Ia-ia kasualitatez, edo halabeharrez hartu zuten Said etxean, 2008ko udan. Hurrengo bost urteetan, berriz, Fatma etorri zen, eta aurten ere etorriko da, San Juanak inguruan, bi hilabete Iturbe-Mujika familiaren etxean pasatzera. Mirari Mujika eta Joseba Iturbe gurasoek, eta Ane eta Maider alabek osatzen dute familia. Denen artean erabaki zuten Oporrak Bakean programan parte hartzea, eta beren esperientziaren eta konpromisoaren berri eman diote Kronikari.
Aurten zertxoabit urduriago daudela diote. Izan ere, Fatma etxean hartuko duten seigarren urtea izango da, eta, beraz, zikloa bukatu egingo da. 12 urte egingo ditu haurrak, eta ezin izango du Oporrak Bakean programan gehiago parte hartu.
Noiz eta nola erabaki zenuten Oporrak Bakean programan parte hartzea?
Nahiko berezia izan zen. Ane haur sahararren begirale izan zen Hernanin aurreko bi urteetan, eta gertatu zena izan zen urte hartako udaran, 2008an, haur asko harrera familiarik gabe zeudela. Begiraleek Loiuko aireportuan jasotzen ditugu haurrak, eta urte hartan ia 50 haur etorri ziren harrera familiarik gabe. Said lehenago Hernanin izana zen, eta errealitate hari erantzun egin behar zitzaionez, guk hartzea erabaki genuen. Laurok familian hitz egin genuen, eta konpromisoa hartu udako bi hilabetetan ardura hartzeko.
Eta hurrengo urteetan errepikatzea erabaki zenuten?
Bete-betean sartu ginen. Ane eta Maider, biok, sahararren errefuxiatu kanpanduetara joan ginen, Argeliara. Han Fatmaren etxean hartu gintuzten, hala egokitu zelako. Hurrengo udaran, entereatu ginen Euskal Herriko zerrendetan azaldu zela Fatma, eta Hernaniko Udalak martxan duen Oporrak Bakean programaren bidez, haren harrera familia gu izateko eskaera egin genuen. Hori ez da ohikoa; normalena da zuk programan izena ematea, eta egokitzen zaizun haurra hartzea. Baina guk ezagutzen genuen Fatma, eta onartu egin ziguten eskaera.
Ume saharar bat etxean hartzea nolako esperientzia da? Zaila?
Ez da erraza, ez umearentzat, ez eta familiarentzat ere. Egokitzeko prozesua egoten da beti. Beraiek duten bizi-esperientzia oso desberdina da guretzat. Han ez daukate ezer, baina familia dute. Hona etortzen direnean, denetik dute, baina ez familia. Ez dituzte ezagutzen eskailerak, grifoak, karreterak, jaki mota desberdinak... hemen aukera gehiago dago, eta erakutsi egin behar zaie. Prozesu oso bat da. Bizitza oso desberdina da han eta hemen. Gainera, oso ume direla etortzen dira lehenengo aldiz, 6 urterekin. Hassaniera hitz egiten dute (ez euskera edo gaztelera), ezagutzen ez duten pertsonekin bi hilabete pasatzera datoz, fidatu egin behar dute... Emakume sahararra oso garrantzitsua da umeen hazkuntzan, eta bat-batean, ama desagertu egiten zaie.
Bestalde, guretzat ere zaila da. Konfidantza transmititu nahi diegu, eta zaila da. Fatma gurera etorri zenean, oso txikia zen, kanpamendutik ateratzen zen lehenengo aldia zen.
Baina hainbeste urtetan errepikatu baduzue, gustora zaudetelako izango da, ezta?
Urtero izaten da egokitze prozesu bat, eta oso ume azkarrak dira. Bada euskeraz esaera bat esaten duena: beharra, eragile haundi. Maila horretan oso esperientzia aberatsa izan da. Eta bestalde, guri aukera eman zigun ezagutzeko zein egoeratan dagoen bere herria; kanpamenduetan bizi da. Ez genekien Sahara okupatu bat ere bazegoela. Hango gatazka, errepresioa... eta inbolukratu egiten zara, ahal duzun heinean.
Urteroko egokitzapen prozesuari dagokionez, berriz, zaila da, baina oso berezia. Ikusten duzu nola ezagutzen duten beren ikuspuntutik gure herria eta bizimodua. Ikaragarria izan da nere errealitatea zerbait arraroa, arrotza balitz bezela bizitzea, bere ikuspuntuari esker. Gero, berez tontakeriak dira, baina... Zapatekin, adibidez, izugarrizko borroka izaten dugu. Ez daude ohituta eta ez zaie gustatzen, beraz, etxean hanka hutsik ibiltzen da, baina kalera ezin da horrela atera! Bestea, euriarena izan zen... Euria hasi zuen batean etxe atarira atera zen, pijaman, eta berarentzat jolas modukoa zen, festa! Egia da Fatma asko eskaintzen duen umea dela. Badute zerbait maitagarria. Gure Fatma da, baina Fatma asko daude. Energia haundia dute, asko erakusten dute eta disfrutatu arazi egiten dizute.
Kanpamenduetako bizitza gogorra da, baina Oporrak Bakean programaren asmoa ere bada Saharako gatazkaren berri ematea. Umeen bidez ere ikasten da hori?
Umeek oso ondo dakite eta transmititu egiten dute gatazka politiko batean bizi direla. Beraien bidez ezagutzen duzu exilioa zein gogorra den, zer den bitan zatitutako herrialde batean bizitzea. Saharar guztiek dute martir bat familian, gerran hildakoa, edo Sahara okupatuan bizi den norbait eta ondorioz, ezagutzen ez dutena. Frente Polisarioak ere errebindikazio politikoaren kutsua eman nahi izaten dio programari. Gatazkari, horren sustraiari ematen diote garrantzia. Umeekin ekintzak egiten dira hona etortzen direnean. Errebindikaziorako egun berezi bat prestatzen da festa moduan eta Frente Polisarioko ordezkariren bat ere etortzen da.
Hobeto ezagutzen duzue orain errealitate hori?
Pixkanaka interesatzen joaten zara, eta inplikatzen. Oso herri duina da; borroka duina eta justua da beraiena. Lurralde okupatuaren kontua oso ezaguna ez izatea ez da kasualitatea. Gatazka politikoa desbideratzeko ahalegina egiten dute Espainiako eta Marokoko Estatuek, haurrak etxean hartzeko programak bultzatzean arrazoi humanitarioak bakarrik azpimarratzean. Guk, berriz, espero dugu haurrak gehiago ez etortzea. Beren herrian libre ikusi nahi ditugu».
Eta bertatik bertara ezagutu duzue saharar herria? Nola deskribatuko zenukete?
Behin, Lotsaren Harresira egin genuen bidaia, Mendebaldeko Saharako familiekin. Gertutik ikusi genituen pertsonen kontrako minak. Oso bidaia potentea izan zen. Urtero egiten da, Frente Polisarioak marokoarren okupaziotik liberatutako zonaldea baita, baina harresiak erdibitutakoa, eta minaz josia. Mitin politiko bat ere izaten da bertan. Ez gara konturatzen, baina Lotsaren Harresi horrek 27.000km ditu, munduko bigarren haundiena da.
Bestalde, familiako harremanak ezagutzeko aukera ere izan dugu. Oso harrera oneko jendea da sahararra, oso gertukoa. Oso ondo hartzen zaituzte, bai baitakite transmisore edo bozgoragailu funtzioa dugula beraien egoera eta bizi duten gatazka ezagutzera emateko. Ikaragarri ikasten duzu hara joatean. Ordura arte ez duzu imajinatu ere egiten zer izan daitekeen hura. Ez dute ezer, baina jendea oso irekia da, gonbidatzera ohitua... Basamortuan bizita ere, oso ondo antolatuta daude, haur guztiak eskolaratuta daude...
Eta denbora! Han desberdina da! Ondorioz, hiztun oso onak dira. Asko hitz egiten dute eta oso jende jantzia dira, bai politikoki eta baita kulturari dagokionez ere. Kultura haundiko jendea da, eta ez mundu arabiarrari dagokionez bakarrik; mendebaldeari buruz ere asko dakite.
Gainontzean, humanitarioki ez dute ezer, hemendik bidaltzen denarekin bizi dira, eta hori oso gogorra da. Baina harrera beroa, maitasuna, guztia partekatzeko ahalmena... dituzte. Bizitza komunitarioa daramate. Beraien artean ikasten da elkartasuna zer den. Hemendik gauza askorekin joaten dira haurrak hara, eta Fatmak berehala dena banatu zuen, lagun, senide eta bizilagunen artean. Hori nabarmentzekoa da. Guztiz estrukturatutako familietako haurrak dira. Beti parrez, jolasean aritzen dira. Hona etortzen direnean oso pozik etortzen dira, baina etxera itzultzean ere, oso pozik joaten dira, familiarengana.
Zer ikasi duzue zuek?
Gure zilborrari begira gaudela konturatu gara. Honetan sartzeko ardura hartu behar da, eta familian hitz egin beharrekoa. Baina gehiago da jasotzen duzuna ematen duzuna baino. Guk asko ikasi dugu haien kulturaz, eta baita gure familiako harremanen inguruan ere. Gure artean gehiago hitz egiten, negoziatzen, pazientzia haundiagoa izaten... Said ez genuen hainbeste ezagutu, baina Fatma-rekin prozesu osoa bizi dugu, eta gure bizitzaren baloreetan eragina izan du.
Egia da sakrifizio txiki bat ere egiten duzula, udako oporrik gabe gelditzen zarelako, baina etorri izan ez balitz oso desberdina izango litzateke guztia.
Hizkuntzarekin nola moldatu zarete? Han gaztelera ikasten dute, baina hemen euskeraz hitz egiten da...
Guk familian eztabaidatu genuen, eta erabaki genuen haurrarekin gazteleraz egitea, han ikasi egiten dutelako. Baina Hernanin badira familiak euskeraz egiten dietenak, eta umeek biak ikasten dituzte, arazorik gabe. Fatmak ere, azkenerako ikasi egin du, Pirritx eta Porrotx famatuei esker! Gure artean euskeraz egiten badugu berehala esaten digu: ¡que os entiendo todo e!
Zenbat haur etortzen dira gaur egun Hernanira? Gutxitzen ari da kopurua, ezta?
Aurten, oraingoz, hiru etorriko dira. Fatmak eta beste neska batek azken urtea dute, gainera, 12 urte betetzen baitituzte, eta programa 6 eta 12 urte bitartekoentzat da. Ane eta Ekaitz begirale zirenean 13 haur izaten ziren, eta urte batzuk lehenago, gehiago. Zikloak dira. Inguruan beti dago norbait xarma ikusten diona, eta seguru asko animatuko direla probatzera. Urte asko da programa martxan dagoela, eta Udalaren eta harrera familien arteko babesa oso haundia da. Badira ume hernaniarrak etxean haur sahararra ezagutu dutenak, eta haunditzean beren kabuz beste bat hartzeko gogoa izan dezakete. Horixe, zikloak dira.
Nola animatuko zenukete zuek jendea haur saharar bat etxean hartzeko?
Esan beharra dago Udalaren babesa oso haundia dela. Ekipo oso sendoa osatzen dugu Udalak, harrera familiek eta haurrek. Udalak haurren bidaia ordaintzen du, eta begiraleak jartzen ditu goizero, astelehenetik ostiralera. Eta familien artean oso erlazio estua dugu, elkarrekin ikasten dugu, eta dena konpartitzen dugu.
Bestalde... engantxatu egiten du! Asko! Lotu egiten zaitu. Beren errealitate, bizipen eta gatazkara hurbiltzen zaituzte; magoak dira horretan!
Eta herriarentzako ere oso esperientzia positiboa da. Udalekuetan ibiltzen diren haurrak zain egoten dira, ume sahararrak noiz etorriko.
Mirari Mujika: «Ai ama! Horrelako tristura bat sartu zait!».
Ane Iturbe: Bai zera, ama! Neri Fatma berehala hemen izateko gogoa etorri zait!».