillak bazuen xarma, baina aldatzeko premia ere bai. Gogoratzen naiz, Zubipe bukatuta, Txantxillako azken partiduan Gironaren kontra jokatu genuela. Calderek jokatzen zuen han, eta bukaeran argazkian jartzeko esan genienean, denek esan ziguten: 'ez al zegoen astebete lehenago zelaiez aldatzerik?'
Orokorrean zein da CD Hernani bezalako taldeen egoera?
Ekonomikoki beti borrokan aritzen gara, baina kirol aldetik eta jende aldetik ondo gaude. Askoz gazte gehiago ari da orain klubetan, lehen 5-6 talde zituzten klubek, gaur egun 13-15 dituzte. Adin txikiko talde gehiago daude, eta emakumeen futbolak gora egin du. Azken hori da neri poz haundienetakoa ematen didana. Gure kasuan, neska talde gero eta gehiago ditugu, eta oso gustora ari dira.
Gazte gehiago ari da orain futbol klubetan. Lehen 5-6 talde baldin baziren klubeko, gaur egun 13-15 talde inguru ari dira
Sekulako lotsa sentitu nuen, Espainiako jokalariek mundialetan jasoko zituzten primak ikustean
Zuk beti esan duzu, jendea zuzendaritzetan falta dela...
Bai, halaxe da. Talde teknikoa badugu guk, baina zuzendaritzan 4 lagun ari gara. Nik aspaldi esan nuen erreleboa eman nahi dudala, ez neregatik, baizik eta taldearen onerako. 73 urte ditut, orain gazteen ordua da.
Hiru galdera motz: Eibar, Mundialak, eta diru primak
Eibar da talde eredua, askok uste baino gehiago kostako zaiena lehenengo mailatik botatzen. Mundialak, nere ustez Brasilek irabaziko ditu. Eta benetan, sekulako lotsa sentitu nuen, Espainiako jokalariek 720.000 euro primetan jasoko zituztela entzutean. Bi mundu dira, eliteko futbola eta futbol basea. Gurea bezalako klubetan gizarte lan bat ere egiten dugu, eta beti komerietan ibiltzen gara aurrekontuetan sartzeko.