Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Unai Otaño

Kronika - Erredakzioa 2012ko uzt. 6a, 02:00

Lagun artean batak besteari jotzen dion apustua gustukoa du Otañok, eta horrexegatik onartu zuen Martindegi auzotik bota zioten erronka. Igande honetan, eguerdiko 12:00etan, Usurbilgo Juan Esnal Arria I eta Mar­tindegira ezkondutako Jon Larrañaga Larra oiartzuarraren aurka neurtu beharko ditu indarrak. 
Hala ere, profesionalen arteko txapelketa bat du buruan. Izan ere, hil honen 26an, Gipuzkoako 2garren mailako aizkolarien arteko finala jokatuko du Otañok. 17 aizkolariren artetik, 6 pasa dira final honetara. Urte osoan zehar txapelketa hau izan du buruan, eta Martindegiko apustuak bere egoeraz jabetzeko balioko diola onartu du Izaskungo aizkolariak.

Laster jokatuko duzu Gipuzkoako 2garren mailako aizkolarien arteko finala. Nola ikusten duzu zure burua?
Ikusiko dugu. Gauza guztiak ondo egin behar dira. Lehengo urtean akats bat egin nuen, eta horrexegatik, beste urte betez 2garren mailan geratu naiz. Aurtengoan akats hori hobetu dudala uste dut. Hala ere, 6 aizkolari gaude finalean, eta 2 edo 3 oso ondo dabiltza. Lehia estua izango da, borrokatu egin beharko dugu.

Martindegiko festetan berriz, afizionatuen arteko apustua jokatuko duzu. Zer izaten da gogorragoa?
Apustua lasaiago hartzen den zerbait da. Nik behintzat exibizio moduan ikusten dut. Txapelketarako beti nerbioak haundiagoak izaten dira. Urte osoa pasatzen dugu horri begira, entrenatzen, gure esfortzu guztia horretara zuzentzen... eta asko dago jokoan. Apustua hala ere, ondo etorriko zait, nire burua nola dagoen ikusi eta entrenamendu gisa.

Zu ere, afizionatu gisa hasi zinen aizkolarien munduan, ezta?
Nahiko gazte nintzela hasi nintzen. 18 urte inguru nituenean edo, eta 3 urte egin nituen entrenatzen. Baina gero, lana dela eta ez dela, utzi egin behar izan nuen. Horrexegatik hain zuzen, 7 urtetan zehar ezin izan nuen aizkora ikutu ere egin. Baina 28-29 urte nituela berriro ekin nion pixkanaka, eta azkenean, nagoen tokiraino iritsi naiz.

Aizkolari lana, afizioa da beraz, ofizio baino gehiago. Nola uztar­tzen dituzu lana eta aizkora?
Egia esan, ez da erraza izaten Ez dut behin ere nahi adina denbora ateratzen entrena­tzeko. Obran aritzen naiz lanean, eta nire kabuz. Beraz, denbora dezente ematen dut batekin eta bestearekin hitz egin eta lana bilatzen. Gauzak egun dauden moduan gainera, ezin da lana alde batera utzi! Ondo entrenatu ahal izateko nahikoa denbora ez dut izaten.

Zein entrenamendu mota egiten duzu?
Nire kabuz aritzen naiz, etxean bertan, baserriaren ondoan eraikitako txabola moduko batean. Frantziatik ekar­tzen didate egurra, eta hortxe egiten ditut saio batzuk. Normalean, astean pare bat saio egiten ditut aizkorarekin; ahal bada, astean zehar bat, eta asteburuan beste bat. Baina askotan, lana dela eta ez dela, ez dut denbora nahikoa izaten, batez ere, astean zehar. Beste batzuetean berriz, nekatuegi egoten naiz entrenatzeko... Baina ahal izanez gero, astero bi saio egiten ditut aizkorarekin, eta beste egun batzuetan, mendi-bueltak egiten ditut.

Txapelketak, ala herri eta auzoetan egiten diren apustuak dituzu nahiago?
Guztiz desberdina izaten da giroa. Txapelketa batean guztia ematen duzu. Urtean zehar 2-3 txapelketa izaten ditut, eta horiei begira pasa­tzen dut denboraldia. Entrenatzen aritu eta ondoren, txapelketan, akatsen bat egiteak amorru haundia ematen du.
Auzoetan berriz, bestelakoa izaten da giroa, ez dauka zerikusirik txapelketekin. Oso giro polita izaten da lagun-artean sortzen dena. Bizitasuna egoten da eta apusturo aukera berriak sor­tzen dira. Nire ustez, lagun-arteko apustu gehiago egin behar lirateke. 

Martindegin biren aurka aritu beharko duzu. Apustua nola jokatuko den badakizu? Estrategiarik pentsatu duzu?
Egia esan, ez dakit nola jokatuko dugun. Niri deitu zidatenean, esan zidaten gauza bakarra izan zen Arria I eta Larraren aurka jokatu beharko nuela, uztailaren 8an. Nik onartu egin nuen, eta ez dakit besterik. Ez dakit egurra erditik moztu beharko den edo korte librea izango den, 10 korte jarriko ote dituzten edo gehiago...
Zer egin beharko dugun jakin gabe, ez da erraza estrategia batean pentsatzea. Hala ere, badakit lehia estua izango dela. Beraiek bi izango dira, eta beraz, arnasa hartzeko denbora izango dute behintzat. Gainera, ezagu­tzen ditut, eta ondo ibiltzen dira biak. Larra Gipuzkoako Txapelketan ikusi nuen orain bi urte, eta Arria I ere ikusi dut behin edo behin. Lana emango didate, seguru.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!