Erreportajeak

«Dagoen sistema ez da demokratikoa»

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 19a, 01:00

Gaztetatik hainbat herri mugimendutan hartu izan du parte Patxi Azparrenek, eta bere azken lanean, herri mugimen­dua eta antolamendua aztertu ditu. Batzarrak, jatorrizko anto­la­keta da liburu horren izenbu­rua, eta horri buruz hitz egingo du gaur, 19:30etan Biterin. Gaiaren inguruko hainbat xehetasun argitu dizkio aurretik Kronikari.

Motzean esanda, zer dira batzarrak?
Batzarrak izenaz ezagutzen duguna eskualde ala auzo ba­teko erabakigunea zen. Egun ere, euskeraz horrela uler­tzen dugu. Batzarra, biltzarra, ba­tzarre... Logikoa denez, is­kri­buen bidez jaso duguna Erdi Arokoa da, baina ziur gaude izen horrekin ala antzeko beste batekin Euskal Herrian era­bakiak horrelako guneetan hartu izaten zirela.

Zein garaitakoak dira? Eta Euskal Herriko zein txokotan egiten ziren?
Euskal Herriaren ibilbidea oso luzea da, izan ere, nekez baiezta genezake noiztik min­tza gai­tezkeen Euskal Herriaz, eta noiz ez. Euskal Herriak bere burua behin baino gehiagotan as­matu du eta ildo beretik, batzarren sis­tema behin baino gehiagotan asmatu-moldatu zutela ema­ten du. Gure ustez, oinarria oso arkaikoa da, herri in­di­gena bati dagkion oinarri aurreindoeuroparra, alegia, ba­tza­rretan aurki daitez­ke­en osa­garriak kultura indo­eu­rop­a­rren gudarien-asan­bla­detatik be­reizten baitira.


Euskal Herriaren nazio antolaketan, auzoko eta eskualdeko batzarrek protagonismo haundia izan lezakete

Europan ba al dago antzeko beste egiturarik?
Estatu-hiria eta zer esanik  ez, Estatu-nazioaren eredua na­gusitu aurretik, munduko toki guztietan antolaketa ere­dua adeitasunean oina­rritu da. Estatuen egituraren azpitik eredu horrek iraun zuen. Antolaketa sozioe­ko­nomiko, kutural, sinboliko eta juridi­koa gertuko gunean arautzen zen. Familia zaba­lean eta es­kualdean, sozio­logiak ‘gune intimoa’ eta ‘gune eragin­korra’ moduan definitu dituen eremuetan, hain zuzen ere.
Galiziatik Gironara antze­ko antolaketak iraun zuen eta Eu­ropan, Suitzan antze­ko­tasun haun­diak aurki daitezke. Sui­tzan ere eskualdeko asa­nblada ba­koitzak eskumen judi­zia­lak, legegileak, poli­tikoak, sozioeko­nomikoak eta kul­turalak zitu­en, euskal ba­tzarretan bezala­xe. Eskualde bakoitza errepu­bli­ka bat da eta gure batzarrak ere ho­rre­lakoak ziren, esparru buru­jabe baten erabakigunea.

Herritar aktiboak jendarte aske izateko bermea gara


Zein dira batzar horien ezaugarri nagusiak?
Indoeuropar gerreroen asan­bledetatik bereizten dira eta hori funtsezkoa da, ez bai­tira gizon armatuen bile­rak, fa­milien biltokia baizik. Aitzitik, gatazken konponbi­de­rako to­kia zela esan ge­nezake.
Inguruko toki guztietan ger­tatu zen moduan, Erdi Aro­ko gizonek familien or­dezka­ritza hartu bazuten ere, he­ren­tzien kasuan, adibidez, ‘SU’ bat (etxeko ordez­karitza) ez zen zertan gizona izan. Ezaugarri nagu­sie­netari­koa horizontal­tasu­na dugu, hau da, ‘su’ ba­koi­tzak boto eskubide bera zeukan.

Zein desberdintasun ikusten duzu batzarren bidezko eta gaur egungo gizarte antolakuntzaren artean?
Egungo sistema nagusiki Erromako zuzenbidetik eta Estatu-nazio eredutik dator. Gure sistema juridikotik (Piri­nia­koa zenbaiten esanetan) apu­rrak baino ez ditugu jaso. Apur horiek eskubide zibile­an, udaletan eta Aldundietan aurkitzen dira, baina erabaki nagusiak hartzen diren to­kiak herritarrongandik oso urrun daude, gero eta urru­nago. Egun dagoen sistema ez da sistema demokratikoa, ordezkaritza sistema azken muturreraino eraman dute eta orain gure bizitzan eragin zuzena duten erabaki ga­rran­tzitsu asko “gure izenean”, guri galdetu gabe hartzen dituzte, eta gure kalterako.

Gaur egungo Euskal Herriko gizarte antolamendurako baliagarriak izan daitezke batzar eredu horiek? Sistema hori ezartzeko aukerarik ikusten duzu?
Batzarra beste garai bateko jendarte-sistemaren antola­ke­ta bazen ere, batzarretan ezta­bai­datu eta erabaki egiten zi­renak, egun ere, gure bizitzaren muinean kokatzen diren gaiak dira.
Berriz ere, batzarren eredua eguneratzeko eta berrasma­tzeko tenorean gaude eta orain tresna berriak ditugu erabaki prozesu partehartzaileak bide­ratzeko. XXI.mendeko batza­rrek demokrazia erradika­larekin lotura zuzena dute.
Euskal Herriaren nazio antolaketan, auzoko eta es­kualdeko batzarrek prota­go­nismo handia izan lezakete. Gure baloreekin bat egiten dute, gure izaerarekin. Batzarren bidez egituratutako herria in­dar haundia duen herria da, herritar aktiboak jendarte aske izateko bermea baikara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!